2013/06/27

BERRIA: Sexu berekoen ezkontzak onartu beharko ditu AEBetako Gobernuak

Ezkontza soilik gizonen eta emakumeen arteko batasuntzat jotzen zuen legea bertan behera utzi du Auzitegi Gorenak

«DOMAren inguruko erabakia aurrerapauso historiko bat da ezkontzen arteko berdintasunean. Maitasuna, maitasuna da». Twiterren idatzitako mezu horrekin egin dio ongietorria Barack Obama AEBetako presidenteak Auzitegi Gorenak hartutako erabakiari. Bederatzi epailek osatzen dute auzitegia, eta horietako bortzek konstituzioaren aurkakotzat jo dute DOMA Ezkontza Defendatzeko 1996ko Akta. Lege horretan ezkontza «soilik emakume baten eta gizon baten arteko batasun legala» dela erraten da; horregatik, ezkondutako gay eta lesbianek ezin zituzten ezkontide heterosexualen ezagutza eta onura fiskal berak jaso gobernu federalarengandik (gobernu zentralarengandik). Orain, herrialde osoan jaso ahalko dituzte onura horiek. Hala ere, sexu berekoen ezkontzak onartzea ala ez estatu bakoitzaren eskumena izanen da aurrerantzean ere.

1996ra arte, AEBetako Gobernuak ez zuen ezkontzaren inguruko irizpiderik: estatu batek onartzen bazuen, berdin balio zuen Washingtonentzat. Bill Clintonen gobernuak onartutako DOMArekin aldatu zen hori. Auzitegi Gorenak orain ebatzi du orduan hartutako erabakiak konstituzioa urratzen duela. Ebazpenean dio sexu bereko ezkontideek «karga bat pairatu» behar izan dutela Domaren ondorioz, legearen helburua baitzen «estatuek onartutako ezkontzen artean talde bat bereiztea berdintasuna urratzeko».

DOMAren aurkako epaia Edith Windsor 83 urteko emakumeak abiarazitako prozesutik etorri da. Windsor 2007an ezkondu zen bertze emakume batekin, Thea Spyerrekin. Spyer 2009an hil zen, eta haren oinordetzan jasotako ondareagatik Windsorrek 363.000 dolar (279.000 euro) ordaindu behar izan zizkion gobernu federalari zergetan. Bikote heterosexualek halako kopururik ordaindu beharrik ez zutela eta, berdintasun eskubidea urratu zitzaiola argudiatu zuen Windsorrek, eta DOMAren aurkako prozesua hasi zuen.

Obamak duela bi urte jakinarazi zuen gobernuak DOMA aplikatzen jarraituko zuela, baina ez zuela auzitegietan defendatzeko asmorik. Kongresuko erakunde batek, BLAG Bi alderdien Lege Aholkularitzarako Taldeak, hartu zuen defentsarako ardura Ordezkarien Ganberako bozeramaile John Boehner errepublikanoaren aginduz.

DOMAren epaiak ez du sexu berekoen ezkontzaren legeztatze nazionala ezarri; estatu bakoitzak dauka horretarako eskumena. 11 estatuk eta Columbia barrutiak onartzen dituzte gay eta lesbianen ezkontzak; bertze seitan nolabaiteko onarpena dute, eta 30tan debekatuta daude.

Kalifornian, berriz onartuta

Auzitegi Gorenak atzo emandako bertze epai batek, ordea, bertan behera utziko du 30 estatu horietako baten debekua. Kaliforniako legebiltzarrak 2008an onartu zituen sexu berekoen arteko ezkontzak. Urte bereko azaroan, ordea, presidentetzarako hauteskundeekin batera egindako erreferendumean 8. Proposamena delakoa onartu zuten, ezkontza gizon eta emakumeen arteko loturara mugatzeko. Auzitegi federal batek, baina, 2010ean neurria baliogabe utzi zuen, eta Kaliforniako Gobernuak 8. Proposamena defendatzeari uko egin zionez, gay eta lesbianen eskubideen aurkako talde batek jarraitu zuen auzibidearekin. Auzitegi Gorenak orain erran du herritarrek ezin dutela lege bat konstituzionala dela auzitegietan defendatu, aitzinetik gobernuak hori babesteari uko egin badio. Auziaren funtsean, ordea, ez da sartu; bertzela, debekua ezarria duten bertze 29 estatuei ere eragin ziezaiokeen ebazpenak.


No hay comentarios:

Publicar un comentario