2013/07/23

BERRIA:"Feministak gutxi gara, eta ondo zaindu behar dugu elkar"

ASUN URBIETA (PLAZANDREOK-EKO KIDEA)

Donostian Bildu koaliziotik "espero adina" ez dutela jaso dio Asun Urbietak. Plazandreok alderdi politiko eta plataforma feministako kidea da 1992. urtetik. Donostiako alkate izateko hautagaia izan zen 2003an eta 2007an, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaia 2011n.

Asun Urbieta, PLazandreokeko kidea
Asun Urbieta, PLazandreokeko kidea Jon Urbe / Argazki Press

Ia berrogei urte daramatza Asun Urbietak (Errenteria, 1958) mugimendu feministan buru-belarri. Emakumeen batzordeetan eta lesbianen kolektiboetan zebilen Plazandreok alderdi politikoa sortu zutenean, eta oraindik Donostiako alkatetza bere helburuen artean badu ere, lehentasuntzat du kalean feminismoa lantzen dutenekiko errespetua bultzatzea instituzioetan. Nahi adina ez, baina emakumeen egoerak hobera egin duelakoan dago.
Izen bitxia da Plazandreok. Kolektibo bati izatea aitortzeko saioa izan al zen?
1992an asmatu genuen izen hori, eta bai, existitzen ez zelako hautatu genuen. Gizonezkoentzat existitzen zen, baina emakumeontzat ez. Nolabait, emakumeok ere plaza publikoa hartzeko beharra genuela ikusarazteko asmatu genuen.
Lehen aldiz, 1995ean, Ni voz, ni voto (ez ahotsik, ez botorik) leloarekin aurkeztu zineten udal eta foru hauteskundeetara. Emakumeen boto eskubidea lorpen historikotzat jotzeari buelta eman nahian?
Kanpainaurrerako baliatu genuen Ni voz, ni voto leloa; behin kanpainari ekinda, Mi voz, mi voto [nire ahotsa, nire botoa] erabili genuen. Horrekin esan nahi genuena zen sufragistek botoa emateko eskubidea lortu zuten bezala guk botoa jasotzeko eskubidea aldarrikatzen genuela. Beti besteei, gizonezkoei, ari ginelako botoa ematen.
Eta gaur egun? Esango zenuke botoa emateko edo jasotzeko eskubideak zerbait bermatzen diela emakumeei?
Sakoneko eztabaida asko daude horren atzean. Zerrenda parekideak edo kremailera zerrendak deiturikoak —gizonak eta emakumeak tartekatuta— agertzen hasi zirenean, emakumeak agertzen ziren hautagaien artean, baina zerrendaburuak gizonezkoak izaten ziren gehienean. Horrez gain, kremailera zerrenden kasuan, hautatuak izaten ziren emakume askok dimititu egiten zuten, eta haien kargua gizonezkoek betetzen zuten. Noski, gu feministak gara, eta ez gara zerrenda horiek benetan parekideak zirela pentsatzeko bezain inozoak; zerrenda horiek ez zuten eta ez dute bermatzen politika feministak gauzatzerik. Baina egia da eskubidea dugula zerrendako kideen erdiak emakumezkoak izateko eta eskubide hori aitortu zaigula halaxe behar duelako. Horrek ez du esan nahi instituzioetan ordezkaritza lortuko dugunik.
Donostiako Udalerako eta Gipuzkoako Aldundirako zerrendak aurkeztu dituzue; zergatik Gipuzkoa?
Gustatuko litzaiguke gehiago hedatzea, baina Donostia ingurukoak gara gehienok. 1992an hauteskundeetara aurkezteko ideia eduki eta taldea sortu genuenean, pentsatu genuen hurrengo aldietarako beste probintzietako emakumeak ere animatuko zirela. Gure ideia polita iruditu eta euren herrietan berdin egiten hasiko zirela, baina ez da horrela izan. Ondorioz, gu ezin gara urrunago iritsi, paperak egiteak berak ere nahikoa lan ematen digu eta. Egia da Gipuzkoara mugatzeak alde txarrak ere badituela. Esate baterako, komunikabideen aurrean ere ezin gara gainerako alderdiekin maila berean lehiatu, baina hel gaitezkeen guneetara joaten segituko dugu.
2007an, Donostiako Udalerako hautetsien zerrendan gizonak sartu behar zenituzten, udal bozetan Espainiako legeak agintzen duelako. Zein eragin izan zuen horrek?
Beldurgarria izan zen. Hasteko eta behin, esango nuke legearen perbertsioa ere badela nori eta guri berdintasunaren legea ezartzea. Euskal legeak onartzen zituen emakumez soilik osatutako zerrendak, gutxien ordezkatutako taldekoek gutxienez zerrendaren erdia izan behar dutela baitzioen, eta emakumeok gutxien ordezkatutako taldea ginen. Baina Espainiako Berdintasun Legea sartu zenean, zerrenda parekidea izateko gizonezkoak sartzera behartu gintuzten, zerrendaren erdia gizonezkoz eta erdia emakumezkoz osatu behar zelako. Orain baretuta dago kontua, baina lehen aldiz gizonak zerrendan sartu behar izan genituenean, amorragarriena zen elkarrizketatu nahi gintuzten komunikabideek zerrendako gizonei egin nahi zietela elkarrizketa. Gogoan dut ni Donostiako alkate izateko zerrendaburua nintzela eta elkarrizketa eskatzen zidatenean zerrendako lehen gizonarekin joateko esaten zidatela. Halaxe joan behar izaten nuen, eta kazetariek galderak ere nirekin zetorren gizonezkoari egiten zizkioten!
Gizon horiek topatzea ez zela zaila izan esan izan duzu zeuk. Mugimendu feministaren ingurukoak zirelako. Gizon askok azaltzen al dute euren izaera modu lasaian?
Bai, ez dugu inoiz arazorik izan. Plazandreok-eko emakumeok feministak izateaz gain sindikatuetako kideak gara, eta geure herrietako mugimenduan integratuta gaude. Ondorioz, ingurune bat badu gutako bakoitzak, eta ingurune horretako gizonak beti agertu zaizkigu zerrendan agertzeko prest, betelanerako soilik izango zela eurek ere argi izanda. Are gehiago, zenbait gizonek gure zerrendako kide izateko nahia agertu izan digute behin zerrendak osatu eta gero ere, eta ezetz esan behar izan diegu.
Emakumeek politikan presentzia izatea eta politikariek emakumeen beharrak kontuan hartzea eskatu izan duzue. Bi elementuetako zein dago gaur egun aurreratuago?
Guk nahi adina ez, baina oro har dezente aurreratu dugula esango nuke, gizarteak gurekiko duen arretan behintzat. Udaletxe gutxi izango dira berdintasun teknikaririk gabekoak. Zenbaitek ez dute gaiari buruz ideiarik ere, Berdintasun zinegotzi izan arren, baina badakite emakumeen eskubideen aldeko lanketek edo politika feministek presentzia izan behar dutela euren udaletan. Zenbait gutaz oroitu ere egiten dira, eta berdintasun plana aurrera ateratzeko laguntza eskatzen digute edo parte hartzeko mahaiak sortzen dituzte. Donostian, esaterako, Emakumeen Etxearen egitasmoarekin lagundu dugu. Egia da Bildu koaliziotik zerbait gehiago espero genuela eta ez dugula nahi adina jaso; ez dugu uste aldaketa handirik gertatu denik oraindik.
Duela lau urte zenioen gizonezkoek berdintasuna eskatzean hankaz gora jartzen zituztela emakumeen bazterketa gainditzeko ekintzak, bakoitzaren abiapuntua ezberdina zelako. Aldatu da hori?
Oraindik abiapuntua ezberdina da zoritxarrez, eta helmuga ere ezberdina dela esan daiteke. Estatuko aldizkari ofizial bat hartuz gero, ikus daitezkeen laurogei lan utzialditatik gehiengoa dira emakumeen eskaerak; horrek erakusten du abiapuntu ezberdinek nola baldintzatzen duten bataren eta bestearen helmuga. Hezkuntzako datuen berri izaten dugunean, sarri entzuten ditugu emakumeen curriculumak hobeak direla, formatuago daudela eta halakoak. Baina ez dut uste horrek gizonak arduratzen dituenik. Badakite lehenago edo geroago emakume horiek ezkondu eta haurdun geratuko direla eta lekua libre utziko dietela. Gizonek berdintasuna aldarrikatzen duten arloetako bat haurren zaintza partekatua da. Berez, ongi dago hori, haurrez ez dute zertan emakumeek soilik arduratu. Baina kasu gehienetan atzean zer dagoen erreparatu behar dugu. Gizonezkoek ez dute zainketa emakumeen gain utzi nahi izaten, hala eginez gero etxea ere utzi behar luketelako eta hilero pentsioa eman behar dietelako. Horrek esan nahi du haurren zainketan baino beste kontu batzuetan interes handiagoa dutela. Ez dut esango kasu guztiak halakoak direnik, baina gehiengo handi bat bai.
Boto gutxi lortzearekin lotu izan da Plazandreok. Zergatik hori?
Uste dut guri botoa emateko oso konbentzituta egon behar dela. Niri lagun feministek esan izan didate gure alde egingo luketela baina botoa erabilgarria izatearekin pentsatuz gero nahiago dutela beste norbaiti ematea. Zer da bada guri ematea baino erabilgarriagoa emakumeentzat? Gero alferrik da emakume bat hil dutelako, beste bati eraso egin diotelako eta halakoengatik kexatzea. Berrogei urte daramatzagu kontu berak esaten, gizonek baino gutxiago kobratzen dugula, lana ez dagoela behar bezala banatuta, erasoek gora egin dutela eta abar. Hemen, gainera, kontuan izan behar dugu politika ez dela zurruna, eta zerbaiten inguruan benetako interesa badago posible dela hori gai nagusi bihurtzea. Begira bestela zer gertatu den atez ateko zabor bilketaren kontuarekin; duela bost urte zeinek esango zigun gai horrek halako garrantzia hartuko zuenik Gipuzkoan? Noski, guri atez atekoa baino, eztabaidagai nagusia emakumeon eskubideak izatea gustatuko litzaiguke. Horrek ez du esan nahi emakumeon aurkako erasoak bost axola zaizkionik jendeari, baina gehiengoak feminismoa mundu handiaren barneko elementu txiki bat balitz bezala ikusten du.
Boto kutxetako emaitzaz harago, nolako eragina erdietsi du Plazandreok-ek gizartean?
Esango nuke gure aldarrikapenek presentzia dutela gaur egun hainbat eremutan. Esaterako, unibertsitateetan generoari buruzko masterrak daude, eta horietan formatzen diren emakumeei esker, posible da euren herrietan feminismoa hedatzea. Horrez gain, jabetze tailerrek ere izan dute eragina, eta Donostian Emakumeen Etxea lortu genuen.
Eta gainerako alderdien artean? Kontzientziatze lanik egin duzue?
Bai, Donostian behintzat, kalaka handia ematen dugu, eta guk bultzatzen ditugu politikak. Jendeak esaten digu: "Ez dakit zertan ari zareten, lan horietarako Emakunde dago". Baina kontuan izan behar da Emakundek egiten duena agintean dagoen alderdiaren arabera egiten duela. Gurea bezalako talde feministek, berriz, iniziatibak bultzatzen ditugu, instituzioei zer egin behar duten erakusten diegu. Horretarako daude, horretarako ordaintzen diegu herritarrok, diru publikoa gure eskubideekin zerikusia duten gauzetan gastatzeko.
2003an eta 2007an Donostiako alkatetzarako hautagaia izan zinen, eta 2011n Gipuzkoako ahaldun nagusitzarakoa. Inoiz irudikatu zenuen zeure burua kargu horietan?
Ez, inoiz ez nuen pentsatu. Boto asko behar dira horretarako: Donostian, 5.000 boto inguru. Guk lortutako kopuru handiena 2.000 ingurukoa izan zen, aurkeztu ginen lehen aldian; berrikuntza ginelako uste dut egin zuela gure alde jendeak. Egia da gorabeherak izan ditugula; ezker abertzalea legez kanpo zegoenean, esaterako, foru hauteskundeetan gora egin genuen Gipuzkoan.
Alderdi politikoa izateaz gain, plataforma feminista da Plazandreok. Zertan diharduzue gaur egun?
Denetarik egiten dugu. Plazandreok-eko kideok norbanako gisa parte hartzen dugu Emakumeen Etxean. Martxoaren 8ko eta Azaroaren 25eko koordinakundeetan ere parte hartzen dugu, udaleko emakume kontseiluan ere bai, baita hiriko gizarte foroan ere. Horrez gain, geure lan finkoa dugu: hor sartuko lirateke laikotasunaren lanketa egiten duen talde mistoa eta urtero antolatzen dugun Feministaldia. Egia esan, hain gutxi izateko lan askotan gabiltza.
Nola uste duzu uztartu beharko liratekeela kaleko eta instituzioetako lana berdintasunera bidean?
Errespetua oinarri izanda; izan ere, sentipen gazi-gozoak eragiten dizkigu kontu horrek. Egia da geroz eta instituzio gehiagok egiten dutela feminismoaren lanketa eta gu bezalako taldeetako kideek dutela horien ardura. Medeak taldeko Josebe Iturriotz, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundian dabil. Kontua da instituzioetan dauden horientzat euren lanaldia dela feminismoa, eta, gure kasuan, geure lanalditik aparte egin beharreko zerbait da. Ezin diogu haiek eskaintzen dioten denbora eskaini; gure erritmoa mantsoagoa da. Horregatik diot errespetuan oinarritu beharreko harremana dela. Adibidez, berdintasun plan berri bat kaleratzeko asmoa dutela ohartarazten digute, eta hamabost eguneko epea uzten digute alegazioak aurkezteko, eta guretzat denbora gutxi da hori; presa sartzen digute. Egia da parte hartzea aldarrikatzen dugula eta euren aldetik sustatzen saiatzen direla, baina instituzioetako eta kaleko erritmoak ezberdinak dira oso. Horrez gain, uste dut elkarlana ere beharrezkoa dela. Sarritan, zerbait egin eta iritzia eskatzeko jotzen dute gugana, eta guri gustatuko litzaiguke egiten ere parte hartzea, prozesu osoan aritzea. Uste dut feministak gutxi garela eta elkar ondo zaindu behar dugula.
Bi urte barru egokituko dira udal eta foru hauteskundeak berriro, 2015ean. Plazandreok-ek hautagai zerrenda aurkeztuko du?
Bai, aurkeztuko gara. Nola ez dakigu oraindik. Agian hautagaitza zerrenda ireki egingo dugu nahi duten emakumeei aukera emateko, eta Plazandreok izena ere alboratuko dugu. Izan ere, Donostiako Emakumeen Etxeari esker, taldeka antolatuta geunden feministon artean sare moduko bat osatu da. Ordura arte taldeen arteko harremana unean unekoa zen, eta Emakumeen Etxean elkarbizitza eraiki dugu, eta akaso animatuko litzateke jendea. Agian ez, agian orain arte bezala jarraituko dugu; ikusiko dugu irailetik aurrera.

No hay comentarios:

Publicar un comentario