2012/11/08

Sexu bereko kideen arteko ezkontzari bidea ireki dio Gobernu frantsesak

GARA:Gobernu frantseseko Ministro Kontseiluak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren lege egitasmoa onartu zuen atzo, hainbat herrialdetan jada egindako urratsari jarraituz. Urtarriletik aurrera Parlamentuan eztabaidatuko dute adopzio eskubidea ere jasotzen duen testua.

Gobernu frantsesak sexu bereko kideen arteko ezkontzari buruzko legea onartu zuen atzo, beste hamaika estaturen urratsei jarraituz. «Ezkontza homosexuala ez da soilik batzuentzako aurrerapena izango, gizarte osoarentzat baizik», adierazi zuen François Hollande presidenteak Ministroen Kontseiluan.
«Guztiontzako ezkontza» bere hauteskunde kanpainako promesa nagusietariko bat izan zen. Egitasmo horren gainean lege eztabaida izango zela agindu zuen Hollandek, baina aldi berean «kontrolpean» eta «iritzi eta sinismenekiko errespetua» eskatu zuen.
Gobernuak onartu duen testua indarrean sartu baino lehen, Parlamentuko bi ganberek aztertu eta bozkatu beharko dute. Urtarriletik aurrera izango da hori. «Ezkontza sexu bereko edo sexu ezberdineko bi pertsonak egiten dute», dio lege egitasmoaren testuak. Hortaz, bikote homosexualek seme-alabak adoptatzeko eskubidea izango dute, bikote heterosexualen moduan.
Aitzitik, Gobernuak egindako testuak ez die onartzen bi emakumek osatutako bikoteei medikuntzaz lagundutako ugalketa. «Le Monde» egunkariak atzo argitaratutako inkesta baten arabera, frantziar gehienak sexu bereko bikoteen ezkontzaren (65%) eta adopzioaren (52%) alde daude .
Baina oposizioak ez du amore eman. François Fillon lehen ministro ohiak ohartarazi zuenez, legea azkenean onartuta ere, eskuina boterera iritsiz gero, indargabetu egingo lukete.
Eztabaidak gora egin du azken egunetan Frantziako apezpikuen urteroko batzarra dela-eta. Batzarraren presidenteak, Andre Vingt-Trois kardinalak, katolikoei eskatu die hautetsiei idazteko «jokoan dagonaren larritasunaz» ohartaraziz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada