http://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2014-06-26/lgtb_harrotasunaren_egunak_ukitzen_gaitu.htm
Ekainaren 28a kolore anitzeko bandera
hartuta kalean sexu-askatasunak eta lesbo-gay-transexual-bisexual
harrotasuna aldarrikatzeko eguna da. Geuretzat ere bai, ala?
Ez
da kanpotik ezarritako betebeharra, geurea ere baden borroka baizik,
barreneraino hunkitzen gaituen borroka. ELAn, militanteengandik hasita,
gero eta areago ari da zalantzan jartzen normaltasuna heterosexuala izatea dela, eta zuzena, genero-identitate definitu eta normatiboa izatea.
Agian
baiespen hori ez zegoen egin beharrik, baina badakigu imajinario
kolektiboa alde batera utzi eta langile-klasearen beraren nortasuna
irekitzea, subjektu kolektibo heterogeneo gisa, dimentsio ugari
aitortzea dela, sarri ezkutuan mantentzen diren banakako errealitate eta
errealitate kolektiboak aitortzea. Esaterako, hori da LGTB+ kolektiboek
kaleratu dituzten aldarrikapen historikoen kasua.
Eguneroko gure
bizimoduan etengabeak dira injustizia, diskriminazioa eta babes
gabezia, lan merkatuan eta hortik kanpo; horregatik, sexu-eskubideen
defentsa ezin da agenda sindikaletik at geratu. Bestela, eskubideak
zatikatuko genituzke; hori larria da, jakinik eskubide bat murrizteak
kate-efektuz beste oinarrizko eskubide batzuei kalte egiten diela,
guztiak elkarren osagarri eta interdependente izanik. Eskubide sozial
eta laboralak, sexu-eskubideak... Finean, giza-eskubideak.
Pentsa
liteke ordena sexuala eta genero-arauak zalantzan jartzea minorien
gauza dela, herritar gehienei edota langile-klaseari eragiten ez dien
kontua, baina ustezko gutxiengoak sakrifikatuz gero, prezio bat ordaindu
behar da aurrerago, ez soilik demokraziari dagokionez.
Hartara,
ordena heteropatriarkal kapitalista mantentzea, bizitza afektibo-sexual
librea izateko eskubidea armairu batean itxita edukitzea edo
transexualitatea patologizatzea burdinazko hesiak altxatzea da bestelako
jendarte eredu bat eraikitzerakoan, beste kultura politiko, pentsamolde
eta sentitzeko erak dituen pertsona eredu desberdina egiterakoan, hain
zuzen pertsona eta kolektibo hauek izanik gure jendartea errotik
eraldatzeko bidea egingo dutenak.
Bestea-ren kultura
hori guztia aitortzeak (arauaren barnean ez dagoena, desberdina dena
sexu-hautu edo -izaerari buruz edota genero-identitateari dagokionez)
sindikatu garen aldetik interpelatu eta ukitu egiten gaitu, ez soilik
gure eguneroko borroka sindikalean. Kontrara, ezarritako arauekiko
kritiko diren beste kolektibo eta mugimendu sozialekin dugun aliantza
indartu egiten du.
Beraz, borroka eta ardatz kritikoak
gurutzatzeko ariketa diskurtso formaletik haratago eraman behar da, oso
zaila eta oztopoz betea den arren agenda sozial eta laboral
erreibindikatibo batean borrokak eta interes kolektiboak bateratzea.
Horregatik,
bidegurutze teoriko horrekin batera banakako eta taldekako praktikak
beharrezko izango dira, aurre egiteko sinesmen- eta balio-sistema honi
guztiari, eta hori beste era batera formulatzeko. Izan ere, hainbat
arlotan agindu nahi baitigu: besteak beste, nor maite behar duzun, gizon
ala emakume gisa nolakoa izan behar duzun eta, areago, zure nortasun
agirian zein izen agertu behar den.
Hezur hutsean dirauen
erregimen demokratiko (oraindik horrela izendatzen jarraitu badezakegu)
eta patriarkal honetan, babes kolektiborako ditugun tresnak desagertzear
daude. Austerizidioak horrela agintzen du, eta lanaren mundutik garbi
ikusten dugu: lan erreformak, negoziazio kolektiboaren erreforma,
erreforma fiskala, LOMCE edota berehalako abortoaren erreforma, besteak
beste.
Murrizketak, atzerapausoak, eskubide galerak... lelo
galantak. Gainera, badirudi gaitz horiek gure salbazioa izango direla.
Horretara bideratuak daude egungo medio eta diskurtso ofizialak ustezko
errekuperazio eta tunelaren irteeraz mintzo direnean.
Gure
oinarrizko eskubideak merke- merke saltzen ari diren garai hauetan,
ikusezinak diren inpaktu eta arrisku egoera handienetan dauden pertsona
eta kolektiboei erreparatu behar diegu. Horretarako, sindikalismotik
eguneroko ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboa LGTB kolektiboen
eskubideen alde jarri behar dugu, dibertsitate sexualaren eta genero
identitate anitzen alde borrokatuz baita ere. Lantokietan neurri eta
ekintza lotesleak lortuz, alde batetik, eta, bestetik, agerikoa eta
eraginkorra den aliantza partekatuz errealitate hauen inguruan lanean
dabiltzan kolektibo eta mugimendu sozialekin.
ELAk eutsi egingo
dio bere konpromisoari, ekainaren 28arekiko nahiz hetero araua eta
inposatutako genero-aginduak hausten dituztenekiko. Egungo egoera
ikusirik, ezin ditugu baztertu borroka historikoak, ezta gure erraietan
hunkitzen gaituzten ahotsak isilarazi ere.
Ekainaren 28an, denok kalera!
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario