2015/04/21

NAIZ:Arrazismoa eta homofobiarekin lotutako 141 eraso zenbatu ziren 2014an Hego Euskal Herrian

Pasa den astean Estatu espainolean 2014an zehar jazotako «gorroto delituen» inguruko txosten bat zabaldu zen, eta aipatu txostenean azaltzen diren datuen berri eman eta hauen inguruko balorazioa egin dute EHGAM, Sare Antifaxista eta Kitzikan elkarteek.
Zentzu horretan, pasa den urtean Hego Euskal Herrian delitu mota hauek izan duten «areagotze kezkagarria» salatu nahi izan dute. Azaldu dutenez, arrazismoarekin, homofobiarekin edota aporofobiarekin lotutako 141 eraso izan ziren, «eta badakigu horiek ez direla izan jazotako guztiak, asko salatzen ez direlako».
Hauen artean, bederatzi eraso antisemita 23 homofobo eta 102 arrazista gertatu zirela gaineratu dute eta, zentzu horretan, Javier Maroto Gasteizko alkateak edota Ayudas+Justas kolektiboak izan dezaketen arduraz hitz egin dute.
«Eraso hauen inguruko hausnarketaz haratago, erasotzaileen kontra ekin beharra dago, publikoki identifikatuz eta euren aurpegi eta izen-abizenak zabalduz», aldarrikatu dute.
Erakundeen jarrera ere salatu dute, datuak eta informazioa «behin eta berriz ezkutatzen» dutelakoan. «Instituzioei ohartarazten diegu: homofobiaren, arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako mugimenduen ‘besteak’ homofoboak, arrazistak eta faxistak direla», adierazi dute.
Horregatik, jendartearen inplikazioa eskatu dute, diskriminazio mota guztien aurrean elkartzeko eta borrokatzeko. «2015. urtean zero gorroto krimen nahi ditugu», aldarrikatu dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada