2014/10/13

NAIZ:Abortu eskubidea, mugimendu feministako belaunaldien artean etenik izan ez duen zilbor hestea

Mari Josek eta Juanak ez zuten berehalakoan pentsatuko ondorengo belaunaldiak ere borroka berdina ezagutzera kondenatuko zituztenik. Abortuaren enegarren erreforma eteteko lehen lerroan aritu dira azken urteotan Miren eta Kattalin. Denbora gehiegi indarrean daraman borroka baten azken garaipenaren zaporeak gurekin partekatu dituzte.
Mari Jose Molina, Juana Aranguren, Kattalin Miner eta Miren Aranguren
Xanpainarekin ospatu zuen Mari Jose Molinak abortuaren legea aldatzeko aurreproiektua bertan behera gelditu izana. Haurdunaldia eten nahi zuten emakumeak lagundu asmoz Bidasoa ibaia behin baino gehiagotan zeharkatu du Molinak. Ihesaldi horietan bidaide izandakoak zeuden Errenteriako bat-bateko jaitxoan, baita garai horietan jaioak ez ziren neskato asko ere. Estatu espainolean ezarri nahian zebiltzan abortuaren lege erreforma erretiratu izana berri pozgarria izan da guztientzat eta belaunaldi desberdinek egindako lanaren emaitza dela sinetsita daude.
Erreformak 40 urteko atzerapausoa ekarriko zuela uste du Kattalin Minerrek eta hura ekiditeko intentzioz buru-belarri aritu da abortu eskubidearen alde euskal hiriburuetan sortu diren plataformetan. Ahaleginaren ondotik etorritako garaipenaren zapore gozoa dastatzen ari da oraindik. Pozarren da Medeak taldeko kidea, Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministro ohiaren asmoak gogoratze hutsarekin ordea, ikaratu egiten da; «astakeria bat zen», dio. Iritzi berekoa da errenteriarra. Bere gaztaroan bizitakoa presente du oraindik, eta ez zuen berehalakoan pentsatuko ondorengo belaunaldiak borroka berdina ezagutzera kondenatuko zituztenik. «Dirudienez, belaunaldi baikor batekoa naiz eta gauzak lortu ahala atzera egiterik ez zegoela uste nuen horietako nintzen. Ez nuen imajinatu ere egiten, baina, tira, gerta daitekeela ikusi dugu», aitortu du.
«Garaipen eredugarria»
Gerta zitekeenak gogoa ilundu dion arren, mugimendu feministaren lorpenean jarri nahi du arreta Molinak, eta eredugarritzat jo du garaipena: «Alde eta alor guztietatik eskubideak galtzen ari garen une honetan, eskubideak babestu eta defendatu daitezkeela erakutsi dugu emakumeok. Eskuratutako eskubideak babestea egingarri dela frogatu du mugimendu feministak».
Abokatua eta Plazandreok taldeko kidea da Juana Aranguren, eta ilusioz jarraitu ditu plataforma berri hauen protestak. Mugimendu feministaren kide historiko honen ustez, legea aldatzeko aurreproiektua «aukera» bat izan da mugimendu feministarentzat. Ondo baliatutako aukera, izan ere, Arangurenen aburuz, mugimendu feministaren «ernaberritze eta berrosatze» baten aurrean gaude uneotan. «Berdintasunaren ispilatzeaz hitz egiten da maiz, erreforma honek, baina, errealitatea jarri du agerian, eta aurre egin zaio», dio konbentzimendu osoz.
Abortuaren gaiak maiz hauspotu du emakumeen eskubideen aldeko borroka. 70eko hamarkadan, Euskal Herria frankismoaren itzaletik aldentzen hasi ahala, ernatzen joan zen feminismoa. Molinak gogoan ditu bere hastapenak, eta, nola, 1976an, dibortzio eskubidearen alde borrokatzeko grinarekin sortu zuten Errenteriako lehen emakume taldea ere. Dibortzioaren gaia nahi baino arinago aparkatu behar izan zuten hala ere, lanean hasi eta berehala Basauriko 11 emakume atxilo hartu baitzituzten abortatu izana egotzita. «Horrek dena aldatu zuen. Izan ere, abortuaren inguruko isiltasuna hautsi eta gure gai izarra bihurtu zen. Milaka autoinkulpazio lortu ziren, hamaika itxialdi egin genituen...», gogoratu du Molinak.
1976ko urrian jazo ziren Basauriko atxiloketak. Zehazki, haurdunaldia eten zuten hamar emakume, abortuak egiten zituen titulazio gabeko andrea eta atxilotutako baten bikotekidea ere eraman zuen poliziak, abortatzera bultzatzea leporatuta. Atxiloketa horiek abortatzeko eskubidea plazara atera zuen, sexualitatearen eztabaidan bete-betean kokatuz. Atxiloketatik epaia eman arte pasa ziren sei urteak, gainera, diskurtsoa zehazteko eta horretan sakontzeko erabili zituen mugimendu feministak. Hala gogoratzen du bederen Arangurenek, eta garai horretan abortua emakumeen sexu eta ugaltze eskubideen barruan kokatzen hasi zirela nabarmendu du. «Sexualitateaz asko hitz egiten zen orduan, sarketaz gainera bestelako praktikak bazeudela nabarmentzen genuen. 1977ko jardunaldi feministek ere irakurketa horretan sakondu zuten. Eztabaida haiek garai bat markatu zuten», dio ziur.
Atentzio fokua lurrundu
1979ko urriaren amaieran erruztatuen aulkian eseri zituzten 11 emakumeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua onartzeko bozketaren bestondoan. Agintariek atentzio fokua lurrundu eta mobilizazioak itzali nahi zituzten. Ez zuten kalkuluetan asmatu, Gernikako Estatutuaren erreferendumaren berri ematera zetozen nazioarteko komunikabideak abortu eskubidearen aldeko mezuen bozgorailu bihurtu ziren-eta.
Kalean aspaldi ebatzitako absoluzioa 1983an iritsi zen azkenean epaitegietatik. Orduan ere xanpainarekin egin zuten topa. Epaiketa hark jendartea bera eraldatu zuelako. Hala oroitzen du Arangurenek eta atxilotutako emakumeek bizi izan zuten prozesua jarri du jendarteak bizitako aldaketaren adibide: «Atxilotutako andrazkoek hasiera batean ez zuten mugimendu feministaren babesa ulertzen, denbora pasa ahala, baina, gurekin bat egin eta akusatuak beraiek izan ziren tribunalean eta kalean diskurtso feminista plazaratu zutenak».
Basauriko auzia mugarri izan da Euskal Herriko mugimendu feministaren historian. Bilgune Feministako kide den Miren Arangurenek ez zuen bere azalean bizi, baina maiz jaso ditu garaiko lekukotzak. Hala, «elkartasun eztanda» modura deskribatuko luke urte horietan gertatutakoa.
Abortu eskubidea, baina, ez da kontu berria. Estatu espainolean 1937an, Bigarren Errepublikan, erregulatu zen lehen aldiz abortu eskubidea. Francoren erregimenak, baina, legea bertan behera utzi zuen urte horretan bertan. 1978ra arte antisorgailuen erabilera bera ere ez zegoen legeztatuta, eta, beraz, andreek ez zuten inolako kontrolik euren gorputzen gainean.
Garai horietan, talde feministak zeuden herri gehientsuenetan abortatzen laguntzen zuten sareak osatu ziren. 1975ean Parisek Veil legea deiturikoa onartu ostean, Estatu frantsesean eta Ipar Euskal Herrian abortua legeztatu egin zen, eta, beraz, Hego Euskal Herritik Miarritzera eta Baionara joaten ziren haurdunaldia borondatez eten nahi zuten emakume gehienak. Abortuak konplikatuagoak zirenean edo emakumeak hamar asteko haurdunaldia gaindituta zuenean, Londresera joan beharrean aurkitzen ziren. Molinak gogoan duen bezala, halako egoeren aurrean Bilboko laguntza sarera jotzen zuten gainontzekoek.
Zirrikitua bai, erabakia ez
Ondoren, 1985ean, hiru baldintza zehatzen pean abortua legezko bihurtu zen Estatu espainolean, eta, beraz, baita Hego Euskal Herrian ere. Zehazki, amaren osasun fisiko edo psikikoa arriskuan zegoenean, amak bortxaketa bat jasandakoan eta fetuak malformazio edo akatsen bat zuenean bihurtu zen legezko abortua. Despenalizazio hura, baina, «zirrikitu handi bat» bihurtu zen errealitatean Arangurenen esanetara, eta, hala, lege horren babesean etendako haurdunaldien %97 inguru amaren osasun psikikoa arriskuan zegoela argudiatuta eteten zirela nabarmendu du abokatuak.
1985eko aldaketa legalak hainbeste aldarrikatutako planifikazio zentroen biderkatzea ekarri zuen. Antisorgailuen erabilera bultzatzea eta sexu hezkuntza lantzea zen mugimendu feministak sortutako gune horien xedea. Zalantzak plazaratu, antisorgailuak ezagutu eta amatasuna eta sexualitatea bi gauza ezberdin zirela ulertaraztea, finean.
Praktikan onurak ekarri zituen arren, lege aldaketa hark ez zituen inolaz ere mugimendua feministaren eskariak bete. Izan ere, emakumeek eduki beharrean medikuek zuten beti erabakiaren azken hitza.
1985eko legeak, gainera, ez zituen beharrezko berme juridikoak ezartzen, eta, ordutik, mediku anitz izan dira abortu ilegalak egitea leporatuta prozesatuak. Miren Arangurenek bereziki gogoan du Nafarroan 1986an irekitako auzi judiziala, izan ere, haren ondorioz, ez sare publikoan ezta pribatuan ere Nafarroan ez zen abortatzeko aukerarik izan bi hamarkada luzez, azkenean 2011n Antsoaingo klinika pribatua ireki zen arte.
Epaiketak, baina, ez dira Nafarroara mugatu. 1989an Donostiara abortatzera zihoan neska nafar bat jarraitu eta neskatoa eta medikuak epaitegira eraman zituzten. Juana Aranguren abokatu lanetan aritu zen orduko horretan.
2010ean, Sexu eta Ugalketa Osasun eta Haurdunaldia Borondatez Etetearen Legea (HBE) onartu eta abortuaren ibilbidean beste kapitulu bat idatzi zen. Miren Arangurenek lehen pertsonan bizi zuen pasarte hau eta gogoan du, eztabaida pil-pilean jarri zenean, 2007an, klinika askotan sartu eta abortu espedienteak lapurtu zituztela. «Izugarria izan zen. Entzunez bakarrik ezagutzen nuen garai batera itzuli ginela zirudien», ekarri du gogora. Abortatzeko eskubidea aldarri hartuta milaka lagun elkartu zituen mugimendu feministak 2008an Iruñean, eta urte berean Portugaleten egin ziren Jardunaldi Feministetan esangura berezia hartu zuen gaiak.
2010eko legeak ekarritako aurrerapausorik handiena ezabatu nahi zuen Gallardonen ekimenez mahai gainean egon den aurreproiektuak: haurdunaldiaren lehen asteetan emakumeek inolako azalpenik eman gabe abortatu ahal izatea. Are gehiago, umekiaren malformazioaren aukera eta adin txikikoen erabaki ahalmena ere ezabatu nahi zituen.
Espainiako Ministro Kontseiluak abortuaren legea aldatzeko aurreproiektua 2013ko abenduan onartu zuen. Ordutik ozen entzunarazi dira protestak kalean, eta mugimenduaren beraren berpizte bat ekarri du. Ironiaz beteriko eskerrak ematen dizkio Minerrek Gallardoni: «Geundenak gaude, baina antolatu gabeko neska gazte mordoa animatu dira orain, baita garai batean lehen lerroan zeudenak ere. Izugarria izan da».
Abortua gainditzen duen eztabaida
Ia bi urtez ereindako haziak fruituak emango dituelakoan dago Miner. Indar erakustaldi handi honi leku egitea egokitzen zaio orain antolatuko mugimendu feministari. Horretan saiatuko dira, eta gauzak ondo egin dituztelakoan dago Miner. «Lan egiteko moduak asko zaindu ditugu, gaiak urgentzia zuen, baina denen parte hartzea sustatzen saiatu gara. Plataformen ibilbideak arrastoa utziko duelakoan nago», dio ziur.
Mugimendu feministaren historian abortuaren gaia borroka izarra izan da behin baino gehiagotan. Abortuak, izan ere, eztabaida asko dakartza-eta berarekin. Abortuaren borrokak mugimendu feminista bera aberastu duela uste du Molinak: «Gure garaian abortuak Pandoraren kaxa ireki zuen eta ordu arte planteagarriak ere ez ziren eztabaidak eman ziren». Ados dira guztiak. Miren Arangurenentzat abortuaren eskubideak erabakitze eskubidea eta gorputzaren jabekuntza moduko gaiak dakartza berarekin. Nafar honen iritziz mugimendu feministaren lan ildo garrantzitsuenak, finean.
Hala deritzo Minerrek berak ere. «Gainontzean nola ulertu egungo plataformetako kideen ehuneko handi bat lesbianak izatea?», galdetzen du.
Argi dute guztiek erreforma erretiratzearekin ez dela borroka irabazi. Jakin badakite, PPk 2010ean egungo abortuaren legearen aurka jarritako helegiteek Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku jarraitzen dutela. Eta epaia dena delakoa izan da ere, bide luzea dutela abortua librea, dohainekoa, unibertsala eta publikoa izan arte.
Lege eta arauetan aurrera egin behar dela badaki Miren Arangurenek, ez du sinesten, ordea, bestelako jendarte bat lortu arte emakumeen gorputzaren eskubidea bermatuko denik. «Beti saiatuko dira gorputza erregulatzen, jabetze eta kontzientzia sozialean sakondu behar dugu, lege eta arauetan bidea dugu oraindik, baina jendartea bera aldatzea izango da benetako gakoa», dio.
Abortuaren ideia
Gustatzen zait abortuaren ideia. Eta gustukoa dut emakume batentzat abortuak bizitzarekin daukan lotura prostituzioak plazerarekin daukanaren parekoa delako. Kolaterala. Aldiz, egiturazko harremana dauka duintasunarekin. Eta hain juxtu horretara etorri ginen jaio ginenean: duintasun bila.
Liluragarria iruditzen zait bizitza torturarekin eta umiliazioarekin defendatzeko prest dagoen jendarte batean abortua gehiengoak onartutako praktika sozial bat izatea, ehunka milaka emakumek hautatutako bidea. Eta gustatzen zait horrek berekin milieu berri bat dakarrelako, existentzia ulertzeko modu berri bat, mundua beren erabakien bidez aldatzeko gaitasuna duten gizakiz osatuta dagoela barneratzea. Eta berria diodanean ez dut esan nahi abortua praktika berria denik, bere gizarteratzeak eta onarpenak berekin dakarren bizitza ulertzeko eta arautzeko modu alternatiboa da berria.
Abortua zure bizitza propioa duintasunez kontrolatzeko modua da, eta ez duintasuna bizitzaren bitartez.
Bizitzak berezko balio bat izateari utzi beharko lioke. Ongizatea eta askatasuna dakartzan duintasunak izan beharko luke irizpide gidaria. Abortuaren praktika kristautasunaren kontrako balioek arautzen dute (non zein bizitzen den eta zein hiltzen den Jainkoak erabakitzen duen) eta patriarkatuaren kontrakoek (non zein emakume eta nola bizitzen den eta hiltzen den gizonezkoak erabakitzen duen). Eta, noski, kapitalismoaren kontrako balioek; ekoizpen neurrigabea eta kontsumo gehiegizkoa.
Abortua “ez gehiago, hobeto baizik” aldarriaren aldeko apustua da.
Guretzat kontua ez da bizitza ekoiztea, duintasuna ekoiztea baizik.
Eta duintasuna badago, bizitzea merezi duen bizitza egongo da.
Abortuarekin erabakitzeko eskubidea gauzatzen dugu, oharkabetzen garen aldiro mundutik aparteko izate batek, Jaungoiko Jaunak, eta (ondo) antolatutako handiputz kuadrilla batek (nahiago dut hainbeste izen propio ez aipatu) lapurtzen digutena.
Abortuarekin emakumeak erabakitzeko eskubidearen jabe egiten gara, ez bizitzaz, duintasunaz baizik; alegia, gure gorputza nola antolatu, pentsatu eta bizitu nahi dugun erabakitzeko eskubidearen jabe. Eta horrek, era berean, gorputz soziala antolatzeko irizpideak finkatzen ditu. Izan ere, eta ez dezagun ahaztu, duintasuna arazo politikoa da, ez morala.
Eta moralaren lursaila murriztu eta politikaren lursaila handitzen dugun bakoitzean gauzak askoz hobeak izaten dira emakumeontzat, eta okerragoak Jaungoiko Jauna eta enparauentzat.
Gure gorputzarekin egiten dugunaren inguruan erabakitzea da duintasunaz hitz egin ahal izateko lehendabiziko urratsa. Duintasunak erabakia, autonomia eta ongizatea esan nahi du. Bizitzak, bizitza bezala, hori besterik ez du esan nahi. Duintasunaren gainetik bizitzari balioa ematea desarrazoiari arrazoiaren gainetik balioa ematea da. Eta badakigu horrek zein ondorio dakartzan.
Ez dugu bizi nahi, duintasunez bizi nahi dugu.
Modu seguruan eta dohain abortatzeak duintasuna mendekotasunaren eta umiliazioaren gainetik jartzea esan nahi du. Desarrazoian oinarritutako kultura batek bakarrik jar dezake modu zentzugabean bizitza duintasunaren aurretik, emakumeak izan nahi ez dutena eta egin nahi ez dutena izatera eta egitera derrigortuz. Misoginia asegaitzak bakarrik ustia ditzake gorputz batzuk era horretara, zibilizazioaren inkubagailu modura erabili ondoren bide bazterrera botaz bizitzari buruz hitz egiten duen bitartean. Esklabotza modernoa baino ez den bizitza.
Bizitza duintasunaren gainetik gurtzen duten kulturak heriotzaren eta krudelkeriaren kultura izango dira. “Bizitzaren Alde” deituriko taldeek bizitza nahi dute, egia da. Baina bizitza nahi dute hura menderatzeko; erabakirik, autonomiarik eta askatasunik gabeko bizitza nahi dute, infernuko bizitza.
Ez dituzte emakumeak nahi, esklaboak nahi dituzte. Berentzat ere bizitza kolaterala da.
Ez dute bizitza nahi, mendekua nahi dute.

*www.naiz.eus/eu/blogs/temati-ka blogetik euskaratutako testua

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada