2014/12/28

BERRIA:R. LUCAS PLATERO. SOZIOLOGOA «Sexualitatea ikusezina da batzuetan, eta ikusgarriegia besteetan»

Boterearen erabilera, pribilegioak eta bazterketak darabiltza ahotan Platerok, horien arteko lotura ikertu baitu. Aliantzak eraikitzeko aukera gisa ikusten du intersekzionalitatearen ikuspegia, krisiari aurre egiteko.
R.Lukas Platero
Bazterretan daudenen errealitateak ikertzen bide akademiko oparoa egiten ari da Raquel-Lucas Platero soziologoa (Madril, 1970). Intersecciones. Cuerpos y sexualidades en la encrucijada (Intersekzioak. Gorputzak eta sexualitateak bidegurutzean) eta Transexualidades liburuak argitaratu ditu hilotan, horren seinale. DBHko irakaslea ere bada, gizarte zerbitzuetan, eta ikuspegi horretatik mintzatu zen joan den asteburuan Donostian, Feministaldian, queerpedagogiez.

Intersekzionalitatea aztertu duzu. Zertan datza?

Pertsonok dauzkagun askotariko egoerei erreparatzen die intersekzionalitateak. Adibidez: emakume bat, gaztea, hiri bateko kanpoko auzo batean bizi dena eta lan prekario bat duena supermerkatu batean; bizitzan gertatzen zaizkion gauza horiek guztiak elkarrekin korapilatuta daude, eta haren nortasuna, beharrizanak eta aukerak horiei lotuta daude. Kontzeptu horrek erakusten digu pertsonok kokaleku bat dugula eta kokaleku horrek gure bizitzako aukerak eta gaitasunak baldintzatzen dituela. Ez da gizarte bazterketaren teoria bat, baizik eta agente bihurtzearen eta ahalduntzeko gaitasunaren ingurukoa: norberarentzat idatzitako gidoi horretatik ateratzeko aukera badago, norbere baldintzez ohartuz gero. Intersekzionalitateak badu transformatzeko ahalmena, ohartzen zaren neurrian ez zarela zeu bakarrik, baizik eta zu, ezaugarri batzuekin, abagune batean, beste pertsona batzuekiko harremanean... Beraz, aukera ematen du norbere buruaz beste modu batera pentsatzeko.

Feminismoak genero azterketa erabili izan du gizartea ulertzeko. Ikuspegi hori jada ez al da nahikoa?

Intersekzionalitatea feminismoaren emaitza da. Ideia feminista bat da, feminismoa ohartu delako emakume guztiak ez direla berdinak; landagunean bizitzeak, kanpoko auzo batean gazte izateak, euskaraz hitz egiteak edo ezintasunen bat edukitzeak kokaleku desberdinetan jartzen ditu. Emakumeak gizonekin harremanean bizi dira, baina beste emakume batzuekin erlazioan ere bai, eta feminismoak menderakuntza lekuez teorizatu du, entzuten ez diren ahotsez, andre beltzez, ijitoez, auzokoez, aniztasun funtzionala dutenez...

Nola jar daiteke fokua bazterretan dauden horiengan?

Pribilegioaren teoria ere bada intersekzionalitatea. Azken batean, pribilegioa eta bazterketa aldi berean gertatzen dira. Nire ikasle bat, Amparo, ijitoa da, eta itsua: ijitoen artean elitea da, goi mailako hezkuntzara heldu delako, hain justu, itsua izateagatik; baina, era berean, ikasteari utzi behar izan dio, campusetik urrun bizi delako eta bidean nekatu egiten delako, kardiopatia bat daukalako. Egoeraren konplexutasuna aintzat hartuta ulertu behar da hori. Teoria horrek agerian uzten du badaudela pribilegioak eta, aldi berean, bazterketak; batzuk zein besteak teorizatu behar ditugu. Beraz, zein da gizarte honetako subjektu pribilegiatua? Nor ari da krisiarekin aberasten?

Botere harremanei behar besteko garrantzia ematen al diegu?

Uste dugu boterea goitik datorrela; baina boterea ez da edukitzen; erabili egiten da. Une oro. Autobusean zoazela, eserita joan beharko lukeen pertsona bat ikustean ez bazara zure lekutik altxatzen, boterea baliatzen ari zara.

Boterea erabiltzeari erabat uko egin diezaioke pertsona batek?

Agerian utz dezake botere hori, esplizitu bihurtu. Harremanak bidezkoagoak dira kartak mahai gainean daudenean, badakigulako zergatik gertatzen diren gauzak.

Zer ekarpen egiten diote sexualitateak eta trans ikuspegiak intersekzionalitateari?

Sexualitatea ikusezina da batzuetan, eta ikusgarriegia besteetan; batzuetan jarduten dugu inporta ez balu bezala, eta besteetan dena horren araberakoa balitz bezala. Bikotekiderik gabeko amengan presente dago, homosexualengan eta transexualengan ere bai, besteek sexualitaterik edukiko ez balute bezala. Eta, horiek hipersexualizatuz, besteak desexualizatzen ditugu. Uste dut sexualitatea kontuan hartzea interesgarria dela konplexutasuna ulertzeko.

Zuk esana: «Ekintza biopolitikoaren molde menderatzaileetako bat da sexualitatea».

Ideia da sexualitatea ez dela etxean egiten den gauza pribatu bat, gizarteak oso arautua duen esparrua baizik: medikuntzak esaten du osasungarria den ala ez, psikiatriak egokia den ala ez, legeak baimendua dagoen ala ez, erlijioek morala den ala ez... Ohera gonbidatu ez dituzun pertsona piloa dago zure harreman pertsonaletan. Arau sozial horiek barneratu ditugun neurrian, errepikatu egiten ditugu, eta pertsona batzuek gatazka gisa bizi dute: oso txarto pasatzen dute, ez diren genero batekoak sentitzen direlako edo modu jakin bateko sexua gustuko dutelako... Sarri, beren burua da entzuten duten azken ahotsa.

Nola aurre egin gatazka horiei?

Konturatu behar dugu arau horiek existitzen direla, zeren horretaz jabetzen ez bagara, pentsatuko dugu gauzak horrela direla berez, egiaren balioa balute bezala. Eta, arauez ohartzean, norbere kokalekuaz ere ohartuko gara, eta norbere aukera pertsonalez harago doazen balioez. Zuk neskak eta mutilak gustuko badituzu eta gaizki ikusia badago, lagundu behar lizuke balio horien egiturazko izaeraz kontzientzia hartzeak: zu ez zaren pertsona batzuek zure bizitzan eragina duten erabakiak hartu dituzte. Horrek ez du zertan diskriminazioa arindu, baina norbere posizio horri pisua ematen lagun dezake. Eta gauzak beste modu batera izan daitezkeela pentsatzen; hala amesteko gaitasuna queer erresistentzia da.

Queer teoriari leporatu izan zaio emakumeen subjektu politikoaren izaera lausotzea, subjektu hori sendotzen ari denean. Bat al zatoz? Gainditua al dago hori?

Queer teoriak ekarpen bat egin du: kategorien erabilera auzitan jartzea, kontraesanak agerian uztea eta konplexu bihurtzea. Hausnartu behar dugu kategoriek egiten digutenari buruz, politika identitarioek egiten digutenaz hausnartu behar dugun bezala: emakumeaz pentsatzen dudanean, burura datorkit modeloa, eta ez neskatoak, edo elbarriak, edo transak; emakumeez pentsatzen dudanean, aniztasun hori datorkit burura; eta, femeninoaz pentsatzen dudanean, gizon femeninoak datozkit burura. Uste dut ikuspegi hori baliagarriagoa dela egungo beharrei erantzuteko: krisia aitzakia gisa erabiltzen ari dira politika sozialetan atzera egiteko eta jendea zapaltzeko, eta horri aurre egitea dagokigu, gizon, emakume, haur, zahar, elbarriekin batera; intersekzionalitateak aliantzak egiteko aukera ematen digu.

Transexualen bizipenek agerian uzten dute kategorien auzia.

Bai, baina ez soilik transexualitateak; heterosexualitatea ere adibide ona da: gizonek eta emakumeek elkarren antzik ez dutela asmatu dugu, eta hori ergelkeria da. Beti egon dira emakume maskulinoak eta gizon femeninoak; soilki emakumeena den feminitatearen ideia zentzugabea da, emakumeak —eta gizonak— askotarikoak direlako. Trans edo intersex pertsonak queerteoriaren adibide gisa erabiltzea nekagarria da. Transexual bat ez da egunero altxatzen inoren eredu izateko, eta, familia tradizional bateko rol eroekin alderatuta, ez da queer teoriaren adibide hobea. Gauza berberaz hitz egiteko, heterosexualitatea erabil daiteke: generoaren, identitateen eta familia moldeen inguruko bizi aukera bakoitzak arauen eraikuntza agerian uzteko balio du. 

Trans haurren inguruan ari dira fokua jartzen azkenaldian. Zer irizten diozu horri?

Lehen zigortuta eta zapalduta zeuden egoera batzuei aurre egiteko modua aldatzen ari da: umeei entzunez. Arreta handiagoa jartzen ari zaizkie, baina batzuetan goizegi ari dira ondorioztatzen trans direla. Positiboa izan daiteke, laguntza eman dakiekeelako, baina ez dut oso argi identitate bat hain goiz finkatzea laguntzeko modua denik. Azken batean, helduen begiradak ematen die esanahia haurren ekintzei: mutil batek soineko bat janzten duenean, irakasle batzuek uste dute diziplina hausten ari dela, edo eragozten, edo gaixo dagoela... Eta, egiaz, jolasten ari da, esperimentatzen. Familiek eta eskolak lagundu egin behar dugu prozesu horretan, eta ez epaitu, diagnostikatu, finkatu. Ume batek eskolan beste modu batera dei dezaten nahi badu, hori lortu behar da. Ideia desberdinak agertzen dituzten umeak arazo bihurtzen dituzte, eta egiaz arazoa da eskola —eta gizartea— generoaren inguruan dagoela antolatuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada