- Bioetika Legeak ez du baimenduko bikotez kanpoko alokairuko amarik
- Berria. 2010-02-17 Aitor Renteria
- 2004ko Bioetika Legeak bost urteko epea jarri zuen legea berriz aztertzeko, eta ekaina baino lehen aurkeztu nahi dute xedea
- Bioetika Batzordeak 108 adituren iritziak bildu ditu funtsezko aldaketak eragin gabe
Bioetika alorreko lege egitasmoa aztertzen ari da Frantziako Gobernua, eta ekaina baino lehen Parlamentuari aurkeztea espero du. Aldaketa sakonagoen aldekoen zein aurkakoen begirada zorrotzaren pean burutzen ari da eztabaida. Bikotez kanpoko pertsona batek ernaltzea edo alokairuko amen erabilera legeztatzea eskatzen zuten anitzek, baina ezustekorik ezean, Gobernuak onartuko du. Neurri horrek Eliza katolikoaren gaitzespen zorrotza du. Gainerako eztabaida nagusietan ere, 2004ko Legea aintzat hartu eta sakoneko aldaketa gutxi eragitea erabaki du Frantziako Parlamentuak Bioetika Legea aztertzerakoan.
Parisek 2004ko abuztuaren 6an onartu zuen Bioetika Legea, baina bost urteren buruan, legea osorik aztertzea inposatzen zuen klausula batek. Giza enbrioiekinprobak egitea galarazten zuen Legeak, baina klausula horren ondorioz, 2011. urteko otsailaren 6an bukatzen da debekua. Epea amaitu baino lehen, Frantziako Gobernuak lege egitasmoa berriz bozkarazi nahi du, bertzeak bertze Legeak agintzen duen bost urteroko azterketa indargabetzeko.
Gobernuak nabarmentzen du zientziak aitzinamendu garrantzitsuak egin dituela 2004az geroztik. Zelulen berprogramatze sailean adibidez, ikerketak zenbait bide zabaldu dituela ohartarazten du, zelula ama pluripotente induzituen kasuan, adibidez. Enbrioien zelula ametan egin diren ikerketen balorazioa egiten ari dira ikerlariak.
Aldiz, Frantziako Gobernuaren arabera, klonazio terapeutikoak ez du piztu espero zitekeen interesa eta aldi berean jendeek gero, eta gehiago eskatzen dute test genetikoak egitea.
1.Gizarte eskariak
2004ko Legeak ez zituen hainbat eskari onartu, hala nola bikotez kanpoko pertsona batek ernaldu ahal izateko aukera, hazi emaileen anonimotasuna bertan behera uztea, ernalketarako laguntzak lortzeko baldintzak bertze talde batzuei irekitzea (bikote homosexualak, pertsona ezkongabea, ernalketarako gehieneko adina goratzea). Gizarte talde zabalek eskatu zuten hil ondorengo enbrioien intseminazioa baimentzea.
2.Lege proposamena
Giza enbrioien ikerketari dagokionez, bost urteko luzamena bertan behera eskatuko du Frantziako Gobernuak. Ikerketa burutzeko irizpideak aldatzea eskatzen du.
Auzitegian bikote hitzarmena egin duten bikoteei (Elkartasunhitzarmen zibila, PACS deritzon hitzarmena) ez diete eskatuko engoitik bi urtez bizi izatea, elkarrekin ernaltzeko laguntzak eskuratu ahal izateko. Proposamen horrek ez die eskubiderik aitortzen sexu bereko bikoteei. Salbuespen gisa, hil ondorengo enbrioien erabilpena baimenduko dute, bikoteak ernaltze prozesua abiatu baldin badu haietariko baten heriotza gertatu aitzin.
Ernalketarako laguntza zentroak garatuko dira, eta haiei buruzko informazio kanpainak egingo. Obizitoak emanen dituzten emazteek azterketak egiteko lan baimenak ukanen dituzte. Ernaltzea egin baino lehen, trisomia proba egitea baimenduko da, eritasun horren aurrekaririk dagoela uste badute sendagileek.
Internet bidez proposatuko diren testak aztertuko dira, eta, test genetiko batek egoera larriren bat islatuko balu, emaitza hori eskuratzen duen pertsonak eskubidea ukanen du genetikariarekin harremanetan sartu eta familiari horren berri emateko. Biobankuei dagokienez, lagina utzi duten pertsonei horren erabilpenari buruzko informazio handiagoa emanen zaie.
Erietxeetan garun heriotz egoeran dauden eta organo emaile izan daitezkeen pertsonen errolda osatzea sustatuko da, eta, eskualdeka, osasun zerbitzuei lortu beharreko kopurua jakinaraziko zaie. Emaile gurutzatuen kasua onartuko da, anonimotasun osoa atxikiz, bi bikoteetako partaide bakoitzaren onarpena badago aldez aurretik.
3.Legearen azterketa
Duela sei urte finkatu irizpideak zorrotzegiak direla uste du Frantziako Gobernuak eta, ondorioz, orduan finkaturiko klausula kentzea hobesten du. Onartuko balitz, ez litzateke beharrezkoa izanen bost urtero aztertzea zertan den lege egitasmoa. Horren ordez, alerta prozedurak ezarriko dituzte indarrean. Biomedikuntza Agentziak zientzia arloko aitzinamenduak aztertuko ditu, eta, haren iritziz, etika mailan arazoak sor ditzakeela uste badu,arlo horiek arautzeko eskatuko dio Gobernuari. Test genetikoen kasuan, arreta berezia izatea gomendatzen diote Biomedikuntza Agentziari. Gisa berean, ordea, arreta berezia eskatzen diote zelula amen eta zientzia berrien arloan.
4.Debekuak atxiki
Lege berriak orain arteko debekuak berretsiko ditu nagusiki. Erabat debekatzen du bikotez kanpoko pertsona batek burutzea haurdunaldia. Gobernuak eratu duen eztabaida batzordea osatzen duten gehienen arabera, emazteentzat alienatzailea da eta apalgarria.
Gameto emaileen anonimotasuna atxikitzea eskatzen du Frantziako Gobernuak. Debekua kenduko balitz, gameto emaileen kopurua murrizteko arriskua dagoela uste du.
Hil ondorengo intseminazioa debekatzea proposatzen da lege egitasmoan. Gisa horretan, alargunari egin dakizkiokeen presioak ekidin, eta haurraren interesak hobeto babesten direla dio Gobernuak.
Ondoko arloetan ere atxikitzen da debekua: giza enbrioien klonazioa eta hibrido zitoplasmatikoen klonazioa, ikerketarako enbrioiak sortzea, ikerketagai diren enbrioiak utero batetik bertze batera aldatzea. Obozitoen eskasiak, haurrak ukan ditzakeen arriskuak eta klonazio arloan egon daitezkeen gehiegikeriak ekiditea azpimarratu dituzte debekuaren berrestea hobesteko, besteak beste.
Gizartean gero eta gehiago dira gameto emaileen anonimotasuna kentzea eskatzen dutenak, eta ernaltze zentroen eskaintza ezkondu gabeko emazteei irekitzearen aldekoak. Eztabaidan presio handiak egon dira, eta Frantziako gobernuak nahiago izan du aldaketa sakonik ez proposatzea, gizartearen beharren eta iritzi publikoaren gibeletik joatea leporatu badiote ere..
Bioetika batzordearen eztabaidak 2009ko urritik abendura egin ziren, 108 adituren iritziak bilduta, horien artean sendagileak, elizaren ordezkariak, ikerlariak, epaileak edo familien ordezkariak.
- Ohiko familian oinarritzen den xedea gaitzetsi dute
- Xedeak sexu bereko bikoteen eskubideak alde batera uzten dituela salatu dute gay eta lesbianen elkarteek
«Ernalketarako laguntzen eskubidea medikuntzaren ikuspegitik aztertu behar da, ez gizarte eskarien ikuspegitik. Medikuntzak gaitz bati ihardetsi behar dio, ez desio bati», adierazi du Jean Leonetti UMP diputatu eta lege egitasmoaren aurkezleak. Ezkondu gabeko pertsona bakarrak eta sexu bereko bikoteak, bertzeak bertze, ebazpen horretatik at gelditzen dira.
Serge Blisko diputatuak gogoratu du gizon-emazteak osaturiko bikotea ez dela familia eredu bakarra eta Legeak kontuan hartu behar dituela horien eskubideak. Auzitegian PACS hitzarmena onartu duten bikoteak ezkonduen pare utziko baditu ere, lege xedeak bertze hainbat herritarren eskubideak zangopilatzen dituela nabarmendu du.
Sendagileen zuhurtzia
«Alokairuko amen eztabaidak medikuntzaren eremua gainditzen du, oroz gain gizarte eztabaida da, eta legegileak ihardetsi behar dio horri», ebatzi du Frantziako Medikuntza Akademiak. Ginekologoen elkarteak ere bat egin du sendagileen iritziarekin. Ez dute gaitzetsi alokairuko amen erabilpena, baina lanbidearen irizpideen arabera, balizko legeak bete beharko lituzkeen bermeak zerrendatu ditu.
Elizak, berriz, ekimen ugari bultzatu ditu eztabaidak iraun duen bitartean, eta engoitik ere, «biziaren bermea eta gizakien duintasuna» bermatuko duen lege egitasmoa atxikitzeko presio taldea osatuko duela jakinarazi du Marc Aillet Baionako Apezpikuak. Eztabaidaren harira, Pierre D’Ornellas Roazhoneko (Bretainia) apezpikuak zuzenduriko apezpiku taldeak Bioetika, solaserako gogoetak eta Bioetika, bereizmenerako galderak izeneko liburuak plazaratu dituzte. Kristauei eta gizarteari oro har, gai korapilatsu hori etikaren ikuspegitik aztertzeko tresnak eman nahi dizkietela adierazi du Ailletek.
Zientzialarien artean ere aldeko zein kontrako jarrera sutsuak agertu dira. Batzuek eritasunen aurkako kontrako borrokan eraginkorragoak izateko neurriak eskatu dituzte eta bereziki ikerketari trabarik ez ezartzea eskatu dute.
No hay comentarios:
Publicar un comentario