2013/03/11

Laikotasunaren prentsa-oharra



Laikotasuna, gizarte laiko baten aldeko Gipuzkoako elkarteak, bere guztizko arbuioa adierazi nahi du Espainiako barne ministro Jorge Fernández Diaz-ek otsailaren 3an Erromako Espainiaren Enbaxadan egindako deklarazioengatik: Erlijioa ezin da funtsgabeko ikasgaitzat hartu, eta gainerako ikasgai nagusien maila berean ipini behar da”; ministroari, gainera, beharrezkoa iruditzen zaio erlijioak espazio publikoan egotea. Hitz horiek argi eta garbi erakusten dute, zerbitzari publikoa den pertsona baten integrismo katolikozko mentalitatea, beraren erlijio-sinesteak besteen sisneste edo ez-sinesteen gainetik jarri nahi dituena.
Deklarazio beretan, ezkontza homosexualaren aurkako jarrera adierazi du, bere hitzetan: “espeziearen iraupena ez duelako bermatzen”. Homofobiaz  eta haurrak dituzten milaka familia homosexualen aurkako mespretxuz blai dauden adierazpenak. Laikotasunak gogorarazi nahi du Espainiako Konstituzio Auzitegiak ebatzi zuela ezkontza homosexuala legezkoa dela, eta hortaz, zalantzan jartzea, joko demokratikoaren aurkakoa dela.
Espainiako Estatua  Estatu ez-konfesionala izaki,  XXI. mendea aurrera doala, ulertezina da barne ministro batek, Opuseko supernumerarioa, konstituzioaren aurkako jarrera arbuiagarri bat hartuz, beraren fanatismo erlijiosoa inposatzen saiatzea, hiritar libre eta berdinen eskubide konstituzionalen gainetik erlijioa paratuz.
Horregatik Laikotasunak uste du eta esijitzen du J. Fernández Diaz jaunaren dimisioa, edota guztion ordezkari izan behar duen gobernuak bere kargutik ken dezala berehala.

Donostia 2013ko martxoren 5ean

No hay comentarios:

Publicar un comentario