2013/01/15

«Gogaikarriei», garrasia isilarazi

BERRIA: Dokumentuak faltsutzea egotzita, sei urtera arteko espetxe zigorra eska dezakete Laura Bugalhorentzat. Galizian, etorkinen eskubideen alde lan egiten du; auzia «muntatu» egin dutela azaldu du egunotan Euskal Herrian.

Norbaitek salatzeak eta, gainera, bete-betean asmatzeak, horrek gogaitarazten du gehien sistema. Baina orduan prest egon behar duzu, ez baituzu babesik edukiko». Bere hitzen arabera, pertsona gogaikarria da Laura Bugalho (Santiago de Compostela, Galizia, 1964). CIG sindikatuko kidea da, LGTB mugimenduko militantea, galegozalea... eta etorkinei laguntzea du ogibide, Santiagoko Migrazio Departamentuan. 2008ko azaroan bihurtu zen erabat «gogaikarri», ustez 57 marokoarri estortsioa egin zien mafia bat salatzean. Erasoa bueltan etorri zitzaion, eta egun auzibidean dute. Euskal Herrian da egunotan, Medeak taldearen eskutik, bere aurkako auziaz hitz egiten.

Salatutako hemeretzigarren mafia zen hura, «itzela, tartean nahastuta baitzeuden Espainiak Casablancan duen kontsuletxea, metaleko 39 enpresa, CITE-CCOOko kide bat...». Baina salaketarekin batera agertu ziren «itzalak»: hasieran, ekimen politiko batean parte hartzen zuenean, identifikatu egiten zuten poliziek; gero, haren etxea miatu zuten ezezagun batzuek; azkenik, 2009ko maiatzean atxilotu zuten. Polizia etxean torturatu egin zutela azaldu du Bugalhok, baina ez zuen salaketa jartzerik izan, «praxis judizial okerragatik».

Datorren asteazkenean deklaratuko du epailearen aurrean, auziaren instrukzio prozesuan. Dokumentuak faltsutzea egotzi diote: epaiketara heltzen bada, hiru hilabete eta sei urte arteko espetxe zigorra eska dezakete.

Espainiako Poliziak Fiskaltzari aurkeztutako froga nagusia dira lau etorkinen paper faltsutuak. «Faltsutze baldarrak ziren; esaterako, gizon batek haurdun baten analitika zeukan». Haietako hiruk adierazi dute Bugalhok eman zizkiela paperok. Sindikalistak ukatu egin du: «Atzerritar Legea oso gaiztoa da: paperik gabekoei paperak ematen dizkie, engainatu edo esplotatu dituen mafia bat salatzen badute, mafia hori zigortuz gero». Hartara, defentsa ez du hiruren aurkako erasoan oinarrituko: «Eurak ere biktima dira».

Etorkinak, «mehatxupean»

Auzia «muntatu» egin dutela frogatzen saiatuko da. Besteak beste, prozesuan izandako irregulartasunak ditu alde; adibidez, haren ordenagailua polizia etxetik desagertu zen, hamabost egunez. Baina larriena da, Bugalhoren arabera, poliziek «mehatxupean» lortu zituztela deklarazio zenbait: «Paperak dituztenei esaten diete kontuz ibiltzeko paperak berritzean; naziotasuna lortzear daudenei esaten diete kontuz ibiltzeko ea ez ote den prozesua bertan behera geratuko; eta paperik ez dutenei esaten diete kontuz ibiltzeko kanporatzeko aginduarekin».

Hala, lekuko batzuek jakinarazi dute poliziei entzun zietela salaketa jarri zuten hirurei jarraibideak ematen, sindikalistaren aurka jotzeko. Deklarazioa hartutako beste batzuek aitortu dute lekukotza agiria irakurri gabe sinatu zutela. Bugalhok argi du: «Poliziak nire aurka segituko du. Promesa egin dute: orain ez bada, hurrengoan espetxeratuko naute».

Auziak Bugalhoren aldeko elkartasuna piztu du. Soilik Euskal Herrian 1.800 sinadura bildu ditu hogei egunean, eta autoinkulpazio kanpaina ere martxan da. Esker onez erantzun du, baina kezkaz. «Beldur naiz, baina ez nago izututa. Onena eta txarrena espero dezaket». Absoluzioa, askatasuna bermea ordainduta edo espetxe zigorra. Hiruretarako prest dago: «Gertatzen dena gertatzen dela, borrokatuko gara. Ez dut martiri izan nahi, baina honek balio badu egoera leherrarazteko, sistema aldatzeko eta gure utopietarantz ibiltzeko, aurrera».

 Lana paradigma bihurtuta

Etorkin transexualentzat zaila da euren identitatearekin bat datozen paperak lortzea. Besteak beste, haiekin egindako lanagatik da ezagun Laura Bugalho.
M. A. L. Bilbo
Galiziara itzulitako emigranteekin hasi zen lanean Laura Bugalho, 1992an. «Garai hartan ez zegoen ia atzerritar araudirik». Hogei urteotan etorkinei harrera egiteaz arduratu da: erroldatzeak, osasun txartelak, seme-alaben eskolaratzea eta bestelako paperak kudeatzeaz, «baina, batez ere, afektuez». Milaka lagun pasatu dira Santiagoko Migrazio Departamentuan duen bulegotik; 2008an, adibidez, A Coruñako Atzerritar Zerbitzura 620 pertsona eraman zituela kalkulatu du Galiziako Immigrazio Foroak.

Feministen eta LGTB taldeen bidez hasi zitzaizkion «identitate anitzetako» pertsonak iristen. Sexu joera migratzeko arrazoia badela ezkutatzea deitoratu du: «Gay, lesbiana, bisexual eta transexual asko etorri dira, Espainiako Estatuan paradisua zegoela pentsatuz; eta hemen hobekuntza batzuk badaude, haien jaioterriarekin alderatuta, baina legeek baztertzen dituzte».

Transexualek daukate arazo gehien, Atzerritar Legea Genero Identitatearen Legearen gainetik dagoelako: etorkin transexual batek paperak eskuratzeak ez du esan nahi bere nortasunarekin bat datorren dokumentazioa duenik. Sexu aldaketa paperetan islatzea jaioterriko legeen araberakoa da, «baina oso herri gutxik dute transexualitatea onartua».

Ororen gainetik, halere, irakaspena izan da Bugalhorentzat etorkinekin lan egitea. Horregatik, «immigrantearen paradigma» aldarrikatzen du, «denok sentitzea kanpotar sistema honetan». Ezinbesteko baitu indarrak metatzea: «Soroa gurea bada, zergatik borrokatu partzelengatik?».

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario