2013/06/28

BERRIA: Euskal Herria GIZARTEA Kalean ospatuko dute gaur LGTB kolektiboaren nazioarteko eguna

Manifestazioak prestatu ditu EHGAMek Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean.

Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Nazioarteko Eguna da gaur, eta manifestazioak antolatu ditu EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak.
Hain zuzen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen egingo dituzte mobilizazioak. Donostian, Bulebarretik abiatuko dira, 19:30ean. Bilbon, Moyua plazan hasiko da martxa, 20:00etan. Ordu berean ekingo diote manifestazioari Iruñean, autobus geltoki zaharretik abiatuta. Gasteizen, berriz, 20:30ean jarri dute ordua, Andre Mari Zuriaren plazan.

Aniztasun sexuala kalera lelopean aterako dira kalera.

Soraluzen, berriz, elkarretaratzea antolatu dute, Ikusgarri, anitz eta aske, Soraluze arroxa eraikitzen lelopean. "Egunez egun eta askatasuna eraikiz, gune askeak eta seguruak eraikitzearen garratzia" nabarmendu nahi izan dute leloarekin, Komite Arroxak adierazi duenez.
Herenegun, Stonewall Uprising dokumentala izan zuten ikusgai Soraluzen bertan. Filmean Stonewalleko gertakariak azaltzen dira, sexu askapenerako mugimenduen sorrera izan zen mugarriaren xehetasunak emanez.

Stonewall abiapuntu
1969ko ekainaren 28an New Yorkeko Stonewall tabernan izandako gertakariak oroitzen dituzte biharko egunez.
Egun hartan, sarekada bat egin zuen Poliziak gay eta lesbianen bilgune zen taberna hartan. Gay eta lesbianek protesta bortitzekin erantzun zioten sarekadari.

 


No hay comentarios:

Publicar un comentario