2013/06/29

BERRIA: Kultura ez da armairuetarako

http://paperekoa.berria.info/kultura/2013-06-27/020/001/kultura_ez_da_armairuetarako.htm

Gay, lesbiana, transexual eta bisexualek geroz eta toki handiagoa dute euskal kulturan, eta geroz eta interes handiagoa sortzen ari da gaiaren inguruan. Baina kontu asko dago gaiari buruz esateko eta lantzeko oraindik.
Iker Tubia
Armairuan gorderik izan dira hainbat eta hainbat gai. Hainbat eta hainbat kultura adierazpen. Urte luzez, gay eta lesbianez euskaraz ezin zela hitz egin pentsatu izan dute askok. Hala ere, geroz eta gehiago dira LGTB kolektiboa hizpide duten kultura adierazpenak. Literaturan anitz dira, zineman bi film daude oraingoz. Armairutik ateratzen hasia da euskal kultura queer-a.

Sexu askatasunaz mintzo diren kultura adierazpenak ez dira gutxi Euskal Herrian. 80ko hamarkadatik aurrera gai hori lantzen duten hainbat literatura lan argitaratu dira, geroz eta gehiago. Zinemaren munduan, berriz, bi film ekoiztu dira euskaraz: 80 egunean eta Ander. Biak ala biak 2009. urtean estreinatu ziren. LGTB kultura euskalduna neurtzerako tenorean, baina, subjektibotasuna da nagusi, eta nekez esan liteke asko edo gutxi dagoen. Beste kultura batzuekin alderaturik ez da lan makala egin. «Gure kulturaren txikitasuna kontuan izanda, LGTB gaia nahiko islaturik agertu da euskal literaturan», esan du Imanol Alvarez EHGAMeko kideak. Zineman, esaterako, pelikula gutxi daudela onartu du, baina euskarazko zinemagintzaren tamaina kontuan hartzeko beharra ere nabarmendu du. «Kopuru absolutuetan beharbada gutxi izan bada ere, kopuru erlatiboetan eta inguruko kultura handiagoekin konparatuta, ez da hain txarto egon».

Itxaro Borda idazlea ere baikor azaldu da. Esan duenez, azken urte hauetan «maskararik gabe» agertu da sexu askapenaren gaia. Liburu «anitz» egin direla dio, eta itxaropentsu agertzeko arrazoi bat eman du: geroz eta gehiago dira haien narrazioetan gay edo lesbianak diren pertsonaiak txertatzen dituzten LGBT kide ez diren idazleak. Gaurko eta lehengo liburuak berrargitaratu, eta lehen ez bezala, eskuragai direla ere azaldu du. Adibidez, duela hamabost urte liburu horiek saltzeko ohiturarik ez zuten dendetan ere aurki daitezke. «Garai batean, duela hogei urte, gordeka geratzen ziren, zailtasunekin aurkitzen genituen, eta orain eskurago dago literatura hori», esan du Bordak.

Tradizionalki, LGBT kolektiboa ongi ikusia izan da kulturaren alorrean. Hala uste du Alvarezek, behinik behin. Kultura-LGBT binomioa indarrean mantendu da urteetan, eta «tolerantzia handiagoa» izan da alor horretan. Horregatik, gay, lesbiana, bisexual edo transexualak gehiago nabarmendu dira kulturan, bertan errazago azaldu dutelako haien nortasuna. Hala ere, lotura hori «artifiziala» dela dio EHGAMeko kideak, eta topikoetan oinarritu dela.

Euskal Herriko gizarteari dagokionez, egoera bestelakoa dela uste du Alvarezek. «Elkartasun sentimendu bat dago gutxiengo guztiekiko», azaldu du. Horregatik uste du euskal kulturan «ondo xamar» tratatu dela gaytasuna. Bordak, baina, beste errealitate bat ekarri du gogora: Jean-Mixel Colo Arrangoitzeko (Lapurdi) alkatearen jarrera. Sexu bereko bikoteak ezkontzeari uko egin dio. Idazlearen aburuz, oraindik gizartea ez da ausartzen «ghettoetatik» kanpo gay eta lesbianen mundua libreki ikustera, eta oraindik «pentsamendu bakuna» da nagusi.

Zinemaren alorrean ere bere tokia hartzen ari da sexu askatasunaren gaia. Geroz eta gehiago eta geroz eta naturaltasun handiagoarekin lantzen da LGTB tematika, Jon Garaño zinema zuzendariaren ustetan. Garañok zuzendu du maitasun lesbikoa ageri duen euskarazko film bakarra: 80 egunean. Haren ustez, ez da kasualitatea hain denbora gutxian bi film aurkeztu izana. Dena den, gai batzuez hitz egitea «kostatu» egiten dela dio. Helduen sexualitatea eta sexu berekoen arteko harreman sexualak, biak jorratu ditu filmean, eta biak dira ezkutuko edo tabu. Horregatik, 80 egunean «ausarta» zela aitortu du.

Literatura, zinema eta edozein kultura adierazpen gizartearen isla direla uste du Garañok. Gay eta lesbianak orain arte «ezkutatuago» egon dira gizartean, eta horregatik ere gaia zokoratu egin da kulturan. «Gero eta gehiago erakutsiko dute errealitate hori; zenbat eta ageriago egon gizartean, orduan eta gehiago ikusiko da gainontzeko esparruetan», azaldu du. Ibon Egaña literatura kritikariak ere antzera pentsatzen du. «Gizarteko joerekin lotuta dago literatura, beraz, gizartean neurri batean ikusezina dena literaturan ere bai», esan du. Bordak, berriz, kontrakoa uste du: literatura askotan gizartearen aurretik doa. Jean Etxeparek 1910ean idatzitako Amodioa ipuina aipatu du adibide bezala. «Ausardia ironiko batez bide bat irekitzen dio pentsamendu orokorrari», esan du. Bordaren belaunaldiko idazleek «aitzin urrats» hori eskertu egiten dutela gaineratu du.

Aldaketak aldaketa, eta urratsak urrats, euskal kultura heteronormatiboa da. Baieztapen hori berretsi egin dute Bordak eta Egañak. «Kultur ekitaldi eta egitarau gehienetan, salbu borondatez antolatzaileak pentsatzen badu, naturalki heteronormatiboa eta maskulinista da», azaldu du idazleak. Literatura kritikariak antzera pentsatzen du: «Gizartea heteronormatiboa den heinean, literatura eta literaturaren harrera ere hala da». Egañak uste du LGTB literaturaren ordez horren inguruko kritika eta azterketa dela falta dena. Horregatik plazaratu zuen Desira desordenatuak (Utriusque Vasconiae 2010), hainbat egilerekin batera. «Garrantzitsua da gauza hauei ikusgarritasuna ematea, lan kritikoa edo azterketa egiten duzunean LGTB literaturari lekua ematea, horrek ematen baitio existentzia: aipatzeak, eztabaida sortzeak...», dio.

LGTBra hurbilduz

Gay eta lesbianen istorioak kontatzen dituzten liburu eta filmak geroz eta gehiago badira ere, gaia oraindik ez da ohikoa euskal kulturan. Zergatik? Hainbat erantzun jaso ditzake galdera horrek. Jon Garañok aipatu du horietako bat. Haren esanetan, badira haien komunitatean soilik pentsatzen duten zinemagileak, eta horrek LGTB gaia bazterrean geratzera kondenatu dezake.

Dena den, sexu askatasunaren gaiari ez heltzeko arrazoi nagusiak bi dira: alde batetik, hartzaile kopurua murrizteko beldurra, eta, bestetik, hizkuntza. Bordak, Alvarezek, Garañok eta Egañak aipatu dutenez, LGTB kultura kolektibo horren parte direnei zuzendua delako ustea zabaldua da. Egañaren ustez, modu berean pasatzen da emakumeaz mintzo diren kultur espresioekin. «Bada beldur moduko bat: 'idazle heterosexual batek homosexualtasunaz idaztea zenbateraino izan daiteke sinesgarria? Edo zenbateraino heterosexuala banaiz identifikatuko naute pertsonaiarekin?'», azaldu du.

«Bada ghettoan gelditzeko arriskua eta idazleak ghettoarentzako idaztekoa», esan du Bordak. Ghetto hori irekitzen ari dela uste du, baina berriz ixteko aukera badela ohartarazi du, Ipar Euskal Herrian azken asteetan agertu diren adierazpide homofoboak gogora ekarrita. Garañok badaki ghettoa nola ireki: «Zinegoak jaialdia oso ondo dago, baina ondo legoke tematika berezituen jaialdietatik ateratzea eta zinema jaialdi orokorretara salto egitea, eta telebistan, bideoklubetan, Interneten eta abarretan egotea».

LGTB kultura zabaltzeari buruz, Alvarezek galdera bat egiten dio bere buruari, baita erantzun ere: «Norengana heldu gara? Seguruenik gutxiengo batengana». Hori hizkuntzarekin lotu du. Izan ere, euskara eta LGTB mugimendua bateraezinak direla uste izan dute hainbatek. Alvarezek dio gay munduan erdara dela nagusi, elkarrekin dutena ez baita hizkuntza, sexu berekoak gustuko dituztela baizik. Gainera, gay eta lesbianak normalean hiri handietan bildu direla dio, askotan «ezkutatzeko». Eta hiri handietan erdara izan ohi da nagusi. Euskal Herrian ez ezik, Katalunian ere antzeko egoera dutela esan du. Egañak dio gay eta lesbianen mugimendua eta euskal kultura «nahiko aparte» joan direlako ustea izan dela Euskal Herrian. Desira desordenatuak argitaratzean bazekiten LGTB gaiari buruz euskaraz eta euskal kulturatik hitz egiteko «beharra» zegoela.

Hitz egiteko, baina, hitzak beharrezkoak dira, eta batzuek LGTB hiztegia aberasteko lana egin dute. Horren adibide Aitor Aranaren Gay hiztegia (Txalaparta 2005). Hitz falta ere izan zitekeen gay eta lesbianez idazteko muga, horregatik, aurrerapausotzat jo du Bordak, hizkuntza «aberastu» eta «askatu» egiten baitu. «Uste dut liberatze bat izan dela hitzen aldetik, hiztegia sortzen ari garela despektiboak izan gabe», esan du. Orain arte LGTB gaia euskaraz ez da sobera aipatu, haren ustez, eta ondorioz, hitzak faltatu izan dira. Orain, idazle eta LGTB elkarteetako kideek euskara gehiago erabiltzen dute.

Pertsonaia homosexualak

Literaturak eta zinemak hitzak behar ditu edozein gairen inguruan mintzatzeko. Baina hitz horiek norbaiten ahotan jartzea ere inportantea da. Horretarako sortzen dira istorioetako protagonistak. Euskal literaturaren kasuan ez dira gutxi gay, lesbiana, bisexual eta transexualak direnak. Hala ere, pertsonaien arteko ezberdintasunak ez dira nabarmenak. Egañak aski ongi aztertu ditu. Ikuspegi «oso tragikoa» edo «izugarria» erabili ohi izan da euskarazko LGTB literaturan, normalean bazterketarekin lotu baita, edo heriotzarekin. «Askotan horrelako pertsonaiak erabili izan dira ezinezko maitasunak, ezinezko bizitzak, ezinezko biografiak adierazteko», esan du.

Hala ere, salbuespenak badirela onartu du, eta horien artean Itxaro Bordaren lana goraipatu du, Amaia Ezpeldoi detektibe lesbianari buruzko liburuengatik batik bat, baita Juanjo Olasagarrerena ere, Ezinezko maletak (Susa 2004) lanarengatik. «Baina gutxi dira gai nagusi gisa hartu, eta gay, lesbiana edo transexualitate horri zentzu politikoa eman diotenak», zehaztu du. Hala eta guztiz ere, Egañak arrisku bat ere antzeman du: pertsonaia gay edo lesbiana «kuota betetzeko» sartzea, alegia. «Jakin behar da pertsonaia hori lantzen», esan du.

Pertsonaien artean ere mailak daude. Ez dira berdin tratatzen gayak, lesbianak edo transexualak. Egañaren aburuz, lesbianek «ikusezintasun bikoitza» pairatzen dute. «Ez dute hain ikuspegi tragikoa, baina gutxiago lantzen da», esan du. Bordak, berriz, ez du horrela pentsatzen. Haren aburuz, emakumea «bide bazterrera bultzatua» izan da «beti». «Ondorioz, emakumeen artean lesbianak zokoratuago daude». Hala ere, «beharbada» euskarazko literaturan lesbianen ahotsa gayena baino gehiago aditzen dela esan du; «agerian edo ez agerian», zehaztu du. Ezkutuenak, baina, transexualak dira. «Horiek ez dira batere sartzen euskarazko literaturan». Salbuespenak salbuespen, adibidez, Isidro Rekartek gaia landu baitzuen Desioen hiria liburuan (Pamiela 1998).

Etorkizunari begiraturik, LGTB kulturak badu etorkizunik Euskal Herrian. Egañaren ustez, gai horien inguruan interesa badago euskal kulturaren alor guzietan, baita generoari buruzko gaien inguruan ere. Desira desordenatuak argitaratzearekin batera, han eta hemen eskatu zizkieten mahai inguru eta hitzaldiak, gogo horren adierazgarri. Gainera, garai politiko berriak eragina izan lezakeela uste du, eta toki gehiago emanen zaiela nazio askapenaz bestelako gaiei. LGTB barne.

No hay comentarios:

Publicar un comentario