2010/01/24

100124. Mikel Otxotorenari elkarrizketa Berrian

  • «Gizonezkoak arazoaren parte eta konponbide gara»
  • Berria, 2010-01-24 # Mikel Perurena
Emakume eta gizonen arteko berdintasunean gizonen ekarpena handitzea da etorkizuneko erronketako bat, Mikel Otxotorenaren iritziz.

Gizonen deseraikitzea da On:Giz elkartearen xedeetako bat, «sistema patriarkalak bultzatutako gizon izateko moduari aurka egitea; hau da, ikasitako balio eta rol horiek deseraiki eta balio eta rol berdinzaleak bultzatzea», Mikel Otxotorenak azaldu duenez (1974, Hernani, Gipuzkoa). Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde gizonek zer eman zezaketen aztertzeko sortu zen maskulinismoa, eta hura zabaltzeko lanean dihardu On:Giz elkarteak. «Feminismoan bezala, maskulinismoan ere joera eta teoria ezberdinak daude, ez dago maskulinismo bakarra», Otxotorenak dioenez. Ikastaroa eman zuen atzo Eskoriatzan (Gipuzkoa). Elkarhezitzen Garapenerako Hezkuntzarako Lan Taldeak antolatu zuen saioa.

Emakume eta gizonak: izatez gara ezberdinak, edo ezberdin egiten gaituzte? Hori izan da tailerraren izenburua; eta zein da erantzuna?

Gehienbat, egin egiten gaituzte, hezkuntzaren, kulturaren, gizarteratzearen bitartez. Erakusten digute nola izan behar dugun gizon, eta nola izan behar dugun emakume, askotan oharkabean.

Zein ezaugarri barneratzen dira bada, prozesu horretan?

Norbaiti eskatuko bazenio deskribatzeko zer den gizon bat, ateratzen diren ezaugarriak izaten dira gizonak indartsuak izan behar dugula, ez ditugula sentimenduak adierazi behar, ez bada une jakinetan... Emakumeen aldetik, sentiberak direla, ahulak, ez dutela arrazionalizatzeko gizonek bezainbesteko gaitasunik eta abar.

Berdintasunaren aldeko kontzientzia eta ideologia sortu badira ere, balioen transmisioan huts egiten jarraitzen da, hortaz?

Denetik dago. Nahiko azkar ikas liteke teoria, baina egunerokotasunera pasatzean izaten ditugu arazoak eta kontraesanak. Baina kontraesan horiek aldaketa prozesuetan ematen dira, eta beharrezkoak dira, zorionez edo zoritxarrez, aurrera egiteko.

Zer egin liteke etengabe birsortzen den kate horretatik ateratzeko?

Hori da eguneroko lan bat. Balio tradizional patriarkalak behin eta berriz ez errepikatzeko, gure ustetan, abiapuntua da konturatzea eta jakitea hori nondik datorren. Eta, gero, ahalik eta kontsekuenteena izatea, horrek dakartzan buruhauste eta kontraesanekin. Hanka-sartzeei, kontraesanei beldurra diegu; aldaketak sortzen dituzten beldurrak izaten dira. Beldur horiekin ahalik eta gehien apurtzea da kontua. Nik uste bide onean goazela, gero eta berdinzaleago garela, baina lan asko eta asko dago egiteko. Hitz egiten ari gara estrukturazko aldaketez. Horiek deseraikitzea oso zaila da, eta denbora behar da. Gizarteak ezin ditu barneratu aldaketa historiko sozialak bi hamarkada edo hiru belaunalditan.

Emakumeen aldean, gizonak pribilegiatuak direla esan ohi da. Ados?

Bai eta ez. Benetakoak dira pribilegio horiek? Gizon izatea zer da, gaurko gizartean? Etengabe justifikatzen ibili beharra gizon izateko modu hori. Adibidez, zirkulazio istripuetan hildakoak ikusten baditugu, gizonezkoen kopurua askoz ere handiagoa da. Hori oso lotua dago gizon izateko moduarekin: gizonak ausartak izan behar dugu, abiadura handian ibiltzeko beldurrik gabe... Pribilegio batzuk gure kontra jartzen dira.

Identitateei buruzko eztabaida indartzen ari dela ematen du.

Bai, hor daude queer teoriak-eta, diotenak hautsi egin behar dugula gizon-emakume dikotomia, heterosexual-homosexual dikotomia... Ez dela zuria edo beltza, gris asko daudela tartean. Bakoitzak bere identitatea sor dezake, batzuek sexuan oinarrituta, beste batzuek herrian, beste batzuek kulturan, erlijioan... Identitate aniztasun hori sekulakoa da.

Eta horrek iraultza ekarri du?

Bai, noski. Lagun batekin hizketan, esaten zidan gizarte mailan, gizakiarentzat izango litzatekeela iraultzarik handiena. Sistema baztertzaile eta banatzaile handiena emakumeen eta gizonen arteko bereizketa bultzatzen duen sistema patriarkala da. Berdintasunaz hitz egiten dugunean, ez gara bakarrik berdintasunaz ari, hitz egiten ari gara arrazakeriaz, klasismoaz, herrialde txirotu eta aberastuez, sistema kapitalistaz... Gai asko daude lotuta, batak bestearen beharra daukatelako, mantendu ahal izateko.

Genero sistema hankaz gora jarri behar duzuela diozue, baina nola egiten da hori? Zeintzuk dira erronkak?

Ez da erraza. Erronka nagusienetakoa da, nik uste, masa kritiko aktibo bat sortzea, aldaketa bultzatzeko. Mugimendu feministak lortu zuena garai batean, ezta?

Gizonen parte-hartzea sustatzeak zer leku du horretan?

Xabi lankideak [Xabier Odriozola] aipatzen du metafora moduko hau: gizonak txalupa batean goaz, oihalak zabaldu, eta haizea alde daukagula. Hor goaz, lasai-lasai, ezer egin gabe. Orain egin behar duguna da txalupari buelta eman, oihalak jaso eta, haizea kontra daukagula, arraunean egin, emakumeek azkeneko hamarkadetan daramaten norabidean. Erronka handia da gizonezkoon parte-hartzea gai honetan. Gizonezkoak arazoaren parte eta konponbide gara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario