2015/06/27

GARA:GAY HARROTASUNA BAINO GEHIAGO

Ekainaren 28a Gay Harrotasun eguna izendatu izan da, eta ospatzen den egunetik honat bilakaera nabarmena eman du han eta hemen. Hainbat tokitan merkantilizazioara jo izan da, eta erreibindikazioak, berriz, bigarren mailako garrantzia hartu du. Kaleko agerpena desfile hutsa bihurtu izana kezkagarria dela iruditzen zaigu.
2015/06/25
Baina egunaren zentzua ulertuko badugu, 1969 urtera egin behar dugu atzera. New Yorken urte horretako ekainaren 28an poliziaren gehiegikeriaren kontrako matxinada burutu zen. Bat-bateko manifestazioak gertatu ziren, manifestazio bortitzak kasu askotan, eta hori guztia duintasunaren izenean. Egun esanguratsua izan zen milaka gay, lesbiana, bisexual eta transexualentzat. Sistemak heteroarautik aldentzen ziren pertsonak mehatxatu egiten zituen, kolpatu, kartzelatu... eta inork gutxik espero ez zuena gauzatu zen, hots, herri altxamendua gauzatu zen. Historiak «Stonewalleko istiluak» izendatu ditu, eta, ezbairik gabe, LGTBIQ pertsonen eskubideen aldeko borrokaren oinarriak ezarri zituzten, AEBn eta mundu mailan ere bai. Anglosaxoi herrialdeetan pride parades ospatzen dira, eta gure inguru hurbilean harrotasun martxak, eta hau gutxi gorabeherako itzulpen egokia da.

Ekainaren 28aren ospakizuna, berriz, hori guztia baino askoz ere gehiago da. Eskubideak aldarrikatzeko eguna da, LGTBIQren duintasuna defenda dezagun eguna da, bisibilizatzeko, borroka elkarbanatzeko; ez ahazteko oraindik ere herrialde gehiegitan diskriminazioa ematen dela, kartzelatzeak, LGTBIQ pertsonak kolpatzen direla, hilketak, heriotza zigorrak...

Erreibindikazioaren bidean hezkuntza funtsezkoa da. Hezkuntza komunitatea osatzen dugunok aniztasun sexuala modu egokian jorratzen jakin behar dugu, eta lanketa egokia egin modu trasbertsalean edo arloetan, eta beharrezkoa den kasuetan neurriak eta esku-hartzeak bideratzeko gaitasuna garatu behar dugu. Bazterkeria, bortizkeria eta jazarpena geldituko badugu, lanketaren bideari ekin behar diogu.

Benetako berdintasunean hezteko erronka dugu, ikasle guztien gaitasunak eta berezitasunak ezagutzeko tresnez hornitu, eta hezkidetzaren aldeko apustua gure egin behar dugu. Pasa den hilabetean hezkuntzan aniztasun afektibo-sexuala eta genero aniztasuna lantzeko Gidaliburua aurkeztu genuen, eta Gidaliburu horretan proposamen zehatzak jarri ditugu mahai gainean, ekainaren 28an gogoratzen ditugun erreibindikazioek urtean zehar lekua izan dezaten gure jardunean, pertsona guztien eskubide zibilen defentsa gure lehentasunetako izan dadin, sexu-orientazioa edo generoa edozein delarik ere. Eskola LGTBIQ lagun dugu helburu, aniztasunetan sinisten dugulako, aniztasunak aberasten gaituela sinisten dugulako. Bazterkeriarik gabeko jendartea izanen badugu, hemen dugu oinarria, hezkuntzan.

Ekainaren 28an pertsona guztien eskubideen defentsan aterako gara kalera. Ozen oihukatuko dugu gay, lesbiana, bisexual, intersexual, queer garela eta 1969 urtean egin zuten bezala, orain ere bazterkeria guztien kontra aterako garela karrikara.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada