2012/12/12

BERRIA: Transexualitateak patologizatuta segitzea salatu dute

Transexualitatea. DSMren eskuliburua

 Transexualek jasaten duten sufrimendua gaixotasun psikikoen zerrendan mantendu dute AEBetako psikiatren eskuliburuan

Gobernuei borondate politikoa izateko eskatu diete despatologizatu ahal izateko

«Urrats eta ikuspegi aldaketa txiki bat da. Baina transexualitatea ez da desagertu DSM eskuliburutik. Beren sexuarekin identifikatuta ez egoteagatik transexualek jasaten duten sufrimenduak eta larritasunak zerrendan jarraitzen dute». Alira Araneta sexologoaren hitzak dira. Hala hartu du Ameriketako Estatu Batuetako Psikiatren Elkartearen eskuliburutik, DSMtik, transexualitatea kenduko duten albistea. Bat dator Aranetaren iritziarekin Bizkaiko EHGAMeko kide Jaime Mendia. «Psikiatra atzerakoienei atea zabalik utzi diete, pertsona baten sexu ezaugarriak aldatzeko prozesua oztopatzeko». Biek egin dute transexualitatearen despatologizazioaren alde.

DSMa AEBetako psikiatren oinarrizko eskuliburua da. Datorren urtean kaleratuko dute bosgarren argitaraldia. Hogei urteren ondoren, hainbat eguneraketa egingo dituzte. Iragan astean iragarri zutenez, aldaketarik esanguratsuenetakoa da transexualitatea gaixotasun psikikoen zerrendatik kenduko dutela. Transexualitatea despatologizatzearen alde lanean ari zirenen aspaldiko eskaria zen.

Zapore gazi-gozoa utzi dio erabakiak Aranetari. «1980ko hamarkadan homosexualitatearekin egin zuten antzeko zerbait egin dute. Izan ere, eskuliburuan mantentzen dute sexuarekin identifikatua ez egoteagatik sortzen den larrialdia edo sufrimendua; hau da, genero disforia». Transexual gehienek, «guztiek ez esateagatik», sufrimendu hori berekin dutela nabarmendu du Aranetak: «Gaur egungo gizarteak oraindik ez ditu onartzen transexualak. Ezinezkoa da ez sufritzea». Ados dago horrekin Mendia. «Psikiatra atzerakoienek hor dute helduleku bat, eta ziur batzuek aprobetxatuko dutela».

Beraz, azaldu dute sakonean ez dela ezer aldatu. Araneta: «Azken batean, sexu ezaugarriak aldatzeko prozesuak psikiatrizatuta jarraituko du. Transexualek psikiatraren diagnostikoa beharko dute paperak aldatzeko, endokrinoarengana joateko, ebakuntza multzoa egiteko... Prozesu guztia aurrera eramateko». Gainera, sufrimendu hori «norbere arazotzat» jasotzea gaitzetsi du, transfobiaren ondorioak ezkutatzen dituelakoan: «Hor tranpa handia dago».

Hortik harago, garrantzitsua iruditzen zaio transexualitateak eragiten duen sufrimendua disfuntzio sexualen kapitulutik ateratzea. «Hori bere horretan bada garrantzitsua, patologia sexual mentalek estigmatizazio gehiago baitute».

Aranetak katalogoan aipatzen den beste diagnostiko bati jarri nahi izan dio arreta: nahasmendu trabestia deitzen diotenari. «Diagnostiko hori kategorizatzeko sintomak pila bat zabaldu dituzte». Horrek ondorioak izan ditzakeela uste du. «Aukera gehiago dago psikiatra batek transexual bati esateko nahasmendu trabestia duela, eta sexu ezaugarriak aldatzeko prozesu legal eta mediko guztia ukatzeko. Hori arriskutsua iruditzen zait, are gehiago osasun publikoan egiten ari diren murrizketak kontuan hartuta. Tratamenduak ez onartzeko bidea ematen diete».

Aldaketak, zail

Sexologoak ez du uste, gainera, DSM eskuliburuan beste aldaketarik egingo dutenik epe laburrean; hau da, genero disforia kenduko dutenik. «Interes handiak daude eskuliburu horren inguruan: botika enpresenak, osasun aseguru pribatuenak... DSMren arduradunak kontrakoa egiten ari dira: gaixotasun psikiatrikoen zerrenda handitzen».

Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasunen katalogoan mantentzen du transexualitatea, gero eta ozenagoak diren aurkako jarrerei entzungor eginda. OMEren eskuliburua berrikusteko taldeetako batean dago Araneta: «Gutxienez lantalde bat osatzeko aukera eman digute, eta haiekin hitz egiteko. Baina zaila da zer egingo duten jakitea. Guk gogor lan egingo dugu». Baikorragoa da Mendia: «Nik espero dut kenduko dutela. Urte asko daramagu borrokan, transexualen eskubideen alde. Lorpen handia litzateke».

Oso garrantzitsua iruditzen zaie transexualitatea gaixotasunen eskuliburuetatik kentzea. «Estigmatizazioa nabarmen gutxituko litzateke, eta hori oso garrantzitsua da, berez egoera gogorra bizitzea tokatzen baitzaie».

Gainera, horrek beste gauza bat ekarriko luke ezinbestean: oztopo legal eta medikoak kenduko lirateke. «Dagoeneko ez litzateke beharrezkoa izango psikiatra baten baimenik sexu ezaugarriak aldatzeko prozesua abiatzeko». Oraindik baimen hori behar izatea «zentzugabea» iruditzen zaio Mendiari. «Prozesua luzatu eta zaildu besterik ez du egiten. Ez du zentzurik beste norbaiten baimena eta onespena behar izatea. Kasu honetan psikiatrarena. Ez al da gizartea psikiatrarengana joan behar duena garai hauetan egoera hori onartzeagatik?».

Urrats gehiago egiteko borondate politikoa eskatu die administrazio publikoei. Argentinaren adibidea jarri du. «Urte hasieran lege bat atera zuten, eta, horren arabera, transexualei ez zaie inolako diagnostiko psikiatrikorik eskatzen prozesua hasteko, ezta bi urteko tratamendu bat izatea ere. Sekulako urratsa izan da. Osasunaren Mundu Erakundeak eta Ameriketako Estatu Batuetako psikiatrek diotenetik harago, borondatea badute, gobernuek transexualitatea despatologizatzeko neurriak har ditzakete. Haien esku dago. Egiten badute, OME eta DSM behartuta egongo dira aldaketak egitera».

Espainiako Gobernuaren aldetik borondate gutxi ikusten dute legea aldatzeko. Are gehiago PP gobernuan egonda. «Ez dute ezer aldatuko, eta esaten ari dira sexu ezaugarriak aldatzeko kirurgiak kenduko dituztela. Baina ez dira konturatzen ebakuntza horiek ez daudela oinarrizko zerbitzuen zerrendan. Beraz, erkidegoen esku dago zer egin», esan du Aranetak.

Bertako legeak

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartutako legeen inguruan nahikoa ikuspegi baikorra dute. Mendia: «Jaurlaritzaren kasuan, nabarmenduko nuke gizarte eragileekin lan handia egin zuela legea onartzeko. Egia da, halere, ez dela izan espero bezain aurrerakoia. Baina, behintzat, urrats bat da. Alde positiboari begiratu behar diogu. Gainera, kasu batzuetan erkidegoek ez dituzte eskumenak legeak nahi bezainbeste garatzeko».

Iritzia emateko goizegi dela uste du Aranetak. Baina alde onak dituztela nabarmendu du. «Behintzat, modua ematen dute sexua aldatzeko prozesuak irauten duen bitartean trantsiziozko nortasun agiria izateko. Hori garrantzitsua da, agiri horrekin milaka izapide egiten baitira eta transexualek trabak besterik ez baitute izaten. Halako gauzak oso garrantzitsuak dira egunerokotasunerako. Ondo dago baita ere transexualak gizarteratzeko eta laneratzeko ekinbideak aurreikustea. Dena den, ikusi beharko dugu nola garatzen dituzten lege horiek».

No hay comentarios:

Publicar un comentario