2012/11/07

Konstituzionalak lege segurtasuna eman die sexu berekoen ezkontzei

BERRIA:Gay eta lesbianen eskubideak. Sexu berekoen ezkontzak Hego Euskal Herrian

PPk jarritako helegitea atzera bota, eta homosexualen ezkontzak babestu ditu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak

Osoko Bilkurako zortzi epailek bozkatu dute legearen alde, eta hiruk kontra

Eskubide berdintasunean urrats bat gehiago egin dute gay eta lesbianek Hego Euskal Herrian: haien ezkontzek gizon eta emakumeen arteko loturen balio bera izango dute. Hala ebatzi zuen atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, homosexualen ezkontzak arautzen dituen legearen aurka PPk jarritako helegitea atzera botata. Espero baino babes handiagoa lortu zuen, gainera, legeak: Osoko Bilkuran boto eskubidea duten 11 epaileetako zortzik homosexualen ezkontzen alde egin zuten, eta hiruk aurka; epaia bospasei egun barru aterako da argitara. Edonola ere, erabakiarekin pozik agertu da EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimendua, besteak beste, lege segurtasuna eman dielako Hego Euskal Herrian ezkondutako mila bikoteri baino gehiagori.


2005eko ekainean onartu zuen Espainiako Gobernuak homosexualen ezkontzei buruzko legea: haren bidez, Kode Zibila aldatu zuen, sexu berekoen loturak baimentzeko. Ia-ia aitzindaria izan zen Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuaren neurria: ordura arte, beste bi herrialdek baino ez zieten onartua ezkontzeko eskubidea gay eta lesbianei. Aurkako iritziek, baina, irmo iraun zuten, eta urte hartako irailean helegitea jarri zuen PPk Auzitegi Konstituzionalean.

Sexu berekoen arteko lotura ezkontza izendatzea Espainiako Konstituzioaren aurkakoa zela argudiatu zuen alderdiak errekurtsoan, «ezkontzaren oinarrizko instituzioa desnaturalizatzen» zuelakoan. Gaztelaniazko matrimonio hitzaren etimologiara ere jo zuten, «gizon eta emakumeen arteko lotura sexuala eta ondoriozko ernalketa» adierazten zituelakoan. Ideia horren alde egin zuen Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak atzo: «Ez genuen helegitea jarri sexu berekoen loturak ondorio juridikoak dituelako, horrek ez baitzigun axola. Guk izena errekurritu genuen».

Esperotako albistea


Legea onartu zenetik 2012. urte hasierara, sexu bereko 1.000 bikote baino gehiago ezkondu dira Hego Euskal Herrian, eta beste 21.000 Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian. Lotura horiek guztiak legezkoak direla baieztatu du Auzitegi Konstituzionalak, zazpi urteren ondoren, nahiz eta atzoko Oso Bilkurak ordubete ere ez zuen iraun.

Azken asteotan helegitea eztabaidatzen jardun ostean, Pablo Perez Tremps epaileak atzo aurkeztutako txostena onetsi zuten bilkurako zazpi progresistek eta kontserbadoreetako batek. Guztira lau boto partikular jaso zituen testuak: aurkako hirurak, eta aldeko bat —ebazpenarekin bat etorri arren, epaiaren zati batekin ados ez dagoen epaile batena—. Dena den, albiste agentzien arabera, «Konstituzioaren interpretazio ebolutiboa» egin du auzitegiak; hau da, egungo gizartearen eskakizunen arabera interpretatu du.

Konstituzionalaren erabakia espero zuela aitortu zion atzo iluntzean kazeta honi Imanol Alvarez EHGAMeko kideak. Helegiteari ez zion funts handirik ikusten: «Espainiako Konstituzioak ezkontzeko eskubidea onartzen die gizonei zein emakumeei, baina ez du zehazten nola ezkondu behar duten; areago, beste araudien esku uzten du hori zehaztea». Izatez, matrimonio hitzaren esanahi ofiziala ere ez zuen PPk alde, RAE akademiak berriki aldatu baitu definizioa.

Pozik dago Alvarez albistearekin, gay eta lesbianei aitorpen bat dakarkielako. Gogora ekarri du EHGAM izan zela sexu berekoek ezkontzeko eskubidea zutela aldarrikatzen lehenetarikoa, baina azalpen bat eginez: «Elkarteak eta nik ez dugu uste ezkontza denik modu bakarra edo onena pertsonen arteko harremanak bideratzeko». Eskubideen alorrean lortutako urratsari egozten dio, beraz, poztasuna: «Eskubideetan berdinak izan behar dugu; ezkontzarik dagoen bitartean, guk ezkontzeko aukera izan behar dugu, bestela diskriminazioa dago».

PPren barruan, zatiketa

Oposizioan zegoenean jarri zion PPk helegitea legeari, eta ikusteko dago zer egingo duen orain, gobernuan egonik. Hau da, legea mantendu, aldatu ala indargabetuko duen. Konstituzionalaren ebazpenaren berri izan eta berehala Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak iragarri zuen Espainiako Gobernuak epaia errespetatuko duela, eta loteslea denez ez duela legea aldatuko.

Izan ere, helegiteak berak desadostasun nabarmenak eragin ditu PPren barruan. Paradoxikoki, Gallardonek berak beti adierazi izan du legea «konstituzionaltzat» duela, eta sexu bereko bikote ugari ezkondu zituen Madrilgo alkate zenean. Ekainean, ministro zela, Iñaki Oiartzabalen «koherentzia» goratu zuen, EAEko PPko idazkari nagusiak homosexuala zela jakinarazi zuenean. Oiartzabalek berak pozez hartu zuen atzo albistea: «Ebazpenak segurtasun juridikoa emango die ezkondutako edo ezkondu nahi duten gay eta lesbianei».

Euskal Herriko PPko beste zenbait politikari ere agertu dira legearen alde. «Azkenean, legez normala izango da kalean normala dena», adierazi zuen Gasteizko alkate Javier Marotok atzo goizean, ebazpenaren berri izan aurretik. Areago joan zen hiriburuko alkate ohi Alfonso Alonso, egun PPko bozeramailea dena Espainiako Kongresuan. Bere hitzetan, alderdia «erratu» egin zen «zorigaiztoko» helegitea jartzean: «Eztabaida erabat itxi behar dugu Konstituzionalaren erabakiaren ostean».

Eusko Jaurlaritzak ere jakinarazi zuen legearen aldeko ebazpena espero zuela. Baita EAJk ere, Josu Erkoreka Kongresuko diputatuaren ahotik: «Homosexualen arteko loturak izendatzeari buruzko desadostasunek ez lukete eskubideen gainetik egon behar».

Homosexualen ezkontzak legeztatu dituzten herrialdeak.

Mundu osoko 11 herrialdek baino ez daukate sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legez baimenduta. Herbehereak izan ziren lehenak, 2000. ean; ordutik, beste hamar gobernuk arautu dituzte gay eta lesbianen loturak: Belgika, Espainia, Kanada, Hegoafrika, Norvegia, Suedia, Portugal, Islandia, Argentina eta Danimarka. Horietan ez ezik, Amerikako Estatu Batuetako sei estatutan —Massachusetts, Connecticut, Iowa, Vermont, New Hampshire eta New York— legezkoak dira homosexualen arteko ezkontzak, baita Mexikoko hiriburuan eta Quintana Roo estatuan ere, eta Brasilgo Alagoas estatuan

No hay comentarios:

Publicar un comentario