Abuztuaren
18an Azkoitiko Andra Mari jaietan parrandan gabiltzala, goizeko ordubiak aldera
eta txosna karpatik ez oso urrun, lagun talde bat elkartu eta berriketan hasten
gara. Halako batean, nire atzean hitz egiten ari den mutil batek marikita
hitza esan duela uste izan dut eta ea marikitekin zer gertatzen den galdetzen diot.
"Hemen norbait marikita al da ba?", berak. "Bai, ni.
Zergatik?", erantzuten diot. "Ah, ba horrela bada, errespetatu ni eta
ez ukitu", esaten dit. Lasai egoteko, inoiz ez dudala ukituko, baina berak
niri inoiz gehiago hitz bakar bat ere ez egiteko erantzuten diot zakar.
Handik pare
bat ordura, lagun bat herriko bi mutil ezagunekin gelditzen da berriketan
kalean. Zein tabernatara goazen esatera hurbiltzen natzaionean, bi mutiletako
bat nigana gerturatu eta bat-batean, barrabiletatik gogor heltzen dit, oldarkor.
Ezer ulertzen ez dudala, bakean uzteko esaten diot, bakean uzteko esaten dio
nire lagunak ere, eta behin barrabiletatik askatzen nauelarik, "isilik
egon hadi, gustatu egiten zaik eta, marikita hori!" edo antzeko zerbait
ahoskatzen du ez oso ozen, baina nik entzuteko moduan. Berriro ere
barrabiletatik heltzeko intentzioa ikusita, alde egiten dut presaka eta urduri
"ni bakean uzteko" behin eta berriz ozenki esanaz. Eurekin zegoen
laguna berehala dator nigana eta ospa egiten dugu, gertaera ahaztu ezinik.
Bi gertaerok
adibide eta abiapuntutzat hartuta, jai giroan edota ohiko eguneroko bizitzan
gure inguruan jasan behar izaten ditugun 'mikro-homofobia' ekintzak eta erasoak
salatu nahi nituzke. Aitortu behar dut niri gertaturikoa lagunei kontatzeko
orduan, behin baino gehiagotan nik ere zalantza egin dudala eraso hitza
erabili edo ez, eraso hitza bortitzegia bailitzan. Azkenean, ordea, nire burua
da nabarmen gelditu dena, eraso hitza ekintza eufemismoarekin estaltzeak
hori bera adierazten baitu, sarritan erasoak jasandakoan ere ez dugula nahi
izaten kontuari hainbesteko garrantzia ematerik.
'Mikro-homofobia'
terminoa 'mikro-matxismo' terminoaren aldaera gisa erabili asmo dut, hain
zuzen, emakumeek sarritan jasaten dituzten ekintza eta eraso matxista txiki baina
errepikatuak izendatzeko terminoaren baliokide gisa. Jakina baita emakumeek
maiz jasan behar izaten dituztela gertakizun, irain eta ekintza matxistak,
sarritan oharkabean bada ere, eta gainera, esan bezala, zenbaitentzako
gertaerok "ez dira hainbesterako izaten". Aipaturikoaren berri
izateko biziki gomendatzen ditut June Fernandez kazetariaren blogeko Feminazis eta Paranoicas postak eta Ander Izagirre kazetariaren blogeko Son unas histéricas posta. Bertan kontatzen diren jazarpen ekintzei,
aurtengo jai-giroan nire inguruko zenbait emakumek jasan dituzten ekintza
matxistak gehitu beharrean aurkitzen naiz: komunean neska batekin sartzera
tematzen den gizonarena adibidez, behin neskak uko egin eta komunean bakarrik
sartu ostean, neska txiza egiten ari dela azkenean komunean sartu eta krisketa
ixten saiatzen den gizonarena, hain zuzen; edo tabernetako jendetza
aprobetxatuz gizonek behar ez bezala ukitzen dituzten neskena; arrazoirik gabe
gizonen keinu itsusiak jasan behar dituzten neskena; etab.
Baina
natorren mikro-homofobia ekintzetara, gradu baxuko jazarpen homofoboak
izanagatik ere, bere garrantzia baduten gertaera erabat salagarriak direlako,
eta bestetik, egungo gizartearen egoeraren berri emateko ere balio dutelako.
Izan ere, bizi garen leku eta garaian anakronikoak dirudite eta, beraz,
onartezinak lirateke aipaturiko ekintzak, egiazki gertatuko ez balira. Baina
hori da kontua, normalizazioaren diskurtsoa hain zabalduta egonda ere,
horrelakoak eta antzekoak egunero gertatzen direla han eta hemen. Horrenbestez, gertaera gaitzesgarriak erabat onartuta daude zenbait
jendartetan eta ekintza horiek erakusten dutena da homofobia hori ez dela
desagertu, oso egungoa dela, eta uste gabeko leku eta espazioetan agertzen
dela, oraindik hor dagoelako. Are, pesimista jarrita, esango nuke halako
kontrairaultza bat gertatzen ari dela; nonbait, zenbait esparrutan lortu diren
eskubideak gehiegizkoak bailiran, eskubide horien aurkako ekintzak ugaltzen ari
baitira.
Amorruzko
gutun bat idatz nezakeen, edo mendekuzkoa, barrabiletatik heldu eta kozkorrak
ukitu zizkidan gizonezkoa betidanik ezagutzen dudan gure herriko euskaldun,
"aurrerakoi" eta "ezkertiarra" izanik, jai-giroan horrelako
ekintza gaitzesgarriak eta are okerragoak egiten maiz ibiltzen dela salatuz.
Baina, egiazki, eraginkorragoa deritzot mikro-matxismo eta mikro-homofobia
erasoen aurkako jarrera aktibo eta zuzena aldarrikatzeari, horrelako ekintzak
baitira gure gizarteko askatasun, aniztasun eta berdintasun aukerak mugatu,
zapaldu, zapuztu eta jazartzen dituztenak.
Izan ere,
neurri handi batean mikro-erasoak gizarteko makro-arazoen ondorio besterik ez
dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario