Ekainaren 28an ospatzen den Askapen Sexualaren aldeko Nazioarteko Egunaren atarian, aldarrikapenei, beharrei eta erantzunei egin die errepaso Ekaitz Herrero Sexu Askapenerako Gazte Mugimenduko kideak.
Heterozentrismotik at dagoen edozein gazteri zuzenduko zaio sexu askapenerako
gazte mugimendua eratzen ari den proiektu berria. Funtsean, duten hutsune
nagusia politikoa dela uste dute, eta, beraz, halako erantzuna eman behar dela.
Gako asko nabarmenduko lituzkete, baina hezkuntza da horietako bat, eta, botere
estrukturak sortzen dituen jendartea eraldatzeko grina piztea, bestea.
Gazte EHGAM desegin eta zabalagoa den
sexua askapenerako gazte mugimendua eratzen zabiltzate. Zerk bultzatu zaituzte
horretara?
Gazte EHGAM iazko udan desegin zen. Kide berriak batu zirela eta sorrera
lanetan aritutako jendea ere aldatzen joana zela antzeman genuen. Era berean,
gerturatutako jende berri horrek zerotik abiatuko zen proiektu batean parte
hartzeko beharra zuela ikusi genuen. Lau urteko ibilbidearen ostean, gainera,
gure diskurtsoak berak ere nolabaiteko bilakaera bat izan du. Arrazoi horiek
guztiek eraman gintuzten proiektu berri baten eratze prozesua abiatzera.
Azken batean, helburu berdinekin bat
egiten duten gazteak batzeko beharra sumatu duzue.
EHGAM erakundetik sortutako taldea zen Gazte EHGAM, eta, euren diskurtsoaren
kontra kokatzen ez bagara ere, ezta gutxiago ere, arlo batzuk birplanteatzeko
beharra sumatu genuen. Hori ahalik eta jende gehienarekin egin nahi genuen.
Hala, zabaltzeko eta bidean beste pertsona, kolektibo eta mugimendu batzuk
batzeko aukera ikusi genuen. Sexu askapenerako mugimendua oso sakabanatuta
zegoela antzematen genuen, izan ere. Hala hasi genuen oraindik ere amaitu ez den
proiektu berriaren eratze prozesua.
Zein egoeretan iristen zarete ekainaren
28ko data esanguratsu honetara?
Badira beste data esanguratsu batzuk ere guretzat, baina egia da ekainaren
28a egun adierazgarriena dela. Guk sumatzen dugunez, sexu askapenerako
mugimenduan batzen garen erakundeak, modu batean edo bestean, geldituta gaude
uneotan. Urtetan zehar hainbat lege eskatzen aritu gara: Sexu bereko pertsonen
arteko ezkontza Legea eta Transexualitatearen Legea. Orain, berriz, behin horiek
lortutakoan, halako geldiune bat gertatu da. Aurrerantzeko helburuak zehaztea
dagokigu, beraz.
Ekainaren 28an, berriz, eguna berezi egin zuen 1969ko matxinadatik
errealitatea ez dela aldatu aldarrikatu nahi dugu gazte mugimendutik. Oraindik
gauza asko daude egiteko. 1969ko matxinada horretan heterosexuala ez zen guztia
zapaltzen zuen sistema hori birrintzen hasi zen, baina oraindik ere, nahiz eta
lege batzuk egitea lortu den, ez dugu sistema hori birrindu, eta, beraz,
beharrezkoa da oraindik ere jendarte aldaketa bat.
Helburua handia da. Bide horretan,
aurten zein aldarrikapen zehatzei helduko diezue?
EHGAM beraren eskutik, esaterako, orain gutxi Frantzian izan den gazte
antifaxistaren hilketa ekarri nahi da gogora. Ez dakigu bere praktika sexualak
zeintzuk ziren, baina azken irudietako batean sexu berekoen ezkontza arautzeko
legearen alde borrokan agertu zen. Antifaxismoaren borroka oso garrantzitsua da
guretzat. Era berean, sexua eskubideak aldarrikatzen dituen Jakartako
Adierazpena ere nabarmenduko dugu. Kapitalismoaren krisiak eragin duen krisi
ekonomiko, sozial eta politikoa egoera larriak ari da sortzen berriz Europan,
baita Euskal Herrian ere. Izan dira eraso homofoboak eta faxistak, eta guztiak
lerro berean kokatzen ditugu guk. Azken batean, homofobiaren kontrako borroka
faxismoaren aurkako borroka da, eta hori ere aldarrikatuko dugu datorren
ekainaren 28an.
Eraso horien aurkako erantzun
indartsuagoak behar dira?
Nire ustez, erantzun askoz indartsuagoa eman beharko litzateke, bai eraso
homofobo bat dagoenean bai eraso faxista bat dagoenean. Berriz ere berdina ez
gertatzeko bezain irmoa izan behar du erantzunak.
Sexu berekoen arteko ezkontza arautzeko
legea aipatu duzu. Eskubide hori aitortu zaizue, baina horrek ez du egunerokoan
dauden arazoak konpontzeko balio.
Ez dut legearen aurka egingo, baina konturatu beharko genuke jendartean
diziplina ezartzeko ahalegin horretan familiak edota ezkontzak duten
betebeharra. Legea aurrerapausoa izan bada ere, garrantzia handiagoa duten
aldaketak badirela uste dut.
Zein arlotan sumatzen dituzue, zehazki,
sexu askapenerako borroka horretan hutsune handienak?
Funtsean arazoa politikoa da, eta, beraz, hutsune nagusia ere politikoa da.
Gauzak aldatu egin daitezke, betiere borondate politikoa baldin badago.
Instituzioek egun dituzten jarrerek ez dute egoera aldatzeko balio, egungo
status quo hori mantentzeko baizik. Beste hutsune garrantzitsua, zalantzarik
gabe, hezkuntza sistema da. Errotik aldatu behar da. Hezkuntza sistema ez
heterozentrista bat behar da, pertsonen arteko lehiakortasunean oinarrituko ez
dena. Horretarako aukera badago, baldin eta horretarako borondatea badago.
Eskolaz mintzo zara. Eskolan ematen den
jazarpen homofobikoak ardura handia eragiten dizue, ezta?
Bai, beldurra oso atzerakoia da eta krisi ekonomikoarekin urrun ikusten
genituen jarrera batzuk itzultzen ari direla ikusten ari gara. Estatu
frantsesean sexu berekoen ezkontzaren aurka kalera irten diren pertsona asko
gazteak dira eta horrek arduratu egiten gaitu. Oraindik ere Euskal Herriko
eskoletan bullying-a eta sexua aukeragatik diskriminazioa pairatzen duten
gazteak badaude. Armairutik atera ez diren gazteak ere kontuan hartu behar dira,
azken batean jendartearen diskriminazioa pairatzeko beldurrak eragiten du-eta
kasu askotan aukera hori. Armairuan egotea aukera propioa baldin bada ondo dago,
baina beldurragatik bada... Egungo hezkuntza sistemak adoktrinatu egiten gaitu
eta hurrengoak ere hala egingo du ez bada aldaketa sakon bat gertatzen. Azken
batean, ikasleak nagusien isla dira.
Zein da hezkuntza sistema eraldatzeko
jarraitu beharreko bidea?
Lehenik eta behin, hezkuntza arloan lan egiten duten eragileekin aliantzak
eraikitzea beharrezkoa da. Analisi bat egin behar da guztion artean eta zehazten
diren maximoak exijitu. Uste dut askotan minimoekin konformatzen garela, eta,
aldiz, maximoak exijitu behar dira, tinko.
Nire ustez, ez da txarra oraindik zehazteko dauden horien alde borroka
egitea. Askotan badakigu zeren kontra borrokatzen dugun eta ez zeren alde. Nik
ez dut uste horren txarra denik hori; zeren kontra ari garen jakiteak borrokan
jarraitzeko grina sortzen du, izan ere.
Marraztuta dituzue izan nahiko zenuketen
hezkuntza sistemaren lerro nagusiak?
Badira hezkuntza arloan esperientziak ikasleen autoebaluazioa bultzatzen
dutenak. Sistema horietan ez da jakintzaren jabego pribatua bultzatzen,
ezagutzaren interes publikoa baizik, eta hori garrantzitsua da. Egungo hezkuntza
sistemak ikasleak indibidualki sailkatzen ditu, haien arteko lehia sortuz. Nire
ustez, gaztelerazko testu analisi bat egiten jakitea baino garrantzitsuagoa da
bizitzeko, sentitzeko eta elkarbizitzeko ikasgaiak jasotzea, eta horiek bultzatu
beharko lirateke.
Oraindik ere gabezia handiak dituzuela
nabarmendu duzu, baina zuen egoera aurrekoena baina askoz ere hobeagoa dela
esango dizuete seguru asko.
Bai, baina guk askatasun gehiago dugula ez nuke esango. Kontuan izan behar
dugu, gainera, ematen dizkiguten askatasun horiek, aldez aurretik desaktibatuta
daudela. Kalte egiten digu mezu horrek, azkenean, askatasun gehiago dugula behin
eta berriz entzuteak urratu egiten gaitu.
Kontrolatutako askatasunez mintzo
zara.
Bai, guztiz baldintzatuta daude. Printzipioz, gu pertsona askeak gara, eta,
beraz, guk geuk eraiki dezakegu gure nortasuna. Baina, aldiz, nortasun horren
eraikitzea baldintzatuta dago erabat.
Eta kalean, sexua askapenerako
mugimenduari begira zer sumatzen duzue?
Kalea oso anitza da. Sexu askapenerako mugimenduak aterki asko ditu eta
faltan sumatzen dugu jendarteak ez dakiela horien artean bereizten. Sexu
askapenerako mugimendua ezezaguna da. Badira mugimendu batzuk bidea
instituzioekin batera egiten dutenak, eta, bestalde, bagara ere jarrera
iraultzaileagoa dugun mugimenduak. Oso dinamika eta planteamendu desberdinak
dira batzuenak eta besteenak. Sumatzen dugu jendarteak ez dakiela horien artean
bereizten.
Estatu frantsesean gazte asko irten dira
kalera sexu berekoen ezkontza arautzeko legearen aurka protesta egiteko. Nola
ulertzen duzue hori?
Frantzian, sektore ultraeskuindarrak iskanbila sortzeko aukera ikusi du.
Europan halako joera gehiago ere ikusi ditugu. Gazteen arteko homofobia
azaltzeko modu asko izan daitezke. Nire ustez, matxismoa dago atzean. Gizonak
aktibo izateko eta penetratzeko eta emakumeak pasibo izateko eta penetratuak
izateko hezi ditu gizarteak. Gizon bat homosexuala denean, heterozentrismoren
begirada itxitik derrigorrez penetratua izan behar duela uste denez, eskemak
hausten zaizkie, euren begietara gizon horrek emakume papera hartzen duelako.
Azken batean homofobiak matxismoaren kutsua du.
Gazteek sumatzen al dute sexu
askapenerako mugimendura gerturatzeko premia?
Sexu askapenerako mugimendura jende gutxi gerturatzen da. Seguru aski jendeak
izango ditu beste lehentasun batzuk eta zilegi da, baina guk gure lana guk egin
behar dugula uste dugu. Sistemak, gainerako guztiak ere kontrolatzeko, gu
kontrolatu behar gaitu lehenik; gure izaera eta gure gorputza. Kontrol orokor
horri aurre egiteko modua da sexu askapenerako mugimenduaren lana bera ere.
Hori hala izanda ere, jendea zuen
borrokara gerturatzeko zailtasunak dituela diozu.
Nire ustez, ezkontza eskubidea edota Transexualitatearen Legea gozoki
pozoituak izan dira, jende asko desmobilizatu egin da-eta. Bestetik, bada gure
borrokarekin bat egin arren hori publiko egiten ez duen jendea ere; gure
borrokaren ezaugarriek ez dute urrats hori ematea errazten.
Zuen aldarrikapenak ez dira pertsona
homosexualenak bakarrik. Pertsona heterosexualek, ordea, ez dute agian guztion
askatasun sexualen alde borrokatzeko premiarik antzematen.
Gazte mugimenduaren eratze prozesuan jende heterosexuala ere ari da parte
hartzen. Baina, azken batean, komunikabideetan indarra hartu duena mugimendu
erreformista da, eta, hala, jendeak sexu askapenerako mugimendua horrekin
bakarrik lotzen badu, zaila da gerturatzea. Ulertu behar da gure borroka ez dela
bakarrik sexu berekoen arteko gauza bat, baizik eta jendartea zein modutan
antolatuta dagoen aztertzen eta aldatzen saiatzen dena baizik. Gure gizartea
binalista da: gizonak eta emakumeak daude eta heterosexualak eta ez
heterosexualak daude. Bi talde egitean badira, botere estrukturak sortzen dira
ezinbestean eta horrek berdin kaltetzen gaitu praktika homosexualak izaten
ditugunak zein praktika heterosexualak izaten dituztenak.
Mailaketak aipatu dituzu, zein mailatan
daude emakumezko homosexualen aldarrikapenak?
Emakume ez heterosexualen kasua gutxiengo baten gutxiengoarena da, eta,
gutxiengo horren barruan, beste gutxiengo bat ere
badago:&punctSpace;transexualak. Zer esanik ez transexual prostituten kasua.
Gazte mugimenduaren eratze prozesua abiatzean egin genuen hausnarketetako bat
hori izan zen, ez ginela mugatuko LGTB etiketetara. Heterozentrismotik at dagoen
gazte orori zabaltzea izan dugu xede, nahiz eta heterosexuala izan. Izan ere,
heterosexual izateak ez du heterozentrismoaren arauak betetzen ditugunik esan
nahi. Helburuak eta metodologia finkatu behar ditugu, eta, gero, horiek onartzen
dituzten norbanako eta mugimendu guztiei zabalik egongo behar dugu, kalea bera
baldintzatzeko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario