2011/10/24

TRANSGENEROEN ALDEKO ALDARRIA, BERRIAN


BINOMIOA = GAIXOTASUNA
GORA TRANSGENERISMOA!!!

           
Kalera atera gara ozen salatzera sexu-genero binomioak gaixotzen gaituela, ez dela erreala, eta geure gorputzak ez datozela bat gizon-makume-heterosexual kategoriekin.

Salatu nahi dugu errealitatetzat jotzen dena –bi kategoriatako banaketa soziala: gizonak eta emakumeak– gezur hutsa dela eta indarkeria bortitzenaz ezartzen dela. Egungo jendarte patriarkalak sortzen ditu kategoria horiek, hain zuzen ere, guztion gaineko boterea izateko.

            Gizon-emakume-heterosexualaren eskema gartzela da, botere sistema totalitarioa, eta sistemaren arauak ez betetzearen ondorioa indarkeria matxista jasotzea da. Hala, emakumeok, lesbianok, prostitutok, marikok eta transok etengabe pairatzen dugu indarkeria matxista: transfobia, bollofobia, homofobia, etab.

Transgeneroen kolektiboak zalantzan jartzen du sexu-generoaren sistema totalitarioa. Izan ere, transek aurrez ezarritako rol eta ezaugarriak hausten dituzte, inposatutako generoa ukatuz eta behin eta berriz errepikatzen den eskemaren katea apurtuz. Sistema patriarkalak gorputz horiek patologizatzen ditu, gaixo mentaltzat joz. Baina gorputz horiek ez daude gaixo, indarkeria sortu eta baliatzen duen sistema matxista baizik!! Sistema honek min eta sufrimendu handia eragiten du!!

Diskurtso medikoek ideologia matxista eta binarioa iraunarazten dute, genital anbiguoekin jaiotzen diren gorputzak gaixotzat jo eta horietan esku hartuz, nahiz eta guztiz gorputz osasuntsuak izan. Bide horretan, gaixotasun kronikoak sortzen dira ez zeuden lekuan, eta gizon-emakume logika zalantzan jartzen duen intersex errealitatea ezkutatuz.

Exijitzen dugu Transexualitatea buruko gaitz gisa sailkatuta egoteari uztea, eta hortaz, Ameriketako Psikiatria Elkartearen DSM IV Buruko gaitzen diagnostikorako eta estatistikarako gidaren gaixotasun zerrendatik ateratzea.

Gorputz guztiei dei egiten dizuegu, genero kategoriak hauts ditzazuen, sexuaren eta generoaren arabera aurrez ezarritako botereekin behingoz eta betiko amai dezagun.

Binomioa da Gaixotasuna! Gora Transgenerismoa!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario