2010/04/26
20100423- Homosexualitatearen naturaltasuna, «80 egunean»
Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko dute gaur «80 egunean» filma. Adinean aurrera doazen bi emakumeren arteko harremana oinarri hartuta, homosexualitatea ahalik eta erarik «naturalenean eta gertukoenean» irudikatu dute bi zuzendariek beren lehenengo film luzean.
Axun (Itziar Aizpuru) eta Maite (Mariasun Pagoaga) gazte denboran lagun min izandakoak dira. Denboraren poderioz, alabaina, harremana galdu dute, tartean berrogeita hamar urte igaro direlarik. Kasualitatearen poderioz, berriro elkartu dira Donostiako erietxe batean. Maite gaixotasun larria duen anaia zaintzen ari da eta Axunek alabaren mutil lagun ohiaren zainketa bere gain hartuko du, horrek istripua izan ondoren. Dagoeneko, ordea, hirurogeita hamar urteren bueltan dabiltza biak eta bi mundu erabat desberdinetan bizitakoak dira. Axun baserri giroan bizi da, senarra du eta tradizioz jositako bizimodura ohitu da. Maite, bestalde, pianoko irakaslea da, erretiroa hartzeko zorian dagoena, eta era askean bizi du bere homosexualitatea. Gaztetan biek elkarrekin izandako sentimenduak agerian geratuko dira berriro, laurogei eguneko epean.
«80 egunean» da, hain zuzen, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendu duten lehenengo film luzea eta gaur lehen aldiz pantaila handian ikusi ahal izango dena Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian (Euskal Herriko aretoetara maiatzaren 21ean helduko da). Euskara hutsean egina, adineko pertsonen arteko harremanak eta, guztien gainetik, bi emakumeren artekoak biltzen ditu. «Adineko jendea zinemara ekartzea erakargarri egiten zitzaigun eta, horrez gain, nire bi laguni antzeko egoera bat gertatu zitzaien, nahiz eta istorioarekin zerikusi handirik ez duen, eta hortik abiatu zen proiektua», agertu zuen Garañok atzoko prentsaurrekoan.
Gaiaren aldetik, «zailtasun ugari» dituen lana dela onartu zuten zuzendariek eta «erridikuluan erortzeko arriskua» ere ikusten zutela nabarmendu zuten, gaia izan baita filmaren «erronkarik nagusiena». Ildo horretatik, bi emakume helduen arteko harremana «naturaltasunez eta ezer behartu gabe» helarazten saiatu dira, «ahalik eta erarik gertukoenean». Helburu hori lortzeko, Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoaga, azken hau zineman eta interpretazio lanetan inoiz aritu ez dena, baliatu dituzte, nahiz eta beste pertsonaia batzuei ere tratamendu berezia eman dieten, Jose Ramon Argoitia -Juan Mari, Axunen senarra-, kasurako. «Axun eta Maite dira pertsonaia nagusiak, baina Argoitiaren papera ere pixkana-pixkana filmean txertatu dugu, beraien arteko harremana ere agerian uzteko», esan zuen Garañok.
Aizpuru lehenagotik aktore lanetan aritutakoa bada ere, Pagolarentzat lehenengo aukera izan da kameraren aurrean jartzeko. Erraza eta era berean gogorra izan da estreinako lan hori. «Lehenengo egitasmoa izan da niretzat. Hasieran zalantza izan nuen non sartuko nintzen ez nekielako baina, behin lanean hasita, etxean bezala sentitu naiz. Gu beraientzat (zuzendarientzat) bi ama bezala izan gara, eta haiek guretzat gure semeak bezala», nabarmendu zuen Pagoagak.
Irusoinek eta Moriartik ekoiztutako lana, gaur gauean ikusi ahal izango da, 22.30etik aurrera, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egingo den emanaldian.
Gaurtik 28a bitarte
Gaur abiatuko da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko zortzigarren edizioa eta, «80 egunean» filmaz gain, Goran Paskaljevicek zuzendutako «Honeymoons» ikusi ahal izango da, 19.00etan, «The Menu» film laburrarekin batera. Aurtengoan, Paskaljevicek berak jasoko du ohorezko saria datorren ostiralera arte iraungo duen jaialdian. Aste osoan zehar, nazioarteko ekoizpenak ikusteko aukera izango da, hamaika gairen inguruan biltzen direnak: feminismoa, homosexualitatea, xenofobia, homofobia, kultura aniztasuna eta migrazioa, beste askoren artean.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario