2012/03/13

AMAIA AZKUE, INDARKERI SEXISTAREN ONDORIOZ ERAILA


Amaia Azkue, Zarautzen bizi zen oriotarra, 2011ko martxoaren 16an bahitua, kolpatua eta eraila izan zen. Ustez hamazazpi urteko mutil gazte azpeitiar baten eskutik. Udaberrian amorruz jaso genuen notizia eta abuztuaren amaierara ustezko hiltzailearen atxiloketaren berri jakin genuen.  Ahozabalik, kezkatuak eta gertatu denari erantzun ezinda geratu ginen orduan.
Komunikabideek sentsazionalismoz mozorrotu dute Amaiaren erailketa; dela lapurreta, hiltzailearen psikopatiaren ondorioa, mendekua… ezer ez dago argi, baina dena delakoa ere gure ustez botere harremanak direla eta  gertatu den indarkeria sexistaren kasu bat da.
Esanguratsua, hiltzaileak emakume bat aukeratu izana, eta ez gizon bat. Gertaera honen arduradun zuzena hiltzailea bera izan arren, hau ez da gertakari isolatu bat; hau jendarte matxistaren ondorio bat gehiago da.
Gertaera lazgarri honen atzean indarkeria sexista dago. Jendarte patriarkala, batak bestea menperatzean oinarritzen da, arrazen arteko zapalkuntzan, klase zapalkuntza edota sexuen arteko menpeko harremanetan. Indarkeria sexista sexu bat bestearekiko gailentzen denean ematen da eta kasu honetan halaxe izan da.
Gehiegizko kontrola, errespetu falta, gutxiestea, mehatxuak, kolpeak… nahiz erailketak, maiztasunez gertatzen dira gure inguruan. Ez soilik etxeetan, baita kalean, tabernan eta lantokian ere; indarkeria sexista ez da bakarrik bikotekidearen, familiartekoaren, lagunaren edo lankidearen eskutik etortzen, ezezagunen artean ere ematen da.
Komentario sentsazionalista eta txutxumutxuetatik haratago, erailketa honetan, boterearen adierazpen nabarmena ageri da. Erailketaren arrazoiak anitzak izan daitezkeen arren, argia da hiltzailea eta eraildakoaren artean bazela botere harreman nabarmena.   
Erailketa gertaera latza eta mingarria izan da eskualdean. Hala ere gaiari ez zaio seriotasun eta erantzukizunarekin heldu. Inguruko herrietan, txutxumutxuak eta inora eramaten ez duten komentarioak nagusitu dira eta instituzioek azaleko zenbait adierazpenez gain ez dute bestelako neurririk hartu urte bete honetan.
Emakumeon artean, ordea, beldurra nagusitu da. Patriarkatuak atxikitu digun beldurtiaren rola mantenarazi eta indartu du gertaerak. Lehen paseoan lasai ibiltzen ginen zenbait lekutan askoz ere emakume gutxiago ikusten da, lehen autoestopa egitea beldurgarria bazen orain are gehiago. Honek eta etengabeko indarkeri sexista kasuek, kalean lasai ibiltzea eragotzi digute baina honen aurrean beste behin ere kaleak gure egin nahi ditugu. Ozen aldarrikatu nahi dugu kalean lasai eta beldurrik gabe ibiltzeko eskubidea dugula.
Urte bete luzearen ondoren Amaiaren ustezko hiltzailearen aurkako epaiketa hasi da. Honen aurrean, Urola Kostako Koordinadora feminista osatzen dugun taldeok, hauxe adierazi eta eskatzen dugu:
-          Gure samina, elkartasun eta babes osoa Amaia Azkueren familiarte eta lagunei une gogor hauetan.
-          Kasua lehen bait lehen argitzea. Epaiketa duina eta justizia sozialean oinarriturikoa egitea.
-          Ixiltasunarekin apurtzea. Sentsazionalismoa alde batetara utzi eta benetazko hausnarketa herritarra egitea.  Gaiaren inguruko eztabaida foroak sortzea (ikastetxeetako irakasle, ikasle eta gurasoen artean adibidez) eta gaia erantzunkizunez aztertzea eta egoera hauek eragozteko zer egin dezakegun pentsatzea.
-          Udalari eta instituzioei, hezkuntzan prebentzioa eta autodefentsa sustatzeko programak martxan jartzea.
-          Emakumeei: kalera ateratzea, etxean ez geratzea eta gure burua defendatzeko entrenatzen eta elkartzen jarraitzea.
           
Herritarrak eta instituzioak kalera atera eta gertaera hauek gure herrian onartezinak direla argi uztera deitzen ditugu. Asmo horerkin hurbildu gara gaur epaitegira. Iluntzean ere, azpeitian prentsaurrekoa egingo dugu 19.30tan Emakume txokoan. Horrez gain, ostiral honetan urola kostako herri gehienetan kontzentrazioak egingo dira eta hauetan parte hartzeko deialdia luzatu nahi dugu.
            Amaiari gertatua, guztioi gertatu zaigu,  emakumeoi, herritarroi, denoi. Urte bete beranduago Amaia gogoan dugu eta justizia eta kasua berehalakoan argitzea eskatzen dugu.
Urola Kostako Koordinadora Feminista
2012ko Martxoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario