2013/08/20

ARGIA: Alemaniak “hirugarren sexua” onar dezake azaroan

http://www.argia.com/albistea/alemaniak-hirugarren-sexua-onar-dezake-azaroan

Intersexualen eskubideen aldeko elkarteek zalantza ugari dute Alemaniako lege aldaketari buruz
Alemanian hirugarren sexua onar dezakete aurki, Süddeutsche Zeitung egunkariak argitaratu duenez. Ez emakumezko, ez gizonezko, “indeterminatu” gisa sailkatu ahalko dira jaioberriak azaroaren 1etik aurrera, agerkari alemaniarrak dioenez.
2000. urtean American Journal of Human Biology aldizkariak argitaratutako datuen arabera, jaiotzen diren haurren %1 eta %2 sailka litezke intersexual gisa.
Rue89ek argitaratu duen artikulu batek azaltzen du nola antolatzen ari diren 1990eko hamarkadatik aurrera intersexualak, sufritzen duten indarkeria salatzeko eta euren eskubideak aldarrikatzeko. Jaio eta berehala operatzen dituzte asko, sexu bat inposatzeko. Aukeratzeko eskubidea eskatzen dute, baita bi sexuetako baten alde lerratu behar ez izatea ere.
Eskubide horren alde ari den erakunde bateko kidearekin hitz egin du Rue89ek. Albisteari buruz zein iritzi duen galdetuta, Vincent Guillotek, Intersexualen Nazioarteko Erakundeko kideak, erabakiaren alderdi negatiboak azpimarratu ditu: “Intersexualak ordezkatzen dituen elkarte bakar batek ere ez du aldarrikatu hirugarren kasu horren sorrera”.
Guillotek azaldu duenez, Frantziako estatuan posible da jaioberriei sexurik ez ezartzea. “Intersexuala den norbait jaiotzen denean bi urteko epea dago sexua deklaratzeko, medikuaren eskaeraz eta jujearen adostasunarekin”. Aldiz, “indeterminatu” gisa sailkatzeko aukerak guraso asko bultza ditzake haurrari organoetako bat erauztera “jasangaitza delako umeak sexu administratiborik ez edukitzea”. Beraz, Guilloten ustez, erabakiak “mutilazioa errazten du”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario