2015/01/22

BERRIA:ATZEKOZ AURRERA. NENITA DANGER. AKTOREA «Nenita Danger pertsonaia nire barruan oso sartuta dago»

Kepa Olarra bilbotarraren izaeraren parte handi bat da Nenita Danger pertsonaia. Oso barruan daramala dio. Astebetez itxialdia egin du Bilbon, All Bilbao dendan, Nenitaz jantzita.
Bilboko San Frantzisko kalean dagoen All Bilbao paretik igaro den edonoren begi bistan egin du azken astea Nenita Danger aktoreak. Kepa Olarreta izateari utzi dio zazpi egunez, eta 1997. urtean Madrilen sortutako pertsonaiari heldu dio. One Week One Million izeneko performancea atzo bertan amaitu zuen, eta aurrerantzean egin gura duen performancean pentsatzen ari da jada Nenita Danger. «Ez dut astirik izan egin nahi nuen guztia egiteko».

Astebete daramazu hemen, milioi bat euro biltzea lortu al duzu?

Ez, hiru! [Barreak]. Ez, egia esan, milioi bat euroko helburua benetakoa da, eta horretan saiatuko gara. Azken momentura arte borrokatuko naiz milioi hori lortu arte. Oso zaila da, baina ez da ezinezkoa. Proiektuaren emaitza, ordea, ez da diru hori lortzea, performance bat egitea baizik, eta horren ondorioz biltzea diru kopuru hori.

Diru hori, zertarako?

Kasu honetan, Nenita Dangerrentzat. Bera da ikusten den zatia, eta hori erakutsi dut aste honetan. Esperientzia propioa dut Nenitarekin, urte asko baitaramatzat berarekin bizitzen. Eta hemen ere jaso dudan erantzuna aurretik kalean ere izandakoa izan da. Esperientzia honetan giltzapetuta nago, eta ez gustatzeko edo gaitzetsia izateko aukera ere izan dut. Eta, gainera, froga hau egiten ari gara sozialki sentibera den gune batean, San Frantzisko kalean, eta erakutsi dugu auzoan posible dela halako zerbait egin ahal izatea.

Gaitzetsi zaituzten irudipena izan duzu aste honetan?

Beno, jende gaztearen aldetik batzuetan jarrera txarra izan dut. Baina hori pertsona helduek egitea edo inkisidore begirada sentitzea, hori bai dela mingarria. Baina ez dut hori nabarmendu nahi, %99k jarrera baikorra izan baitute, irribarre egin eta agurtu egin nautelako. Pentsa, Eibartik ere etorri da jendea ni ikustera.

Aste osoa egon da Nenita Danger hemen, nekatu al zara inoiz?

Nenita nire barruan oso sartuta dago, edo ni haren barruan. Pertsonaia niregandik dator; beraz, ni naizen heinean, ez dut pertsonaia inongo momentuan traizionatzen. Beraz, Nenitaz jantzita nagoen bakoitzean naiz Nenita. Eta ez, ez zait nekeza egin.

Zure ametsa telebistako saio bat izatea omen da. Internet bidez eskaintzen ari zaren saio honekin lortzen ari zara, ala?

Bai, baina ekitaldi ugari egin ditut hau amestu ahal izateko. Nahi dudana egin dut aste honetan, baina inprobisazioak ere horretarako aukera handia ematen du. Esaterako, elkarrizketa hau egiten ari garen unea bera ere izan daiteke performancearen parte.

Performance bat al da hau ere?

Bai, noski! Nenita prentsarekin hizketan! [Barreak].

Street reality bat dela ere esan duzu. Zer da zehazki hori?

Ideia hori etorri zen reality bat kalean egin ondoren. Etxeetara iritsi gara Internet bidez, eta horretan jarraitu nahi dugu. Gainera, gauza pila bat egin gabe geratu zaizkigu. Hala ere, denetarik egin dugu: musika kontzertuak egon dira, musika ere jartzen egon dira, gimnasia egin dut, Mina jatetxeko Alvaro Garrido sukaldaria etorri zait bazkaria prestatzera kanpin gasean, eta masajea ere eman didate. Horregatik, hemen jarraitu nahi dut.

Nahi zenuen guztia ezin duzu egin. Beraz, itzuliko zara?

Bai, proiektu modura, One Week One Million-ekin jarraituko dut. Hau lehena da, baina gehiago egingo ditut. Oraingoan, ni izan naiz irabazten atera dena, edo dirua bildu duena, baina gizarte ekintzetarako ematea ere pentsatua daukat. Ez dakit non eta nola egingo dugun, baina asmoa badugu. Proiektuarekin aurrera jarraitzen badut, milioi bat bilduko dugu, baina dena ez da izango niretzat. Nahiz eta Nenitak behar duen etxearen kreditua ordaintzeko eta murgilduta dagoen garagardotegiaren proiektua ordaindu ahal izateko. Diru hori Nenitak antzezten jarrai dezan behar du, bizirik jarrai dezan. Baina behar handiena duten pertsonak ahaztu gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada