2015/01/17

BERRIA:Sexu askapenerako gazte mugimendu berri bat eratu dute

Bi urteko prozesua izan du taldeak, eta hilabete bukaeran aurkeztuko dute. Gay eta lesbianak soilik ez, gizarte osoa dute helburu: "Jendarte osoaren askapen prozesu bat jarri nahi izan dugu mahai gainean".
Donostian aurkeztu dute mugimendua, katedral aurrean. / G. Goikoetxea
Sexu askapenerako mugimenduak hutsune bat izan du azken urteetan gazteen artean. 2012an bukatu zuen jarduna Gaztehgam taldeak, EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduaren gazte adarrak. Beste mugimendu bat osatzeko bidean aritu dira ordutik, eta amaitu dute prozesua. Donostian egin dute iragarpena, katedral aurrean.
Urtarrilaren 31n aurkeztuko dute talde berria, Bergaran (Gipuzkoa), kartzela zaharrean. Aldarrikapenerako bide izango da hautatutako lekua bera. Batetik, Bergara, hirigune handietatik kanpoko herria. "Proiektua Euskal Herrian barna hedatzearen apustuaren seinale da", azaldu dute taldeko ordezkariek. Bestetik, kartzela izandako lekua. "Kartzelen desagerpena aldarrikapen inportante bezala kokatu dugulako".
"Disidentzia sexualaren aktibazioa" du helburu mugimendu berriak, "subjektu politiko iraultzaile" bilakatzea. Nabarmendu dute sexu askapenaren gaiak ez diela soilik eragiten gay eta lesbianei: "Jendarte osoaren askapen prozesu bat jarri nahi izan dugu mahai gainean".
Taldearen izena eta logotipoa hilaren 31n bertan aurkeztuko dituzte. Kontzertuak eta horrelako ekitaldiak ere antolatu dituzte egun horretarako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario