2013/08/19

BERRIA: Armairua giltzatu nahi dute

Iragan maiatzaren 27an, bi hamarkada bete ziren Errusian gizonen arteko homosexualitatea zigor kodetik atera zutela, baina herrialde horretako LGBT komunitateak ez du zer ospatu. Ekainean, «adingabeen artean sexu harreman ezohikoen propaganda egitea» zigortzen duen legea onartu zuen Dumak, ia aho batez —kontrako botorik gabe eta abstentzio bakarrarekin—, eta uztailean jarri zen indarrean. Erabakiak hautsak harrotu ditu, bai Errusian, baita nazioartean ere.

Legeak gay, lesbiana, bisexual eta transexualen aurkako indarkeriari eta bazterkeriari bide egiten diela kritikatu dute giza eskubideen aldeko erakundeek, eta esan dute horren adibide direla azken asteotan hainbat gazte homosexualek sufritutako eraso bortitzak. Gainera, 2014ko Neguko Olinpiar Jokoak Sotxi hirian izateak are ozenago bihurtu du kalapita, lege berriaren onarpena eta LGBT kolektiboak sufritzen duen jazarpena salatzeko, jokoei boikot egitera deitu baitute giza eskubideen alde lanean diharduten erakunde askok. Orain arte, protesta ekintza horrek ez du arrakasta handirik izan, zenbait ekintzaile eta elkartez gainera, herrialde bakar batek ere ez baitu babestu, baina, Errusian, LGBT eskubideen urraketaren afera mahaigaineratzeko balio izan du, bederen.

Egiazki, Errusiako Legebiltzarrak onartutako legeak ez ditu homosexualitatea, bisexualitatea edo transexualitatea debekatzen. Ez ditu aipatu ere egiten. Baina araua idatzi dutenentzat «ohikoak» ez diren sexu joerak —hau da, ugaltzea helburu duen heterosexualitatea ez beste guztiak— jendaurrean, «adingabeek ikus ditzaketen tokietan» agertzea zigortzen du. Gogor zigortu ere: «Sexu joera ezohiko baten propaganda» egiteagatik, 50.000 errublo errusiarreko isuna (1.140 euro) jaso dezake norbanako batek, eta milioi batekoa (22.803 euro), berriz, talde edo erakundeek. «Aipagarria da, legediaren arabera, nazien propaganda egitea eta horien ikurrak jendaurrean erakustea 2.000 errublo errusiarreko isunarekin (45,60 euro) zigortzen dela. Antza denez, ezohiko harremanak faxismoa baino 500 bider okerragoak dira Errusian», salatu du Russian LGTB Network erakundeak. Errusian dauden atzerritarrei, gainera, zigor gogorragoak ezarriko dizkiete: isuna jartzeaz gainera, ezohiko sexu harremanak «goratzen» dituzten atzerritar guztiak deportatuko dituzte, eta, kasuan-kasuan, 15 eguneko atxiloaldia ere ezar dezakete epaileek.

Orain arte, LGBT eskubideen aldeko erakundeek salatu dute legea zehazgabea dela eta, beraz, Poliziaren eta magistratuen esku geldituko dela arauaren interpretazioa. Adibidez, idazkian ez da zehazten zer den «propaganda» egitea. «Eskola batean eskuorriak banatzea izan liteke, edo kalean bikotekideari musu ematea», esan du Errusiako Giza Eskubideen Kontseiluko buru Mikhail Fedotovek. Legeak aurrekari «arriskutsuak» sortzen dituela ere salatu du: «Herritarrak modu ezberdinean tratatzen ditu, ez delituak egiteagatik, norberaren ezaugarri pertsonalak oinarritzat hartuta baizik».

Legea indarrean denetik bi hilabete igaro badira ere, dozenaka lagun atxilotuak dituzte. Araua hautsi izana leporatu zieten, besteak beste, legearen kontra protesta egiten ari ziren manifestariei. Lehenik, dokumental bat grabatzen ari zen zinemagile talde herbeheretar batek jaso zuen isuna, institutu bateko nerabeei homosexualitatearen inguruan zuten iritziaz galdetzeagatik.

Ezohiko sexu harremanen propagandari buruzko legeak Dumako legebiltzarkideen artean eta herritarren artean babes handia jaso duen arren, bi erakundek agertu dute proiektua mamitzeko interesik handiena: alde batetik, Vladimir Putin presidentearen gobernua, eta, beste alde batetik, Errusiako Eliza ortodoxoa. Kongregazio horretako buruzagiek sutsuki gaitzetsi dituzte beti heteronormaz kanpoko sexu joera guztiak, «moralgabeak» eta «anormalak» direlakoan. Berriki, gainera, Eliza ortodoxoko patriarka goren Kirillek adierazi duenez, «apokalipsiaren etorreraren seinale bat» da sexu bereko bikoteak onartzea .

Baina erlijioa eta sinismenak albo batera utzita, adituek uste dute Putinek legea sustatzeko beste arrazoi batzuk izan ditzakeela. Izan ere, gobernuaren kontra azken urteetan antolatutako protesta gogorrenen erdian erabaki zuen presidenteak arauari buruzko eztabaida abian jartzea. «Arreta desbideratzeko amarru bat da. Protestak isilarazi nahian, gutxiengoak zapaltzeko prest da Kremlin», azaldu du Pavel Sanburov gay ekintzaileak.

Arreta, neguko jokoetan

Orain arte, Kremlinek mespretxua besterik ez die agertu LGBT eskubideen aldeko erakundeei eta legea bertan behera uztea eskatzen zutenei. Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoen kontrako boikota azaleratu ostean, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak azalpenak eskatu dituenean soilik larritu da gobernua. Kirolari homosexualen kontrako neurririk ez dutela hartuko esan du Vitali Mutko Kiroletako ministroak, «propaganda egiten ez duten bitartean». Hau da, sexu joera armairuan giltzapetuta gordetzen duten bitartean.


 
Errusiako gay ekintzaile ezagun bat auzipetu dute
 
Nikolai Alekseiev Errusiako LGBT mugimenduko ekintzailerik ospetsuena auzitara eraman dute Vladimir Putinen gobernuko bi kargudunek: Familien Aferetarako Batzordeko buru Elena Mizulinak, eta haren ordezko Olga Batalinak. Twitter bidez haien kontrako irainak argitaratzea leporatzen diote Alekseievi.


 
Europak eta AEBek ezezkoa eman diote boikot deialdiari
 
2014. urtean Sotxin eginen diren Neguko Olinpiar Jokoei boikota egiteko deialdia egin dute LGTB eskubideen aldeko hainbat erakundek. Orain arte, anitz izan dira ekinaldiari babesa adierazi dioten norbanako eta kolektiboak, baina gobernu askok ezezkoa eman diote. AEBetako presidente Barack Obama izan zen aukera hori baztertzen lehena: «Gure kirol taldeek gogor egiten dute lan lehia horretan parte hartzeko, eta ez zait zilegi iruditzen haien ilusioak zapuztea». Alemaniako eta Erresuma Batuko gobernuek ere antzeko argudioak erabili dituzte parte hartzea justifikatzeko. Russian LGBT Network erakundeak ere uko egin dio boikotari: «Burua goratu beharko genuke, eta ez ihes egin».


 
Occupy Pedofiljyaj talde neonaziko bi kide, gazte bat torturatzen. Gazte hori orain hilda dagoela salatu dute. / BERRIA
Patruila naziak, gay gazteen ehizan
 
Hainbat erakundek salatu dute homosexual gazteen kontrako erasoak ugaritu egin direla bikote harreman «ezohikoen» legea indarrean sartu zenetik. Talde neonaziek sare sozialetan argitaratzen dituzte tortura saioak.
Ion Orzaiz
Hiru gazte azaldu dira pantailan. Erdian dagoenak bere izen-abizenak eta helbidea esan ditu kamera aitzinean, aldameneko biek lepotik heltzen dioten bitartean. «Pedofilo» bat dela aitortu du azkenik, negar malkotan. Ordu laurden pasatxo irauten du bideoak, eta etengabeak dira kolpeak, irainak eta mehatxuak. Ikusgai dago oraindik Youtube atarian, eta Errusiako gazteen artean oso hedatua dagoen VK sare sozialean.

Bideoan torturatzen duten mutila ez da pedofilo bat, buruko gaitzak dituen 17 urteko gazte homosexual bat baizik. Ustez, Interneten ezagututako mutil batekin egina du hitzordua, baina, haren ordez, hiru morroi azaldu zaizkio. Zaharragoak eta gihartsuagoak. Beisbol bateak eta labanak daramatzate. Occupy Pedofiliaj talde neonaziko kideak dira. Eta segada jarri diote. Lasai ageri dira kamera aurrean, irribarretsu, eta, delitu bat egiten ari diren arren, ez dute euren burua ezkutatzen.

Galdeketa bortitz baten bitartez, pedofilotzat dutena «sendatu» nahi dutela diote. Homosexualitatea da, jakina, sendatu nahi diotena, haien ustez, gay guztiak «pedofilo» bilakatuko baitira, halabeharrez, goiz ala berandu. «Altzairuzko hesi bat eraiki beharko genuke, Mendebaldetik datorkigun kaka hori guztia AEBetan edo Europan gelditu dadin», dio Occupy Pedofiliaj taldeko kideetako batek, VK sarean duen profilean. «Kaka hori guztia» sexu bereko bikoteak dira, baina baita islama edota marihuana ere.

Munduko beste herrialde eta kulturekin lotzen dituzte «gaitz» guztiak: «Gobernu nazional-sozialista ezarri beharko genuke. Horrela, eskolatik lasai aterako litzateke nire semea, etxerako bidean mairu zikin batek droga eskainiko diola edo homosexual bat sastraka artetik atera eta bortxatuko duela pentsatu behar izan gabe». Halako mezuak irakur daitezke erasotzaileen blogetan eta webguneetan.

Ekialdeko Europako gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen alde lan egiten duen SHRA Spectrum Human Rights Alliance erakundeak zabaldu du bideoa —eta halako beste asko ere—, Errusiako agintariek esku har dezaten. Orain arte, salaketei entzungor egitea leporatzen diote Vladimir Putinen gobernuari. «Orain arte, Kremlinek ez du ezertxo ere egin neonazien mafia hau gelditzeko, eta onartu berri den propaganda legeak gay, lesbiana, bisexualen eta transexualen kontrako giroa gaiztotu besterik ez du egiten», azaldu dute erakundeko arduradunek.

Hildako bat

SHRAk zabaldutako bideoetako batean, Uzbekistango gazte musulman bati eragindako torturak ere ikus daitezke: aurpegia eta gorputza gorriz eta urdinez margotu, txiza burutik behera egin, kolpeak eman, bibragailu bat eskuan duela argazkiak atera... Kamera itzali eta gero, alta, torturak gogortu egin zirela salatu du giza eskubideen aldeko erakundeak. Torturen ondorioz hil zen gaztea, SHRAren esanetan. «Bortxatu eta labankadaz hil zuten», baieztatu du Valentin Degtyarev mediku eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak.

Errusiako Poliziak, ordea, ez du gaztea hildakotzat jo. Ofizialki, «desagertua» dago oraindik. Hala ere, ikerketa abiatu dute: ustezko erasotzaileak atxilotu eta haien etxeak miatu ditu Poliziak. Aiztoak, labanak, bateak eta bestelako armak topatu dizkiete, baina Occupy Pedofiliaj taldeko kideak aske utzi dituzte handik ordu gutxira. «Haien izen-deiturak eta aurpegiak ezagutzen ditugu. Guztion begi bistan egin dute eta, Interneten jarri dute. Eta hala ere, kalean dira jada. Ematen du Putinen legeak halako erasoak babesten dituela», esan du Degtyarevek.

Gaur egun, 437 talde daude VK.com atarian erregistratuta Occupy Pedofilyaj izenarekin. SHRAren arabera, handik zabaltzen dituzten irudiak eta mezuak kentzeko ahaleginik ez du egin Poliziak.

 
ESANA. STEPHEN FRY. Aktorea eta LGBT eskubideen aldeko ekintzailea
«Hitlerrek juduekin egin bezala, Putinek pagaburu bihurtu ditu homosexualak; gaitz ororen errudun»

 
ESANA. ELENA ISINBAIEVA. Pertika jauziko Munduko txapelduna
«Ez naiz homofoboa. Jende normala gara errusiarrak: neskak mutilekin bizi gara, eta mutilak neskekin»

No hay comentarios:

Publicar un comentario