2014/08/29

BERRIA: UDAKO SERIEA. Gurasotasuna eta zaintza (I) Elena Garcia Bakarra bai, bakarrik ez

Seme-alaben zaintzari buruzko hausnarketak eta jardunak plazaratuko ditu asteon BERRIAk. Zenbait gurasotasun eredu bilduko ditu, testigantza sorta batean: bikote gay, lesbiana zein heterosexualak, guraso bakarrak...
Elena Garcia, Oier eta Martin seme bikiekin, atzean haurren zaintza sarea dutela: Garciaren gurasoak, lagunak, bikotekidea...
Elena Garcia, Oier eta Martin seme bikiekin, atzean haurren zaintza sarea dutela: Garciaren gurasoak, lagunak, bikotekidea... MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Martin eta Oier anaia bikiek urtea bete zuten arte, igogailurik gabeko eraikin bateko bosgarren solairuan bizi izan ziren. «Etxetik ateratzea odisea bat zen. Hasieran zapi batean bildu eta bularrera lotzen nituen, baina hazi ahala gero eta astunagoak ziren, eta arriskutsua bilakatu zen hala ibiltzea. Orduan hasi nintzen zaintza sarea sendotzen». Bikotekiderik gabe ama izatea erabaki zuen Elena Garciak (Bilbo, 1971), eta sarri sentitu izan du bere bi eskuak eta bi hankak ez zirela nahikoak semeak zaintzeko. Halere, oso gutxitan egon da bakarrik: «Ama bakarra zarenean, laguntzeko prest agertzen zaizu jendea. Bikotekidea duten ama askok ez dute halako eskaintzarik jasotzen».

Garciak dio ez duela inoiz ama izateko senik sentitu, baina bazuela esperientzia bizitzeko grina: «Jakin nahi nuen zer sentitzen den pertsona bat hazita. Bizitzan beti saiatu izan naiz ahalik eta gauza gehien egiten, eta hori ere bizi nahi nuen». Ama izatea erabaki zuenean, bazuen bikotekidea, baina bakarrik ekin zion amatasunari. Erabaki kontzientea izan zen; inguruko guraso heterosexualei begira hartua: «Nire lagun emakumezkoak ikusten nituen euren mutilei azaltzen umeekin zer egin behar zuten, eta nik hura ezin nuen jasan; betiko patroia zen, modernoagoa, gizonek gauza batzuk egiten zituztelako, baina emakumeek gogorarazita eta antolatuta. Eta umeak zaintzeko bai, baina 40 urteko gizon baten ama izateko prest ez nengoen. Agian ez nuen egitasmo hura partekatzeko pertsona egokirik aurkitu, baina ez nuen ezta planteatu ere egin».

Naturaltasunez hartu zuen ama bakarra izateko erabakia, baina azkar heldu zitzaion lehen oztopoa: haurdun geratzeko, osasun sare publikora jo zuen, eta ernalkuntza lagundua bikote heterosexualen eskubidea baino ez zela erantzun zioten. «Andra aldizkarian irakurria nuen lesbianek ere bazutela eskubide hori, eta leihatilara itzuli nintzen artikulu moztuarekin. Lesbianek ahal bazuten, nik ere bai; ez zidaten galdetuko norekin oheratzen nintzen». Sei hilabeteko itxaro aldi baten ostean hasi zuen tratamendua. Prozesuaz oroitzapen onak ditu: «Une batzuk gogorrak dira, baina adiskideekin joaten nintzen medikuarenera, eta oso ondo pasatzen genuen. Ez nuelako presiorik: niretzat ama izatea ez zen ezinbestekoa; ez banuen lortzen, ez zen porrota izango. Baina oso giro grisa zegoen, oro har: tentsio handia ikusi nuen bikote heterosexualetan».

Bikiak izan zituen. Zaintza lanak ingurukoekin partekatzea pentsatua zuen aurretik ere, baina bi haur etortzeak ez zion beste aukerarik utzi. Izan ere, umeak jaio osteko lehenbiziko asteetan, etxetik ateratzeko ere laguntza eskatu behar zuen. «Eraikinean bertan neuzkan lagunak. Halere, ia egun osoa igaro behar nuen etxetik kanpo, eskaileretan gora eta behera ibili behar ez izateko, zeren gerta zitekeen norbaiti deitzea eta etxean ez egotea, edo beste zerbaitetan ibiltzea. Sekulako autonomia eman zidan igogailua zuen etxe batera mugitzeak».

Tentsioa eta nekea

Edonola ere, dena zen konplexuagoa bi haurrekin, «tentsio handikoa». Loa: «Titia ematearen ondorioz, lehen hilabeteetan gehienez hiru ordu laurden egiten nuen lo jarraian. Fisikoki zaila zen». Erosketak egitea: «Auzoko dendari guztien lagun bihurtu nintzen, etxean zerbait ahaztuz gero dendetan uzten nituelako umeak». Eguneroko erritmoarekin jarraitzea: «Ama izan aurretik, egunari zukua ateratzen nion: esnatzen nintzenetik lo hartzen nuen arte mila gauza egiten nituen. Bi ume etortzea izan zen frenatzeko modu bakarra».

Umeak hazi ahala, baina, haien beharrak eta jarduerak ere aldatu egin dira. 6 urte dituzte gaur egun Oierrek eta Martinek; bi izatea lagungarri da maiz: «Ez dute ia telebistarik ikusten; ez dute behar entretenituta egoteko: elkarrekin jolasten dira. Nik haiekin dudan harremana ere desberdina da: orain haiekin negoziatu behar da, haserretu egiten dira, erritmoa gehiago markatzen dute, baina, aldi berean, konplizitate handiagoa dugu hirurok».

Sei urteotan, amatasuna lanarekin uztartzea ere zaila izan da. Bilboko metroko gidaria da Garcia. Enplegu finkoa lortu zuenean hasi zen amatasuna planifikatzen, ekonomikoki prestatzen: «Egonkortasuna lortu nahi nuen, esperientzia hau ahalik eta tentsio gutxienarekin igarotzeko». Haurrak jaio ostean, dirua aurreztuta zeukanez, urtebeteko baimena hartu zuen. «Bestela, ez nuen umerik izango, ezinezkoa delako txandakako lana edukita ume txikien beharrei erantzuteko antolatzea. Lan merkatu kapitalistaren oso mende dago gizartea, eta ez bakarrik soldatengatik: haurren zaintza ere horren inguruan dago egituratua». Lantokira itzuli zenean, mahai gainean jarri zuen lana eta familia bateratzeko neurrien beharra: «Mugatuak dira, baina niretzat soldata baino askoz garrantzitsuagoak ziren».

Baina Elena Garciak ez ditu bakarrik hazi bi semeak: une oro zaintza sare zabala izan du alboan. Logistika arazoei zein nekeari aurre egiteko eraiki zuen sarea, «familia, hautatutako familia». Gurasoak ere sartu zituen sarearen barruan, baina une zehatzetarako bakarrik: «Beti egon dira hor, baina politikoki onartezina iruditzen zitzaidan pisu guztia haien gainean jartzea, areago euren gurasoak ere zaindu zituztela kontuan hartuta. Ikusten nuen disfrutatzeko garaia heldua zitzaiela».

Beraz, lagunek osatu zuten Garciaren sendi berria: Bizkaiko Emakumeen Asanbladakoak batzuk, auzoko beste batzuk, bikotekideak eta bikotekide ohiak... «Taula bat egin genuen, goizeko, arratsaldeko eta gaueko ordutegiekin, bakoitzaren prestasuna adierazteko. Eta, halere, zaila da kudeatzea une bakoitzean nor egongo den haurrekin, eskolaz kanpoko jardueretarako zer eraman behar duten, nork egingo duen afaria, noiz jarriko dudan garbigailua... Eguneko minutu guztiak aprobetxatu behar dira».

Ez da kontraesanik eta hausnarketarik gabeko bidea izan, ordea. Zailtasunak izan ditu, adibidez, espazioak partekatzeko: «Kosta egin zitzaidan une oro beste norbaitekin egotera ohitzea, etxera heldu eta haurrak zaindu zituenarekin hitz egin behar izatea. Oparia da gaur egun umeekin bakarrik egon ahal izatea». Zaintzaileekin zorretan dagoela ere sentitu izan du: «Azkenean, barneratu nuen pertsonen arteko mendekotasun hori existitzen dela, eta existitu behar duela, eta eraiki dugun kooperazio eredu hau ona dela. Baina hasieran iruditzen zitzaidan ez nintzela nor lagun bati esateko umeei azukrerik ez emateko, mesede bat egiten ari zitzaidalako».

Kontraesanak feminismoan

Esparru politikoan, militantzian ere sentitu izan ditu kontraesan horiek. Feminismoak «askeago» egin duen arren, kritiko mintzo da mugimenduak amatasunaren «aurka» hartu duen ildoarekin: «Ama izateko derrigorrezkotasunaren kontra, ama ez izatea erabaki dugu, eta bestaldean kokatu dugu gure posizioa. Ni oso estututa sentitu nintzen hor, nire erabakia auzitan balego bezala: bazirudien ahalik eta azkarren itzuli behar nuela ama izan aurretik nintzen pertsona izatera. Horrek ez ninduen askeago egin».

Hezkuntza prozesuan ere adi ibiltzera bultzatu du feminismoak. Areago, bi mutil heztean: «Beldur puntu batekin begiratzen diot etorkizunari, nolako gizonak izango diren pentsatzen dudanean. Espero dut gu egiten ari garen lana eraginkorra izatea bestelako gizon moldeak eraikitzeko, baina sistema hau uste baino sotilagoa da, kamuflatuta dago, eta jendarteak une batean suntsi dezake lan hori».

Txantxetan dio Garciak bikien ama bakarra izatea zoratzeko modukoa dela: «Bi dira baten kontra: etengabeko matxinada». Baina serio mintzatzean ere ez du amatasuna idealizatu: «Ez naiz ausartzen baieztatzera bizitzan egin dudan onena denik. Une batzuk ederrak dira, baina zaila ere bada, neketsua. 'Gaur ezin dut' esateko aukerarik ez dizu ematen». Halere, berriro haurdun geratzeko aukera aztertu zuen orain bi urte: «Adinak bota ninduen atzera. Umeekin jolastu egin behar da, eta 40 urterekin gorputzak ez du energia bera». Baina, errepikatzekotan, ez luke erabakia bakarrik hartuko: «Orain badakit zer den ni ama izatea, niretzat ez ezik, nire inguruarentzat ere bai. Sareari galdetu behar nioke: haiek ere gauzak alboratu dituzte niri laguntzeko; bidezkoa da».

No hay comentarios:

Publicar un comentario