2010/02/17

100217 . ZUEN ZERUA, GURE INFERNUA


  • «Jainkoa iraintzen eta giza duintasuna mintzen duten bekatu larri dira haurrei egindako sexu gehiegikeriak» Irlandako artzapezpikuekin bildu ondotik, Elizaren ardurapean ziren zentroetan haur eta gaztetxoei egindako sexu gehiegikeriak «krimen larri» direla adierazi du du Benedikto XVI.a aita santuak.
  • Berria, 2010-02-17 # Ixiar Zubiaurre

Beste garai bateko ajeak jota dirudi Vatikanoak, aita santu letra larriz idazten zen garai haiek galdu izanaren penaz. Dena dela, barkamenaren predikua egite hutsarekin konpromisoetatik libre egiten zituen Eliza hari etsi-etsian heltzen dionik bada. Luze jotzen dute barkamen eskaera ofizialek oraindik. Eta elite erlijiosoak ez du salbuespen izan nahi, ofizial izaten jarraitzeko teman, akaso. Vatikanoarentzat, hala, «krimen lazgarriak» izan dira urteetan Irlandako elizgizonek haur eta gaztetxoei egindako sexu gehiegikeriak. Zalantzarik gabe, kritika kalifikatzaile gogorrak izan dira Benedikto XVI.ak egindakoak; kontzilioetako dokumentuei darien doinu barrokoarekin alderatuz bereziki. Barkamenik ez du eskatu oraindik, baina —gehiegikerien berri jasotzen duen lehen txostena argitaratu zutenetik zazpi hilabete pasa dira—. Eta egileak lotsatu beharko lituzkeen «krimen lazgarri» izaten jarraitzen du, ondorioz. Jainkoaren begietan «bekatu», haren bidetik atera diren gutxi batzuen «ekintza lotsagarri». Horregatik, Irlandako Elizak hierarkian goreneko karguetatik ez ikusiarena egin izanak ez dirudi gertatutakoaren larriaz ohartzeko balio izan duenik. Eta Vatikanoak azken hitza izaten jarraitzen du, baina hierarkiaren logikatik at, ez du erantzukizunik bere gain hartzeko asmorik, ezta keinu elizkoiena egiteko ere.

«Aita santuak uste du haur eta gaztetxoei egindako sexu gehiegikeriak krimen lazgarri direla. Baina ez hori bakarrik. Jainkoa iraintzen eta giza duintasuna mintzen duten bekatu larri ere badira», dio Vatikanoak argitaratutako azken prentsa oharrak. Herenegun eta atzo artean, Benedikto XVI.a Irlandako 24 artzapezpikurekin bildu zen, Vatikanoan. Azken 30 urteetan Eliza katolikoaren ardurapeko zentroetan egindako gehiegikerien inguruan hartu beharreko neurriez aritu ziren, ez lehenengo aldiz, dena dela. Iazko ekainetik hirugarren aldia da Irlandako auziaz hitz egiteko biltzen direna.
«Bileran parte hartu duten guztiek onartu dute Elizan konfiantza galtzea eragin duela krisi honek. Eta Elizak egindako ebanjelioaren irakurketari kalte egiten diola uste dute, baita irakaskuntza moralari onik egiten ez diola ere», dio bileran aterako ondorioak jasoz argitaratutako oharrak. «Irlandako Eliza ez zen eraginkortasunez jokatzeko gai izan»; horregatik, gertatutakoaren aurrean «erabakitasunez» aritzeko eskatu die Benedikto XVI.ak. Eta artzapezpikuak, berriz, herrialdeko agintari zibilekin lankidetzan aritzeko prest agertu dira, gertatutakoagatik «mina, haserrea eta lotsa» agertu ondoren.

Federico Lombardi Vatikanoaren bozeramailearen ustez, urte luzez gertatutakoa ezkutatu eta haurren aurkako sexu gehiegikeriak amaitzeko neurriak ez hartzeagatik Irlandako Elizak bere porrota onartu izana —autokritika moduan—oso garrantzitsua izan da. Pederastiagatik elizgizonen bat epaituko duten galdetu diotenean, ordea, erantzunak herrialde bakoitzeko zuzenbidearen araberakoa izan behar duela erantzun du Lombardik.

Delituetatik gehienak aspaldi gertatutakoak dira. Eta kasu gehienetan auzitara jotzeko aukera galdu dute biktimek, delitua bera iraungi egin delako. Horregatik, Patrick Walshek bezala, luzaroan gehiegikeriak sufritu zituzten askok justizia beste bide batzuetatik egiteko eskatzen diote Elizari, hala nola auzitegi sekular batean epaitu ezin daitezkeenak epaimahai klerikal batek ebaztea.

Irlanda,AEBak,Australia,Alemania...
Azken hilabeteetan Irlandako eskandaluak eragin dio Vatikanoari buruhauste handiena. Alabaina, beste hainbat herrialdetan apaizek egindako sexu gehiegikeriek ere polemika sonatuak eragin dituzte, AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta Australian kasu. Alemaniako jesuitek Berlingo Canisius eliteko eskolan egindakoak dira berriki hedabideetan agertu direnak. Herenegun, Peter Klaus Mertes eskolako errektore eta apaizak onartu zuen ehundik gora haur izan daitezkeela bertan abusuak jasan zituztenak.

Walter Mixa Augsburgoko artzapezpikuaren arabera, «sexu iraultzak» eragin du hainbeste apaiz pederasta agertu izana. Hala, Mixa sinetsita dago apaiz gehienek «sexualitate arrunta» dutela, eta ezkondutako gizonak direla pederasta, maizen. Izan bedi, hortaz, Elizarena pecata minuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada