2014/07/02

BERRIA: Arnasa eman zien heriotza

Poliziak trabesti bat hil zuen tiroz, orain 35 urte, Errenterian. Bidea urratzeari ekin zion orduan EHGAM mugimenduak. Trabak traba, aurrera egin du, pairatutakoaren gordina ahantzi gabe.
Vicente Vadillo <em>Francis</em> hil zutela eta, 10.000 lagunek Errenteriako kaleak bete zituzten, EHGAMen lehen protestan.</em>
Vicente Vadillo Francis hil zutela eta, 10.000 lagunek Errenteriako kaleak bete zituzten, EHGAMen lehen protestan. BERRIA


Ez zen giro sasoi hartako Errenterian, Gipuzkoan. Borroka eremu indartsuenetako bat zen, eta eguneroko ogia ziren istiluak. Homosexualitateari buruzko aurreiritziak ere aski errotuta zeuden gizartean. Frankismoko errepresioaren osteko urteak ziren: bor-bor zegoen ingurua. 1979ko ekainaren 10ean gertaturikoa ez du inoiz ahantziko Mikel Martinek, EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduko kideak: «Goizaldeko ordu txikiak ziren. Kaleko jantzitako polizia bat sartu zen Apolo dantzalekura, ixtear zegoela. Erabat oldartuta, euskal herritar bat akabatzeko irrikan zela oihukatuz. Trabesti bat jarri zitzaion aurrean, eta poliziak tiro egin zion begian». Vicente Vadillo hil zuen, Francis ezizenez ezaguna. Jatorriz Alacantekoa zen (Herrialde Katalanak), baina Errenterian bizi zen.

«Kolpe latza» izanagatik, aurreneko urratsak egiten hasi ziren orduan EHGAMeko kideak: aldarrikapenak, greba egunak, manifestazioak... Hautsak harrotu, eta «sendotu» egin zen mugimendua, Martinen hitzetan: «Gezurra badirudi ere, sekulako bultzada eman zigun, hitza hartu eta herritarren aurrean gay moduan agertzeko». Mugimendua abiarazteko ahaleginetan ari ziren Gipuzkoan. Ordura arte, baina, ezer gutxi zuten egina. Eta Francisen heriotzak «arnasa» eman zien beste kasu batzuk salatzeko. Iltzatuak ditu uneok Martinek: «Gutxietsi egiten gintuzten». Komunikabide gehienek, esaterako, ez zuten deus ere aipatu Francis hil ondorengo biharamunean. «Eta aipatu zuen bakarrak emakume jantzitako gizon bat zela jarri zuen, merezia zuela aditzera emanez». Beste egoera batzuetan, hala ere, usuago zituzten homosexualak ahotan: «Manifestazioetan, marikoi eta txakur irainak ziren gehien erabiliak polizien aurka egiteko».

«Aurreiritziei» aurre egiten

Lau urtera epaitu zuten Francis hiltzea egotzi zioten polizia. EHGAMeko ekintzaileak kexu agertu, eta «mehatxatu» egin zituzten. Itxialdi bat ere egin zuten. Bederatzi hileko zigorra ezarri zioten, baina ez zen kartzelara sartu. «Etsigarria bazen ere, orduan ez zitzaigun otu helegiterik jartzea».

Eztarria urratuta eta begiak ia malkotan, «zapalkuntza erabatekoa» zela oroitzen du Martinek. Adibide modura Gizarte Arriskugarritasunaren Legea jarri du: 1970. urtetik 1988ra homosexual gisa agertzea bost urte bitarteko espetxearekin zigor zezakeen Espainiako Gobernuak. Herritarrek ere ez zituzten begiko: «Errespetu falta izugarriak pairatu, eta isilpean gordetzen genituen ia beti».

Errepresio garaiak igarota, ordea, aurreiritzi horiei aurre egin, eta homosexualitatea sexu askapenerako aukera zilegi gisa aldarrikatu zuten. «Hemen gaude, ez gara ezkutatzen zen gure leloa». Orduz geroztik, indarrak metatzeari eta egoera iraultzeari ekin zioten. «Gorputza nahierara erabiltzeko eskubidea genuen eta».

Urteen poderioz, aldarria ikusaraztea lortu zuten. «Egunerokoaren logika moldatzea genuen xede, sexu askapena onartu eta sexofobiatik kanpoko gizarte batean libre bizitzeko». Harro dago egindako hautuaz; gizartean eztabaida piztea lortu zutela deritzo.

Argi izpietatik harago, «itzalpean» egoteko istanteak ere izan zituzten. Martini, kasurako, duela urte batzuk eraso egin zioten. Ez du ahantzi bizitakoaren gordina, baina nahiago du xehetasunetan ez sakondu:«Ezin dugu onartu norbaitek gure bizitzaren segundo bat bera ere lapurtzea orientazio sexual edo janzkeragatik».

«Helmuga urruti da oraino»

Ahots apalarekin adierazi du gisa horretako gertaeren kontra esku hartu behar dela, nahitaez: «Ezin ditugu axolagabe laga. Axolagabe izateak hil egiten du. Ezinbestekoa da salatzea, baina horrek ez du erroko arazoa konpontzen».

Horren harira, gogoan dauzka egun «gaizki» pasatzen ari diren ekintzaileak. Urteetan pairatutakoa presente du orain ere. «Ezin dugu ahaztu duela ez horrenbeste homosexualak atxilotzen zituztela beren eskubideen alde mobilizatzeagatik». Elkartasun mezuak ditu ahotan Martinek. Hori dela eta, erne egotea dagokiela uste du: «Herrialde ugaritan homosexualitatea delitu da oraindik. Jazarpenak indarrean segitzen du, eta zigortu egiten da. 80 herrialde inguru daude horrela, eta horietatik bederatzik aplikatzen dute heriotza zigorra. Lotsagarria da».

Hedabide handien jardunean ere moldaketa frankoren «beharra» ikusten du Martinek. «Sentsazionalismora jo ohi dute gehienek, errealitatearen eta objektibotasunaren kalterako». Gazteen artean gabeziak antzeman ditu, gainera: «Trabak daude lehenbiziko urratsak egiteko».

Arnasestuka bada ere urteotan aurrerapausoak eman direla deritzo Martinek: «Alor orotan egin dugu aurrera. Zama handia kendu dugu gainetik». Hala ere, badaki «lan eskerga» dutela egiteko, eta helmuga «urruti» dela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada