Bizkaiko
E28 Koordinadora osatzen dugun taldeok 2014. urtea aukeratu dugu gure gaurko
egoerari eta orain arteko lorpenei buruzko gogoeta egiteko. 1977. urtean
Ehgamek proposatu zuen programa eta gaurko egoera konparatu egin ditugu,
hausnarketan sakontzeko bidean ariketa ezin hobea iruditu baitzaigu. Denon
artean osatu ditzagun, hona hemen hainbat ideia:
1977an “Peligrosidad y Rehabilitación Social” delako legea indargabetzea
eskatzen genuen,
eta GAUR EGUN espazio publikoa erabiltzeko
udal-ordenantza dugu. Honen bidez poliziek afektu-adierazpen publikoak
egiten dituzten guztiak jazarri ditzakete, areago ere, isuna jarri diezaiekete;
Bilboko udalak berak onartu zuen bezala, gure eta beste hainbaten kontra
diseinatutako ordenantza hau bereziki sexu bereko bikoteen kontra erabiltzen
da.
1977an kalitatezko sexu-hezkuntza irakasteko erantzukizuna
eskatzen genion Estatuari, ugalkortasunera ez bideratua eta sexualitate anitzak
kontuan hartuko zituena,
eta GAUR EGUN jakin
badakigu gure eskoletan ez dela inoiz
kalitatezko sexu-hezkuntzarik eskaini. Osasun-hezkuntza irakatsi omen da,
sexu-osasuna barne hartu duena (berriro ere sexua arazotzat hartuta),
etika-hezkuntza ere irakatsi omen da, sexu-afektuen aniztasunari zor zaion
errespetuaz aritu dena; baina curriculumean ez dira sekula kontuan hartu
norberaren gorputza ezagutzea, desira aitortzea, plazerra probatzea, harreman
ezberdinekin praktikatzea… azken finean, benetako Sexu-Hezkuntza integrala
osatzen duten gaiak baztertu dira.
1977an 16 urtetik aurrerako adin-nagusitasuna eskatzen genuen,
eta GAUR EGUNgo legeak sexua izateko baimena 13 urtetik 15 urtera
igo du, sexua arazotzat hartuta eta gazteak eta gizaki oro haurtzat
hartuta.
1977an giza harreman askeak osatzea eskatzen genuen, familia patriarkal
eta ezkontzaren instituzioak ordezkatuko zituztenak,
eta GAUR EGUN bizitza partekatzeko molde ezberdinen
eskubideak ez dira aitortzen eta zilegi diren harreman molde bakarrak
betiko instituzionalak dira. Harreman-molde guztiak eredu heteroarautzailearen
mendera ekartzeko erabili da berdintasunean oinarritutako ezkontza.
1977an ar/eme,
emakumezko/gizonezko, aktibo/pasibo,… kategoriak
eta rolak gainditzea eskatzen genuen,
eta GAUR EGUN binarismoa inoiz baino indartsuagoa da.
Hona hainbat adibide: euskaraz genero markaturik gabeko izenak ditugu eta orain
Euskaltzaindiak arautu nahi ditu (Aitziber izena neskei baino ezin izango zaie
jarri, Ametz mutilei eta Ametza neskei), haur jaioberri intersexualei
ebakuntzak egiten zaizkie normalizazio genitala ezartzeko, eta transexualitatea
arazotzat hartzen da.
1977an gure afektibitatea publikoan erakusteko eta nahi genuen modura
janzteko eta apaintzeko askatasuna
eskatzen genuen,
eta GAUR EGUN homofobia-lesbofobia-transfobia jendartean
gailentzen da, eta baita gure artean ere plumafobia ohikoa da.
1977an gure intimitatean ez eliza ez estatua ez eskua sartzerik,
eta sexualitatean arau moralik ez inposatzea
eskatzen genuen,
eta GAUR EGUN estatu teokratikoan bizi gara: estatuko
ekitaldi publiko garrantzitsuak erlijiosoak dira, elizaren moralak estatuaren
lege-ekintza bideratzen du, estatuak elizarentzako zergak biltzen ditu,
lan-egutegia erlijiosoa da, hezkuntza alorreko haurren katekesia diru
publikoarekin ordaintzen da, estatuaren segurtasun-indarrek elizaren boterearen
kontrako adierazpenak zapaltzen dituzte (erlijiosoek botatzen dituzten gorrotoz
beteriko zakarkerien aurrean isilik mantentzen diren bitartean), etab.
1977an sexu-moralak ezarritako zentsura mota
guztiak gainditzea eskatzen genuen,
eta GAUR EGUN adierazpen-askatasunari gero eta muga
gehiago ezartzen zaizkio, sare sozialen kontrol polizialak parafaszista itxura
hartu du, eta autozentsuraren kontrako borrokan atzerapausuak eman dira.
1977an gaixotasun benereoak eta sexualak prebenitzeko kanpainak egitea,
aldian behingo eta doaneko azterketa medikoak egitea eta antisorgailuak
erabiltzeko eta abortuak egiteko baimena
eskatzen genion Gizarte Segurantzari,
eta GAUR EGUN etengabeko murrizketak
egiten ari dira Gizarte Segurantzan,
enpresa farmazeutikoek etikarik gabeko jokabidea dute, hainbat lekutan zaila da
antisorgailuak edo kondoiak lortzea, transexualok tratamendu psikiatrikoa
onartu behar dugu hormonazio-prozesuan sartu ahal izateko, hiesfobia soziala
lazgarria da, eta horretaz gain, abortuaren
legean ezarri nahi duten aldaketak larriki mugatuko ditu emakume guztion sexu-
eta ugalketa-eskubideak.
1977an sexua berresleitzeko ebakuntzak egiten dituztenak ez baztertzea
eskatzen genuen,
eta GAUR EGUN, transfobia nagusi da gure artean,
transexualok pairatzen dugun bazterkeria antzina bezain ikaragarria da, sexua
berresleitzeko prozesuan sartzea zaila izateaz gain estereotipatua eta
iraingarria ere bada.
1977an norberaren gorputzaz modu askean gozatzeko eskubidea
aitortzea eskatzen genuen,
eta GAUR EGUN sexu-afektuzko harremanak oraindik ere
arautuak daude eta norberaren gorputza
modu askean erabiltzea ez dago onartua (prostituzioan aritzea, kasu).
Konparazio
lazgarri honen aurrean, argi dago oraindik egiteko eta des-egiteko asko eduki
badugula. Maila legalean eta sozialean eman diren aurrerapausoak gorabehera,
badirudi sexu- eta genero-aniztasunean oinarritutako jendartea lortzeke dugula.
Arau heterosexista eta binarista nagusi da gure artean, baina arau horrek ez du
balio, arau horrek denok kanpoan uzten
gaitu, eta hemen gaudenok horren erakusgarri gara, gure artean inor ez baita
normala.
GURE
HAMAIKA SENTIPEN, BIZIPEN ETA IZATEEN GARRASIA:
ARAUTIK
KANPO BIZITZEKO ESKUBIDEA ORAIN!
E28
Koordinadora – Bizkaia
No hay comentarios:
Publicar un comentario