2015/03/07

DEIA:ISIS eta homosexualitatea

DEFIANT Desire Hego Afrikako homosexualitatearen Apartheid garaiko liburuan asko harritu ninduen honek: Soweto eta gainontzeko auzo beltzetako homosexualek auzo zurien bazterretara ihes egiten zutela inguratzen zituen errepresiotik. Nola zitekeen? Libanoko LGBT jendearen artean, ISIS bertara -oraindik Siriaren zati bat konkistatu badute ere, martxa horretan helburua nahikoa gertagarri da- ailegatzeko beldurra eta ihesaren beharra hedatzen ari omen da. Sirian zer esanik ez. Lehengo erregimenak zigortutako hainbat eta hainbat homosexual ISISen aurreratzeen izulaborriz bizi dira. Munduan milioika diren errefuxiatuen saldorako bazka gehiago. Argazkiek beldurra ematen dute, negarra eragiteaz gain. Homosexualak -bat baino gehiago- hartu, begiak estali eta eraikin altuetatik botatzen dituzte shariak agindutakoa betez. Bi gazte Mossulen, beste gizon bat Raqqan. Gehiago izango dira, noski. Ez dizkizuet argazkiak deskribaturiko, hitzak motz gelditzen diren aldietako bat da hauxe. Nire buruari galdetu diot zer pentsatuko duen Joseph Massad Columbiako irakasleak, herrialde arabiarretan gaytasuna kontzeptu moduan kolonialismoaren bigarren buelta delako argudioari eusten zion hark? Nonbait Siriako gay jendea nahikoa ireki bizi zen, telefono aplikazioak barra-barra erabiltzen zituen elkarrekin harremanetan sartzeko hemengook egiten dugun moduan, eta, hortik erraza da jakitea nork praktikatzen zuen homosexualitatea, nork ez, eta zein roletan, hori ere, nonbait, aski inportantea delako herrialde arabiarretan. Eta galdera berehala dator? Ezkertiar marijakintsu hipermarxista iraultzaile horiek diotenaz bestela, Mendebaldea ote da mundu errealetatik homosexual izateko kulturarik abegikorrena? Irakeko gerra sortu eta neurri batean ISISen erantzule den Mendebalde hori bera? Sowetoko iheslari homosexuala bazterretan hartu eta auzo zurietan goxo-goxo gordetzen zen Mendebalde hura? Kapitalismo oldarkorreko Mendebalde hau? Eta ezkertiar marijakintsu hipermarxista iraultzaile horien nagusikeria eta arbuio begirada gorabehera, baietz erantzun beharko dugu. Aikejoderse, Mendebaldea!

No hay comentarios:

Publicar un comentario