2012/12/27

GARA: Laura Bugalho

Laura Bugalho
Azken urteotan badira askorentzat zilegitasuna galdu duten izen handiko zenbait sari. «Time» aldizkariak Obama izendatu du beste behin ere urteko pertsonaia eta harro esan dezake AEBetako presidenteak Europar Batasunak jaso berri duen Bakearen Nobel saria berari ere eman ziotela. Badira, ordea, kasik ezagutzen ez diren bestelako sari eta izendapenak, eta, oihartzun mediatiko eskasa izan arren, zilegitasun handiagoa dutela esango nuke. Giza Eskubideen Nicolas Salmeron Saria jaso zuen iaz Laura Bugalhok, sexu askatasunaren arloan egindako lanagatik. Hori dela eta, nik Laura izendatu nahi dut ostegun honetako pertsonaia.
Ondo gogoan dut Laurak Zabaldiko aretoan hitz egin zigun eguna. Galiziako nekazari eta arrantzaleez hitz egin zigun, kulturaren eta hizkuntzaren inguruko mugimenduez aritu zen, askatasun sexualen aldeko jardueren berri eman zigun eta pertsona trans eta migranteen eskubideen aldeko lanaren nondik norakoak azaldu zizkigun.
Urtarrilaren 16an epaituko dute Laura. Dokumentuak faltsutzea leporatzen diote galiziarrari eta kartzela zigorra eskatzen dute berarentzat, hain zuzen ere urteotan pertsona trans eta migranteen eskubideen alde egindako lanagatik. Bere epaiketak elkartasun uholdeak eragin ditu sare sozialetan.
Change.org eta bestelako webguneek ematen dute haren berri eta epaiketa geldi dadin eska daiteke. Izen handiko sariak ez ditu jaso, baina bere jarduera ezagutzen duen edonork eskuzabaltasun handiko lana egiten duela esango du eta horregatik ez da agintari askoren gustuko lana izan. Unetxo bat hartu eta sinatu dezagun, Lauraren lana eten ez dadin.


No hay comentarios:

Publicar un comentario