2015/06/27

BERRIA:Queer askapena

Lehenengo Internazionalak leher egin zuenean, 1872an, Mikhail Bakunin eta James Guillaume kanporatu zituzten. Anarkisten eta marxisten arteko bereizketaren ondorioz, Suitzako Saint-Immierren batu ziren libertarioak.

Langile klasearen erakundetzeak azken mendeetan izan zuen bereizketa nabarmenetako hartatik hamarkada askotara, 2012an, munduko anarkisten topaketa antolatu zuten, berriz ere, Saint-Immierren. Bertako liburu azokan banatu zuten Toughtcrime Inkekoek Queer askapena klase borroka da (Queer Liberation is Class Struggle) liburuxka.

Testuaren izenburuak egituratzen du liburuxka. Selma James marxista feministaren Sexua, arraza eta klasea liburutik parafraseatuta dago —beltz zioen lekuan queer jarrita—. Klase ertainak eusten dituen Akademiari egiten dio kritika panfletoak: alde batetik Akademiak gain-ekoiztu ditu gaiari buruzko liburuak. Ondorioz, liberalek dominatzen dute eszenan: kapitalismoari buruzko analisi akritikoekin, arrazismo liberalarekin eta tolerantziaren ideologiarekin.

Panfletoak dio, halere, AEBtako queer gehienak langileak direla. 60ko hamarkadatik klase ertainak bere burua ulertzeko baliatu duela Akademia: klase borrokako politikaren ukapenetik identitate politikora pasata. Gainera, talde iraultzaileek ez dute zentroan jarri sexualitatea. Horren ondorioz, queer teoriaren ia erabateko monopolioa dauka, egun, Akademiak.

Selma Jamesek identifikatu zuen ongi. Ezker zuria «Zuriak eta beltzak elkarrekin eta borrokan» edo «Beltzak eta langileak elkarrekin aritu behar dira» bezalako lemak erabiltzen zituzten. Baina Malcolm Xak eta beltz nazionalistek klasea berdefinitzeko gaitasuna izan zuten, beltza eta langilea sinonimo gisa erabiltzeko. Beltzen eskakizunak eta borrokak langileen borroka ziren zuztarretik. Beltzekin bezala, ez du klase ertain queerrak queer langileria askatuko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario