2013/06/29

BERRIA: Milaka lagunek harro aldarrikatu dute sexu askatasunean bizi nahi dutela

 
 
Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Askapenerako Nazioarteko Eguna ospatu zuten atzo milaka lagunek Euskal Herrian. Manifestazio jendetsuak ere egin zituzten hainbat herri eta hiriburutan, EHGAMek deituta.

Donostian, Eliza katolikoaren aurkako oihuak egin zituzten, eta pankarta batean heterofaxismoa salatu zuten Clement Mericen omenez —ekainaren 5ean Parisen eskuin muturreko talde batek hil zuen gaztea—. Iruñean, Nafarroako hainbat herritatik iritsitakoak bildu ziren. Lumak eta ileordeak jantzita, preserbatiboak eta gozokiak banatu zituzten herritarren artean. Gasteizen ere ehunka lagun izan ziren martxan. Bilboko manifestazioan, EAJko eta EH Bilduko eta beste alderdi politiko batzuetako ordezkariek parte hartu zuten. Homosexualitatea debekatua dagoen zenbait herrialderi buruzko afixak eraman zituzten manifestariek.

Ipar Euskal Herrian atzo ez zuten ekitaldi berezirik egin lesbiana, gay, transexual eta bisexualen eguna ospatzeko, joan den asteko larunbatean Askapen Ibilaldia egin baitzuten Miarritzen. Hala ere, egunaren garrantziaz oharturik, Les Bascos elkarteko kideak Donostiako martxara bildu ziren.

Bilboko Ekainaren 28ko Koordinakundeak, berriz, Sexu eskubideak defenda ditzagun! manifestua plazaratu du. «Benetako etorkizun bat» eraikitzeko deia egiten dute gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen aldeko taldeek. «Oihuka ditzagun gure gorputza, gure sexua, gure plazera, gure harremanak eta gure askatasuna; ez baitira opari, norberarena den zerbait baizik». Haien oihua argia da: «Nahi duguna gara, gogoak ematen diguna».

Bestalde, Gehitu elkarteak hezkuntza eremuan eskumena duten administrazioei jarduera, politika publiko eta konpromiso «eraginkorrak, irmoak eta argiak» exijitu dizkie, «joera homosexuala eta nortasun transexuala duten nerabeen funtsezko eskubideak eta segurtasuna babestu ditzaten». Aniztasun afektibo-sexualaren alde jarduteko, eta balioen heziketa curriculumaren edukian sartzeko eskatu die administrazioei Gehituk, baita jazarpen homofobikoari eta homofobiari aurre egiteko ere. Eusko Jaurlaritzari «ekintza irmoak» eskatu dizkio, adibidez, ikastetxeetan aniztasun afektibo-sexualaren alde lan egiteko.

2013ko urrea eta trapua

Ekainaren 28arekin batera Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak banatzen ditu EHGAM elkarteak urtero, sexu askapenaren prozesuan lagun dituztenak eta eskubideak mespretxatu dituztenak nabarmentzeko. Aurtengo Urrezko Hirukia saria EAEko Arartekoa erakundeari eman diote, «afektibitate/sexualitatearen eta sexu eskubideen arloan egiten duen lanagatik, modu berezian hezkuntza munduan». Rainbow proiektua goraipatu du EHGAMek. Iñigo Lamarca arartekoak eta Julia Hernandez arartekoaren ondokoak atzo gauean jaso zuten saria, Bilbon, Kafe Antzokian.

2013ko Trapuzko Espartina Eusko Jaurlaritzari eman diote, «Irango enbaxadorea ohore guztiekin hartzeagatik, gizarte politikaren eremuan diru laguntzak izugarri murrizteagatik eta batez ere Hezkuntza Sailak oraindik ez duelako bermatzen jakin —edo nahi izan— ume-nerabe-gazteek berdintasunaren eta sexualitate-afektibitatearen eremuetan jaso behar luketen heziera».

Arrangoitzeko «garaipena»

Arrangoitzeko (Lapurdi) Herriko Etxeak gay bikote bat ezkontzea onartu izana «garaipentzat» jo du Beñat Gachen Les Bascos elkarteko ordezkariak. «Argi eta garbi homofobia den diskriminazio hori ahal bezain laster bukatu behar zen». Bikoteak salaketa mantenduko ote duen ez da jakina; salaketari eutsiko baliote, alde zibil gisa aurkezteko asmoa dutela esan du Gachenek.
 
 




No hay comentarios:

Publicar un comentario