2013/05/09

BERRIA: Debekua ez da babesik onena

Onartutako sexu harremanak izateko adina

Espainiako Gobernuak 13 urtetik 16 urtera igo nahi du onartutako sexu harremanak izateko gutxieneko adina. Aditu askoren ustez, ordea, sexu heziketa osoago bat eskaintzea da haurrentzako babesik aproposena.

Onartutako sexu harremanak izateko gutxieneko legezko adina 13 urtetik 16ra igotzea. Horixe proposatu berri du Espainiako Gobernuak. Neurri horrekin haurren babesa handitu nahi duela dio Madrilek, eta legezko adin hori Europako Batasuneko batez bestekoarekin parekatu nahi duela. Adituek egoki ikusten dute haur eta nerabeak babestea, baina askok uste dute hori lortzeko modurik egokiena sexualitateari eta berdintasunari lotutako heziketan eragitea dela. «Beldurraren eta debekuaren bidetik ez da ezer lortuko. Mugatzen duen beldurra ez da ona», nabarmendu du Agurtzane Ormatza sexologoak.

«Kutsu moral eta ideologiko nabarmena» ikusi dio asmoari Saioa Iraolak, Bilgune Feministako kideak. «Sexu askatasunaren inguruan PP hartzen ari den neurrien barruan beste bat da. Abortuaren Legearekin gertatzen ari dena ikustea besterik ez dago. Ekinaldi ultraeskuindar horren barruan kokatzen dugu adin horren igoera». Hori dela eta, sexu heziketa, berdintasuna eta hezkidetza sustatzeko beharra ikusten dute Ormatzak eta Iraolak.

Onartutako sexu harremanak izateko gutxieneko adina 13 urtetik igotzeko lehen proposamena EAJk egin zuen 2009. urtean Espainiako Kongresuan. Nerabeei babes handiagoa emateko beharra defendatu zuen Emilio Olabarria parlamentariak, eta gogorarazi zuen 13 urteko gutxieneko adina baxuenetakoa zela Europan. Aho batez onartu zuen proposamena Espainiako Kongresuak. Orain arte, ordea, Espainiako Gobernuak ez dio gaiari heldu. Ana Mato Osasun eta Gizarte Gaietarako ministroak iragarri du 16 urtera igo nahi dutela adina, baina prest daudela negoziatzeko.

Ormatzaren ustez, proposamenak aurrez aurre jarri ditu oso garrantzitsuak diren bi kontzeptu: askatasuna eta babesa. «Bien artean dagoen marra oso fina da. Halako erabaki bat hobeto hausnartu beharko litzateke».

Askatasunaren eta babesaren arteko muga edo marra hori non jarri behar den zehaztea «zail» egiten zaio. «Europan batez besteko adina 16 urtean dago. Baina ni ez naiz ausartzen adin bat jartzera. Ez zait egokia iruditzen. 14 urterekin, bere izaera edo bizipenengatik, nerabe bat oso heldua izan daiteke; beste bat, ordea, 16 urterekin, buruarin bat izan daiteke. Heldutasuna ez du adinak ezartzen». Gainera, nabarmendu du sexu harremanak ezin direla koitoan bakarrik oinarritu, arauak egiten duen moduan. Antzera mintzatu da Iraola: «Eredu heterosexualean oinarritutako harreman batzuez ari da, eta hori baztertzailea da. Gainera, sexualitatea askoz gehiago da: masturbatzea, musukatzea, laztantzea...».

Hala, gazteen eta nerabeen arteko sexu harremanak «sanoak eta errespetuan oinarrituak» izatea nahi bada beste politika batzuk bultzatu behar direla defendatu du. «Hezkuntzan, hezkidetzan eta sexualitatea bizitzeko dauden modu anitzen ezagutza sustatzean jarri behar dira indarrak. Nik uste dut adina igoz berdintasun politiketan dauden hutsuneak estali nahi dituela».

Berdintasun eta sexualitate alorreko politiketan hutsune handiak ikusten ditu Ormatzak ere. Hala, iritzi dio heziketan eragin baino gehiago «debekuan eta beldurrean» oinarritutako sexologia bat sustatu eta eraiki nahi duela Espainiako Gobernuak. «Baina beldurrean oinarritutako neurriek ez dakartzate ondorio onak. Alderantziz. Sexualitatearen kasuan, norberaren desioaren garapena oztopa dezake, eta nerabeek ezarritako arauaren aurka nabarmenago egitea. Izan ere, oro har, arauak apurtzea gustuko dute. Guk hala egiten genuen gure adinean».

Iraolaren eta Ormatzaren arabera, beraz, bada garaia «benetakoak eta eraginkorrak» diren politikak sustatzeko. Iraolaren esanetan, nerabe horiek burujabe izatea sustatu behar da politika horien bidez. «Txikitatik hasi behar da bidea egiten. Heziketa hori alor askotatik bultzatu behar da: familiatik, eskolatik, hedabideetatik, kontsumo ohituretatik, bultzatzen diren estereotipoetatik...». Ormatzak argi du burujabetza hori zertan islatu behar den: «Nerabeei erakutsi behar zaie beren desioari bidea ematen, baina besteena errespetatuz. Oso garrantzitsua da zer nahi duten eta zer ez adierazten jakitea. Izan ere, jakin arren, askotan ez dute esaten. Bikotekideak edo lagunek zer esango duten beldur dira». Gaztetxoak direnetik emakumeek jasaten duten presio sozial eta estetikoa ekarri du gogora Iraolak. «Horrek askotan autoestimua baxu izatea dakar, eta zer nahi dugun esateko beldur eta zalantza gehiago izatea. Baina hori gainditu egin behar da, eta bakoitzak bere buruari balioa eman».

Behar baino babestuago

Beste helburu bat ere izan behar du heziketa horrek, Iraolaren eta Ormatzaren iritziz: desioari bide ematea. Ormatzaren ustez: «Denak gara jaiotzen garenetik erotikoak eta sexudunak, eta errealitate horri heldu behar zaio. Nerabeak musukatzen dira, masturbatzen dira, zirriak egiten dizkiote elkarri... Hori bideratu behar da. Izan ere, gustagarria izango da norekin eta nola egiten den».

Ormatzak nabarmendu du, askok uste dutenaren kontra, nerabe gehienak ez direla buruarinak. «Nerabe askorentzat ez da erraza harreman erotikoak izatea. Beldurrak, lotsak, presioak, desioak... Behar bezalako informazioa eta heziketaren bidez horiek kudeatzen irakasten eta gainditzen lagundu behar diegu. Guk uste baino arduratsuagoak dira». Helduak ondoan izatearen garrantzia nabarmendu du. «Gurasoei beti jartzen diet adibide moduan seme-alabei ibiltzen irakasten dieten garaia. Ume bati, hasieran, eskutik heldu behar diozu, baina pixkanaka askatuz joan behar duzu. Eroriz ikasiko du ibiltzen. Jausten denean, inguruan izan behar gaituzte laguntzeko, baina ez une oro eskua ematen. Horrek ez die lagunduko. Sexualitate alorreko kontuekin berdin gertatzen da».

Uste du, ordea, azkenaldian kontrako norabidea hartu dela. «Direnak baino haurrago edo umeago egin nahi dituzte, itogarria izatera iritsi daitekeen babes bat ezarriz. Onartutako sexu harremanak izateko adina igoz hori lortzen dute. Baina, esan bezala, gu ondoan izanda, beren bidea egiten utzi behar zaie».
 

Ezkontzeko adina ere igo nahi dute

Nerabeak babesteko plan bat egin du Espainiako Gobernuak. Genero indarkeria jasan duten emakumeen seme-alabak biktimatzat hartuko dituen erregistro bat sortzea proposatu du.
A.Arratibel Gascon Donostia
Espainiako Gobernuak haur eta nerabeak babesteko aurkeztu duen planaren barruan, onartutako sexu harremanak izateko gutxieneko adina 13 urtetik 16ra igotzea da proposatuko den neurririk esanguratsuena. Baina beste asko ditu. Horien artean daude genero indarkeria jasan duten emakumeen seme-alabak biktimatzat hartuko dituen erregistro bat sortzea eta ezkontzeko gutxieneko adina 14 urtetik 16 urtera igotzea.

Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak abenduan azaldu zuen txikiegia iruditzen zitzaiola ezkontzeko gutxieneko adina eta hori igotzeko aldaketak egingo zituztela Kode Zibilean. 2011n, PSOEren gobernuak egin zuen adin hori 16 urtera igotzeko ahalegina, baina orduan PPk ez zuen babestu. Orain, ordea, horren alde dago. «Nerabeak gaztetxoegiak dira ezkondu nahi dutela erabakitzeko, eta jabetzeko zer suposatzen duen horrek», esan zuen iaz Gallardonek. Gainera, gogorarazi zuen beste herrialde askotan egin dutela aldaketa hori. Frantziaren kasua jarri zuen horren adibide: «2005ean legea aldatu zuen, gutxieneko adina 15 urtetik 18 urtera igotzeko».

Genero indarkeria jasan duten seme-alabak biktimatzat hartzeko beharra defendatu zuen legegintzaldi hasieran Ana Mato Osasun eta Gizarte Gaietarako ministroak. Hori lortze aldera, erregistro bat sortuko dute, planean jasotzen denez. Erregistro horretan, genero indarkeriaren biktima izan diren haur eta nerabeez gain, sexu abusuak jasan dituztenak ere agertuko dira. Xedea nerabe horiei ematen zaien arreta sozial, psikologiko eta legala hobetzea da. Genero indarkeriaren aurkako taldeek eta haur eta nerabeen eskubideen babeserako taldeek aspaldi salatu zuten koordinazio falta jarduera horietan, eta salatu zuten egun dagoen erregistroak ez duela balio. Izan ere, ez da berritzen, eta autonomia erkidego guztiek ez dituzte datuak ematen. Talde horiek nabarmendu dute erregistroa sortzen bada gertutik aztertuko dutela haren funtzionamendua. PPk, dena den, bere asmoekin jarraituko du. Atzo bertan atzera bota zuen genero indarkeriaren biktima diren nerabe eta haurren babesa areagotzeko PSOEk aurkeztutako proposamen bat. «Gure bidearekin jarraituko dugu, eta datozen asteetan zehaztuko ditugu kontu gehiago», adierazi zuen atzo Susana Camarero parlametariak.

Planaren beste berritasunetako bat ondorengoa da: babesik gabe geratutako adingabeak zentroetara eraman ordez harrera familietara eramaten saiatuko direla. Harrera familietan hartzea izango da lehen aukera. Izan ere, uste dute egokiagoa dela haur horiek familia giro batean haztea. Familiek haurrak hartzeko prozesua azkartu nahi dute, eta adopzioen bermeak areagotu.

Bizi ohitura osasungarriak

Haur eta nerabeek bizi ohitura osasungarriak hartzea ere bultzatu nahi dute. Hori lortze aldera, eskolan haurrek ariketa fisiko gehiago egitea nahi dute. Bide horretan, Soin Heziketako irakasgaiari eskaintzen dioten ordu kopurua handitu nahi dute.

Nerabeak erretzen eta alkohola edaten hasten diren adina ere atzeratu nahi dute. «Kontsumo hori gutxitzeko eta saihesteko ekintzak jarriko ditugu martxan».


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada