2013/05/22

BERRIA: Bilboko Kabaretaren berpiztea

Penak ahazteko kantuak

 
 
Ibaiaren alde honetan izan zen kabareten oinordekorik? Agian bai. Gustatuko litzaiguke, bederen». Badulake tabernaren jabe Elena Sarasolak esana da, eta buruarekin buruarekin baietz dio ondotik begira duen bazkideak,Yolanda Martinezek. Bilboko San Frantzisko auzoko Hernani kalean daukate taberna, eta, han, Fellini taldeak astero eskaintzen du kabaret ikuskizun bat. «Hamar urtez, ostegunero gelditu gabe ari dira taula gainera igotzen», dio Martinezek. Iraganari keinu egiten diote euren txokotik; auzoa izan zena gogorarazten dute. «La Palanca-n —Gorte kalearen izengoitia— kabaret asko zeuden XX. mendean: kafe kontzertuak, trabestien ikuskizunak, kabaretak, playback-ak eta abar». Baina auzoa aldatu egin da, eta, harekin batera, gaueko giro hori ere desagertuz joan da. Kabareta, ordea, oraindik ez da auzotik joan. Are gehiago: muga hori ere gainditu egin du.

«Bilboko ikuskizun guztiek zergatik egon behar dute erdigunean?», dio Miren de Miguel kabaret abeslariak. Zorrotzaurre auzora joan zen hura 2009an So in love ikuskizuna eskaintzera, Haceria aretora. «Hemen sortzen den giroa berezia da, gertukoa eta goxoa. Kabaretarentzako aproposa», azaldu du. Agian horrek bultzatuta, Pabellon 6 aretoa ere kabaret ikuskizunak eskaintzen hasi zen, duela urtebete inguru. «Iraganean San Frantzisko auzoan egon zen giro horren jarraipena izan daiteke Zorrotzaurren gertatzen ari dena», De Miguelen arabera. Hainbat urtetan bizirik iraun duen ikuskizun mota hori berriz pizten ari da orain. «Oraindik txikia bada ere, zirkuitu bat sortzen ari dela esan daiteke», dio. Eta, horretarako, hainbat arrazoi egon daitezke.

Ondo pasatzeko gogoa

Martinezek uste du pizkunde hori aktoreek gero eta lan gutxiago daukatelako gertatzen ari dela. «Gastu gutxiko ikuskizunak izaten dira askotan, ez bada antzoki handiago batean egiten, edo prestatutako leku batean». Hori dela eta, gero eta aktore gehiago leku bila ari dira, dioenez, azpiegitura gutxiko ikuskizunak eskaini ahal izateko. Eta soiltasun horren adierazgarri da Badulakeko osteguneroko Felliniren kabareta: taula bat eta musika nahasteko mahai bat besterik ez da behar. Eta harrera beroa izaten dute, gainera. «Eduki kritiko handia dauka haien ikuskizunak, eta jendeak sufritzen ari denarekin egiten du barre. Bestela ere badugu nahikoa buruko min», dio Sarasolak.

Pako Rebuelta Pabellon 6eko arduraduna ez zen horren jakitun, eta, ohartu gabe, espero gabeko arrakasta izan du kabaretarekin. «Iazko Aste Nagusian, bi ekoizpen egin genituen, bata antzokirako eta bestea Ambigu jatetxerako», oroitu da. Zorrotzaurreko lokalean hamabost egunez eduki zuten kabareta ikusgai, eta «oso ondo funtzionatu zuen». Beraz, jakin gabe, publikoaren interesarekin topo egin zuten. Hari horri tiraka, hilabete batzuk geroago, beste kabaret bat eskaini zuten aretoan, eta, azkenik, euren programazioaren parte bilakatu zen. Baina Badulaken ez bezala, haien ikuskizunek azpiegitura gehiago behar dute, eta kostu altuagoa daukate. Nolanahi ere, jendeak erantzuten die, eta horrek programazioarekin aurrera jarraitu ahal izateko aukera ematen die. «Nire ustez, jendeak txantxa eta burla nahi du. Eta kabaretak sarkasmoa berekin daramanez, barre eginarazten dizu».

Urrutira joan gabe, De Miguelek ere antzeko ondorioa atera du kabaretaren arrakasta arrazoitzeko. «Jendeak barruan daramatzan kateak askatzeko gogoa dauka, eta ongi pasatzera etortzen da gurera». Horrenbeste, ezen ezagutzen baitu ikuskizunera hogei bider joan zaionik ere. «Eta hainbestetan ikusitako lanak oraindik barregura sorrarazten die». Haren arabera, horren arrazoia inprobisazioan oinarritzen da: «Ez dut sekula ikuskizun bera egiten, nahiz eta gidoi bat eduki». Cole Porter musikari estatubatuarraren bizitzan oinarritutako kabareta interpretatzen du, baina emankizun guztiak ezberdinak dira. Gaur-gaurko gai ugari tartekatzen ditu gidoiarekin. «Barcenas edo Urdangarin auziak edo aste horretan albiste izan dena ikuskizunera eramaten dut». Beraz, ikuskizun bakoitza berezia izaten da, haren ustez.

Inprobisazio hori muturrera daramate Fellini taldeko kideek. «Ostegunero ezer barik irteten gara taulara, eta publikoa erabiltzen dugu baliabide gisa», kontatu du Oskar Delgadok, taldeko Nagore Gore-k. Bilbo hiri txikia dela dio, eta uste du jendeari gauza ezberdinak eskaini behar zaizkiola, euren ikuskizuna behin eta berriro ikus dezan. «Hemendik kanpora, gainera, dohain horregatik bereizten gaituzte». Jakitun da horrek lan eskerga dakarrela ere; «gehienetan, irudimenak baldintzatuta» daude, egun guztiak ez direlako berdinak. «Kontuak kontu, mozorroa jantzi eta umorea aldatzen saiatzen gara».

Kabaret eredu ezberdinak

Bilboren txikitasun horretan, kabareta erregulartasunez hiru taulatan programatzen dute, eta estilo erabat ezberdinak jorratzen dituzte. «Kabaret klasikoa lantzen dut nik, operaren mundutik iritsita zaila baita joera batzuk alboratzea», dio De Miguelek. Soprano gisa aritu da Italiako zenbait operatan kantari, eta Bilbora itzuli zenean, «zerbait ezberdina» egin nahi izan zuen. Baita lortu ere. Haceria aretoko Manu Gomez kudeatzailearekin hitz egin zuen, eta kabaretaren munduan saiatzeko gomendioa egin zion. «Hark animatu ninduen». Baliabide gutxirekin hasi ziren «antzezlanez antzezlan kabareta sortzen», eta, azkenerako, «bakarrik mugitzen den makina bat» lortu dute. Ikuskizuna kantu lirikoan oinarritzen da, eta Cole Porter musikariaren kantuak interpretatzen ditu. «Horixe nahi nuen».

Felliniren kasua bestelakoa da. «Trabestien ikuskizun bat egin nahi genuen, baina ez ohiko moduan», dio Delgadok. Dotorezia eta zaindutako irudia alboratu, eta transformismoari parodia egiten diote. «Gure pertsonaiak oso femeninoak dira, baina, era berean, kritiko gara idatzi gabeko arauekin». Nagore Gorek, esaterako, ez du bizarrik egiten. Garbi dago gizona dela. «Transformismoa ezberdin egin dugu; izan ere, nire itxurak mugatu egiten ninduen emakume itxura hartzeko garaian». Beraz, engainatzearen ideia alboratu, eta erakarri beharrean barrea sorraraztea izan zen Delgadoren asmoa. Hautu hori kabaretean lehen urratsak egiten hasi zenean hartu zuen, duela hogei urte. «Bost urte ondoren, Fellini taldea sortu genuenean, oinarriak jarrita geneuzkan, eta ildo horretan jarraitu genuen», azaldu du. «Hori zen La Palancan zeuden ikuskizun batzuen izaera». Bi auzo, bi eredu, eta gero eta etorkizun sendoagoa du kabaretak Bilbon.


 

Euskal kutsuko kabaretak

Euskaraz ere egin izan dira kabaretak, eta sustrai euskaldunak ahaztu gabe. Hor da bertso kabareta, batetik, eta Jon Miranderen lanean oinarritutako bat, bestetik.
L. Muñagorri Garmendia
Euskaldunok badaukagu gogoa barruan daramagun ehun urteko abade hori haize hartzera bidaltzeko!». Hala dio Onintza Enbeita bertsolariak. Euskaraz egin den kabaret urrietako bateko kide izan zen 2006. urtean, Oihane Perea eta Iratxe Ibarrarekin batera: Emetik bertso kabaretekoa. «Gure kezkak azaleratzeko bide bat izan zen, emakumeek isilean gorde ohi dituzten gaiak plazaratzeko». Hilerokoa, depilazioa, amatasuna, tratu txarrak eta beste hainbat gai landu zituzten urtebeteko ibilbidean. Eta harrera beroa izan zuten kantatu zuten plazetan; batez ere, adineko emakumeen artean. «Sinetsarazi digute gai horiek gureak bakarrik direla, eta horiei buruz konplexurik gabe kantatzean, oso ongi erantzuten zuten», dio.

Euskal Herri guztian zehar ibili ziren bertsoa, musika eta poesia uztartzen zituen ikuskizun harekin. «Badago zirkuitu txiki bat, non halako esperientzia apurtzaileek funtziona dezaketen». Eta euskarazko kabaretari txoko bat zabaldu zioten. «Gurea ez zen kabaret garbia, baina bazituen osagai polit batzuk».

Aurrera jarraitu izana polita izango zela uste du Enbeitak, muga asko gaindituko zirelako. Eta hari horri jarraituz, Mirande kabareta idatzi zuen 2009. urtean Edorta Jimenez idazleak, Andima Ibiñagabeitia idazleak gutun batean Jon Miranderi aitortu ziona betetzeko asmoz: euskarazko kabareta sortu. Txuma Murugarrenen musikarekin lagunduta, Miranderen poema errezitaldiak eskaini zituzten. Kabaretetik edaten zuen ikuskizun bat izan zen, baina antzerkia zen, batez ere, publikoarekin harreman zuzena eduki arren. Bata ala bestea, euskal kutsuko esperientziak izan ziren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario