2014/06/27

GOIENA: Xabier Vallina: "Sexu askapenaz ez da asko hitz egiten

Astebete da Debagoienean Sexu Askapen Mugimendua sortu berri dutela Arrasate eta Eskoriatzako gazte batzuk. Lan ildo batzuk zehaztu dituzte, eta lehen ekimena iragarri ere bai:elkarretaratzea, Eskoriatzako jaietan.
Joseba Gabilondo eta Xabier Vallina, Debagoieneko Sexu Askapen Mugimenduko kideak.

Xabier Vallina sortzaileetako batek eman ditu mugimenduaren gaineko azalpenak.
Zergatik sortu duzue talde hau?
Debagoienean sexu askapenaz asko ez delako hitz egiten; eta ikusten zen behar bat, batez ere, lantzeko herriko jendearekin eta egoera ere aldatzeko. Dena isiltasunean eramaten da azkenean.
Zeintzuk dira helburuak?
Momentuz, egin duguna da ekainaren 28ra begira, Harrotasun Eguna dela­-eta, plangintza landu: elkarretaratzea egingo dugu. Gero, lan ildoari dagokionez, uda pasatu ostean, irailean aztertuko da ze lan mota egin.
Elkarretaratzea deitu duzue; non?
Eskoriatzako jaiak direla aprobetxatuta, eta han ere danborradan egin behar dutenez errebindikazioa banderaren koloreak eramaten, pentsatu zen txosna batzordearekin batera egitea elkarretaratzea eta hori kaleratzea. Izango da 17:30ean txosnagunean.
Taldeak bi lan ildo dituela iragarri duzue: sexu askapenean oinarritutako heziketa bultzatzea da bat. Zela pentsatzen duzue hori lantzea, ikastetxeen bitartez, gizartean...
Egin genuen lehenengo bileran konturatu ginen denok ados geundela izan behar zela mugimendu sozial bat instituzioetatik kanpo dagoena. Eta ez garela instituzionalizatuta dauden erreminten artean sartuko. Gizarte mailan landu beharreko zerbait izan beharko da. Baina ez genuen debatea aurrera eraman, irailera itxaroteagatik.
Irailean erabakiko duzue, beraz, zela egin lanketa gizartean?
Bai, batez ere izango dira tailerrak, debateak sortu... Ikustaraztea posible dela Debagoiena sexu askapenarekin bateragarri izatea. Askotan pasatu izan dena da hiri handietara irten beharra askatasunean bizi ahal izateko. Eta erakutsi behar dugu hemen ere posible dela.
Helbururik, beraz, ez duzue zehaztuta...
Momentuz ez. Hurrengo pausoa izango da irailetik aurrera lantaldean hastea; eta 28ra begira ematea lehen pausoa ikustarazteko hemen ere badagoela elkarretaratzea. Ze gaur egun dauden elkarteek hiri handietarako deia egin dute. Eta guk gura genuen hemen ere ikustaraztea.
Iragarri duzuen bigarren lan­ildoa litzateke heteroarauari, homofobiari eta sexismoari aurre egitea...
Batera datoz, dagoen errepresioa eta isiltasuna; bai heteroarauarengatik, homofobiarengatik eta sexismoarengatik da. Genero batek handinahia erakusten du (ikuspegi maskulino eta heteroa) eta horrek alboratu egiten ditu beste sexualitate posibleak. Ikusi behar da sexua oso zabala dela eta disfrutatzeko modu asko daudela.
Zer da heteroaraua?
Heteroaraua eta sexismoa batera datoz. Heteroaraua da, heterosexualitatea hartzea natural moduan, normalena.
Gaur egungo gizartearen erretratua zein da? Gure eskualdean badago sexismorik, homofobiarik...
Ez dugu asko hausnartu horren inguruan. Komentatu genuen heziketa egin beharra dagoela Debagoienean; horrek esan nahi du kontzeptuak aldatu egin behar direla. Badago homofobia, nahiz eta askotan azaleratu ez eraso baten bitartez... ezkutatuta dago. Eta hori aldatu egin behar da. Baliteke hemen jendeak onartzea, baina bakoitzak bere sexualitatea gordetzen badu, zerbaitegatik da. Aurreiritzi asko daude, prototipoak ere bai... Hori guztia landu eta aldatu egin behar da.
Zeini zuzendutako mugimendua da?
Guztiz zabala da. Bost lagun elkartu gara, eta gure artean ezagunak. Baina helburua da animatzen den jendea gurekin harremanetan jar dadila eta gutxienez, talde on bat sortzea eta gutxika-gutxika lantzen hastea, eta hasieran kosta arren, ardura badugula Debagoienean gustura bizitzeko eta sexualitate guztiek lekua dutela erakusteko.
Lehen hemen baziren horren aldeko mugimenduak. Halakoekin baduzue harremanik? Bada zubirik?
Debagoienean ez. Inoiz ez dugu ikusi talderik horretan. Gipuzkoan, Euskal Herrian... bai. Baina apur bat instituzionalizatu egin zen, eta borroka hori “baretu”. Sexualitateak ez dira bi, hiru... mila dira. Bakoitzak baremo bat du. Horregatik sexu askapen mugimendu hau Euskal Herri mailan sortu den mugimendu batekin batera dator eta erabaki dugu Debagoienean ere eratzea taldea.
Hortaz, Euskal Herri mailan sortutako mugimendua da eta ordezkariak izango ditu herrietan, eskualdetan...?
Bai, eskualdeka sortzen dira asanbladak. Ni, adibidez, Bilbon ikasten ibili naiz azken urteotan eta hango taldean egon nintzen, oso planteamendu interesgarriak dira, aldatzeko ilusioarekin... eta pentsatu nuen hemen sortzea ere interesgarria izan daitekeela.

Besterik gura baduzu gaineratu...
Nahi duena animatzeko; debagoieneko.sexuaskapena@gmail.com da gure helbidea. Gura duenak idazteko eta animatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada