2013/07/24

BERRIA: Ernalketa lagundua gaitz medikoetan soilik erabiliko du Madrilek

Osakidetzak ez du aldaketa ezarriko, eta orain arteko irizpideei jarraituko die ernalketa lagundua egiteko orduan

 

Ana Mato Osasun ministroak ez du zehaztu gobernuarentzat zer den «antzutasuna»

 
Haurdun gelditzeko arazoak dituzten bikote heterosexualetako emakumeentzat soilik izango da ernalketa lagundua osasun zerbitzu publikoan. Ana Mato Espainiako Osasun ministroaren hitzetan, «osasun arazoak dituzten emakume guztiek» izango dute sarbidea ernalketa lagundura. Lesbianek eta bikotekiderik gabeko emakumeek zerbitzua jaso ahal izango duten galdetu diote Matori, eta honela erantzun du: «Gizonik ez izatea ez da osasun arazoa».

40 urtetik gorako emakumeek eta 55 urte baino gehiagoko gizonek ezingo dute tratamendua jaso. Adin horietatik azpiko pertsonen kasuan, berriz, medikuak izango du azken hitza. Espainiako osasun sistemaren lurralde arteko batzordean onartu zuten neurria, atzo eguerdian. Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak aurkeztu zuen proposamena, eta erkidegoetako osasun arduradunekin eztabaidatu zuen.

Legeak eztabaida handia sortu du, Espainiako Gobernuak erkidegoei aurkeztutako zirriborroan aipatutako informazioa aldatu egin baitzuten azken unean. Adibidez, zirriborroan jartzen zuen «gizon eta emakumez osatutako bikoteentzat» soilik zela ernalketa lagundua, baina xedapen hori ezabatu egin dute. «Antzutasuna», berriz, honela definitzen zuen dokumentuak: «Antisorgailurik gabe koito baginala praktikatzen hamabi hilabete pasatu ondoren, haurdun gelditu ezina». Atzoko agerraldian ez zuen horrelako azalpenik eman ministroak, eta lesbianen eta bikotekiderik gabeko emakumeei buruzko galdera erantzun gabe utzi zuen: zer da Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarentzat «antzutasuna»?

Jose Ignacio Etxaniz PPko osasun gaietarako bozeramaileak, bestalde, adierazi zuen osasun zerbitzu publikoa «gaixoak» artatzeko soilik dagoela, eta antzutasuna «gaixotasuna» dela.

Osakidetzan, lehen bezala

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi du Osakidetzak, orain arte bezala, ernalketa lagundua «emakume guztiei» eskaintzen jarraituko duela. Atzoko bileran murrizketaren aurka bozkatu zuen Darponek. Sailburuaren hitzetan, ernalketa lagundua egiteko irizpide «etikoak» jarraituko ditu Osakidetzak, eta ez sexu aukeren edo «familia kontzeptu murriztuen» araberakoak. «Pertsonen berdintasuna babesten duen osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoan sinesten dugu, eta ez gaude atzerapausoak emateko prest».

Nafarroaren kasuan, Osasunbideak orain arte ere ez dio ernalketa lagundurik egin bikote heterosexualetako kide ez diren emakumeei. Horiek zentro pribatuetan jaso dute tratamendua.

Kontrakoen oihuak

LGTBEF Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Espainiako Federazioak eta Galehi erakundeak jakinarazi dute Espainiako Gobernuari helegitea jarriko diotela lesbianei eta bikotekiderik gabeko emakumeei ernalketa lagundua jasotzea ukatzen baldin badiete. Neurria «bidegabea, baztertzailea eta diskriminatzailea» dela salatu dute bi talde horiek. Gloria Fortun Galehiko presidenteak nabarmendu du emakumeei, ama izateko, alboan gizon bat edukitzea eskatzen dietela eta hori «neurri sexista» bat dela.

Saioa Iraola Bilgune Feministako kidearen hitzetan, gizartean «eredu patriarkala» indartzen ari da PP, eta, azken neurri honekin, emakumeen gorputzaren gaineko kontrola «areagotzea» lortu nahi du. «Amatasuna modu bakar batean bizitzea nahi dute, eredu bakar bat egotea. Horrek bikote homosexualak, bakarrik bizi diren pertsonak eta umea lagunen artean hezi nahi dutenak baztertzen ditu».

Bestalde, Iraolarez ustez, azken neurriak agerian utzi du gobernuan dagoen taldearen «klase ikuspegia» ere. «Dirua duten pertsonek soilik izango dute bermatua guraso izateko eskubidea», haren hitzetan.

Amaiur talde politikoak, berriz, salatu du Espainiako Gobernuak «emakumeen eskubideak murriztu» nahi dituela. «PPk, pertsona guztien eskubideak babestu eta bermatu beharrean, herritarrak mailakatzen ditu, errealitateak bere ideologiaren antza izan dezan».

No hay comentarios:

Publicar un comentario