Bilbon plazaratu zen euskal sexu-askatasunerako mugimendua lehenengoz, 1977ko hasieran; nahiz eta ideia Durangon mamitu, pare bat hilabete lehenago. EHGAM (Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua) izan zen, hain zuzen, orain hogeita hamazazpi urte pasatxo, sexualitate libreago baten alde lanean hasi zen lehen erakundea.
Esan bezala, Bilbon sortua; baina, izenean argi iradokitzen den
bokazioari jarrituz, laster hasi zen Euskal Herriko bazterretara
hedatzen. Batez ere hiriburuetan osatu ziren taldeak, baina baita
hainbat herri edo eskualdetan ere: Orereta, Durangaldea, Tutera…
Etengabeko aldaketa-dinamikarekin izan bazen ere (tokian tokiko talde
berriak sortu, beste batzuk agortu), hamarkadatan izan ginen ia
bakarrak. Eta pronostiko guztien kontra, oraindik diraugu bizirik.
Geroxeago, mugimenduari aniztasun handiagoa emango zioten beste
elkarte batzuk sortzen hasi ziren. Urte hauetan guztietan, hamaika
teoria jaio eta birmoldatu edota ahaztu egin dira mugimenduan:
homosexualitatearen ordez homofilia defendatzen zuena, gay-askapen
iraultzailearena, erradikala, antigay zeritzona, queer… Sarri erabiltzen
den/dugun eta etengabe luzatzen doan -eta gorroto diodan- letra-zopa
antzeko sasihitz itsusi batean metatuz joan diren hizki mordoa da
ibilbide horren isla: LGBTTIQ…
Ekainaren 28an urtero “ospatzen” dugu 1969an New York-en gay-trans
ghettoan zeuden andre eta gizonen matxinada poliziaren kontra. Hortik
dator(ke) harrotasun terminoa (pride, orgullo…); eta
garaipen hartatik gehi handik hona lortu ditugun aurrerapen ukazinetatik
datoz(ke) gaur egun mendebaldeko hiri askotxotan egiten diren iñauteri
antzeko desfileak. Ospakizuna, poza eta jaia osasungarriak dira; bai,
horixe! Alabaina, guk (ehagmkideok zein euskal elkarte gehienetakoek) ez
ditugu oso gustuko uda-hasierako aratuste horiek. Hemen ederki dakigu
jaia eta borroka uztartzen, bai, eta horren aldekoak, gara; baina jaiak
aldarrikapen oro estaltzen duenean… jai dugu. Harrotasun hitza
bera ere ez dugu gehiegi atsegin, besteak beste, ez dakigulako harro
egon gaitezkeen sexualitate zehatz bat praktikatu/sentitzeaz; kasurik
hoberenean, gizartean nahiko omnipresente den homofobiaren gainetik
superbizitzeko gauza izateaz egon gintezke harro, edo gizartea bera zein
legeak apurka-apurka hoberantz aldarazi izanaz. Gauzak horrela, guk
betidanik nahiago izan dugu askapen berba: errebindikatiboagoa da eta hobeto islatzen du eginiko eta eginkizuneko lana.
Munduan barna, eta baita gure euskal txokotxo honetan ere, oraindik
lan handia dago egiteko: hainbat estatutan heriotzarekin zigortzen dira
harreman homosexualak edota ezkontzatik kanpoko oro; beste askotan
kartzelarekin edo lapidazioarekin… Gurean ez. Gurean legez ia eskubide
berdinak ditugu. Teorian bederen, askatasun osoz izan dezakegu nahi
dugun harreman-mota eta nahi dugun(ar)ekin; legea berme. Errealitatea
oso da temati, ordea, eta egunerokoak diosku askatasun horretatik urruti
gaudela: sexismoa, matxismoa, heterosexismoa, homofobia… gure inguruko
paisajearen parte dira. Asko ez badira ere, sexualitatea arau
heterosexistatik at bizi nahi dutenen kontrako eraso fisikoak gero eta
gutxiago izan beharrean, gero eta gehiago dira; hitzen, begiraden,
irrien eta abarren bitarteko erasoak nonahi eta noiznahi… Badirudi gero
eta gutxiengo nabariagoa den gutxiengoa dela horien guztien erantzule.
Horrela dela onartuta ere, argi dago jarraitu behar dugula lanean fronte
guztietan: hezkuntza, komunikabideak, kalea, familia… Erne egon behar
dugu, gainera, lortutako apurrak ez galtzeko; mundua oso biratze
susmagarria egiten ari da-eta okerrerantz: kapitalismorik basatia jaun
eta jabe, erlijio-fundamentalismoak indarberritu…
Aurreko guztiagatik, aurten ere irten behar dugu kalera ekainaren
28an manifestazioan sexualitate-afektibitatea askatasunez sentitzeko eta
bizitzeko eskubidea aldarrikatzera. Bilbokoa Moyua Plazatik abiatuko da
arratseko 20:00etan, 11 sentipen, 11 bizipen, 11 izate lelopean.
EHGAMen urteroko afaria
Afariaren ostean ikuskizuna
egongo da eta, bertan, urtero ematen ditugun Urrezko Hiruki eta
Trapuzko Espartina sariak emango dira.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario