BIDAIA TXIKIA
Uda garaian eta batzuetan lehenago
(maiatzeko bat aurkitu dut aurten), mota honetako albisteren bat sortzen
da: «Oporretara ez joateko 22 herrialde homofoboak», non homosexualen
aurkako legeak dituzten estatuak zerrendatzen diren. Homosexualen
aurkako, diot, zeren homosexualen eskubideen aurkako legeak estatu
espainolean ere egon badaude: lagundutako ugalketaren tratamenduak,
kasu, bikote heterosexualei bakarrik ziurtatzen baitizkio osasun sistema
publikoak. Homofobia, beraz, ez da soilik 22 herrialde horien kontua,
baina horrelako artikuluek arreta jartzen dute gehiegikeria
instituzional latzenak izaten diren horietan: heriotza zigorra,
kartzela, zigor fisikoak... Non homosexuala bera arrisku larrian dagoen,
den bezala izate/adierazte hutsagatik.
Arreta guztiz
justifikatua dago, baina esango nuke gutxi direla herrialde horietara
joatea erabaki dutenen artean atzera egingo duten homosexualak,
horrelako albiste bat irakurri eta gero. Errealitatea nolakoa den
aspaldi ezaguna dugu eta badakigu noiz, nola eta zergatik armairuan
sartu, bai Afrikan bai hemen. Etxetik hasita, ikastetxean, lagunartean,
lanean eta bizitza eremu guztietan trebatuta, diot, oharpen batena
baino gehiago, edo, guztiz ere justifikatua egon litekeen boikotaz
haratago. Oharra, egotekotan, homofobiaren aurkakoa da, homofobiak
hiltzen duela esatea da, eta neurri edo intentsitate gutxiko homofobia babesten duten horien jarreraren ondorioak garbi erakustea ere.
Hori ez bada gakoa, turismo kontsumitzaile hutsak bezala tratatuak bagara, behar bereziak
dituzten zorioneko Mendebaldeko turistak, legeak egiten eta dirua
mugitzen dituztenek irabaziko dute, zentzu askotan: gure mugimenduak
murrizten eta bideratzen, herrialde ezberdinen pertsonen arteko loturak
mozten, mundu osoko armairuak indartzen.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario