Gure sexualitateak aske, edonon, edonoiz,
edonola.
Aurtengoan ere, ekainak 28 gerturatzen dela ikusita Komite Arroxak Soraluzen hainbat ekimen antolatzea pentsatu du. Noski, pasa den
urteko egitarau zabala berdintzea oso zaila zen, eta hori bagenekien
hasieratik. Kolektibo oro pertsonaz osatzen da, eta iragan urtean geneuzkan
denbora eta aukerak ez dira aurtengoak. Hala ere, nahiz eta egitaraua askoz
xumeagoa izan, ez dugu nahi izan aukera eskapatzen utzi, aurtengoan eta gurean
ere sexu askatasuna aldarrikatu eta homofobia, lesbofobia, transfobia eta
bestelako fobia guztiek eragiten dutena salatzeko.
Aurtengoan azentua ikusgarritasunean, bisibilizazioan nahi genuen
jarri. Gurea bezalako herrietan maritxu, bollera eta trans pertsonok izan dugun
mugetako bat erreferentzia falta edo eskasia izan dira. Askotan gure sexu
aukeretaz edo genero identitateetaz hitz egiten entzun izan ditugu asko eta
asko, “alde” batzuk, “kontra” beste batzuk... Oro har, diskurtso ugari entzun
izan ditugu. Batzuen partetik kondenazioarena, bekatuarena, gaixotasunarena edo
zailtasunarena. Beste batzuen partetik tolerantziarena eta batzuetan, zorionez,
errespetuarena ere. Baina askotan hitzak airean geratu zaizkigu, gure hitz
propioak, gure esperientziak eta afektuak inon ez ditugulako islatuta ikusi.
Sexu eta genero identitatea eta gure aukerak errespetatuko dituen
jendartea eraikitzeko beharrezkoa dugu aldez aurretik ikustaraztea, ikusgarri,
ia-ia esan genezake ukigarri egitea. Erreferenteak biderkatu behar
ditugu, eta gainera erreferente horiek halabeharrez anitzak eta dinamikoak
beharko dute izan, gure esperientzia eta bizipenak ere halakoak direlako. Ez
ditugu gure irudi lauak eta estereotipatuak jaso nahi, azken finean ez
ditugulako gure sexu eta genero aukerak identitate hertsi bilakatu nahi.
Hari horretatik tiraka milaka ekimen eta eguneroko jarrera
proposatu daitezke. Guk momentuz hurrengo urtean zehar garatuko dugun bat
aurkeztuko dizuegu, iragan urteko egitarauan ere presentzia izan zuena.
Irailetik hasita, eta hilean behin, Zinema Arroxa izeneko ekimena jarri nahi dugu martxan. Hilabetean behin, Gay,
Lesbiana, Transexual edo Transgenero gaiekin zerikusia duten pelikulak eman
nahi ditugu, eta haien aitzakia aprobetxatu eztabaidatu, solastu eta elkar
topatzeko.
Azken urteotan gero eta gehiago dira gai hauen inguruan egiten ari
diren filma eta dokumentalak. Gero eta gay, lesbiana eta trans gehiago
animatzen dira zinemaren bitartez beraien errealitate, bizipen eta fikzio
anitzak plazaratzen. Eta gero eta gehiago dira ere, gay edo lesbiana izan gabe
haien istorioak kontatu nahi dituzten zuzendariak. Askotan, pelikula hauek
komunitate baten nahi eta desioak islatzen dituzte, bereziki pantailetan
existitzeko beharra, ikusgai izateko beharra, erreferentziak izateko beharra.
Era berean, topaleku txiki bat ere izan nahi du Zinema Arroxak, Soraluzen Gay, Lesbiana
eta Trans-entzako erreferentzi lekurik ez izatean, zaila egiten da askotan gure
artean topatzea. Gune txikiak lortu eta irabazi beharra dago oraindik ere, gune
seguru eta irekiak. Horretarako da ere ekimen hau.
Zinema Arroxa
ekainak 28an aurkeztuko dugu zineman. Baina hori baino lehenago, kontzentrazioa
burutuko dugu plaza barrixan, 7:30ak aldian. Ondoren Gaztetxian pikoteo apur
bat, tripak betetzeko. Zineman ekimenaren berri eman eta hasteko John Cameron
Mitchell-ek zuzendu zuen “Shortbus” filma eskainiko dugu.
Shortbus. [John Cameron Mitchell,
2006]
Jatorrizko
hizkuntza: ingelesa Azpitituluak: gazteleraz
Eguna: 2012ko
ekainak 28 Ordua: gaueko 10ak Lekua: Zinema, Soraluze.
Sinopsia: New Yorkeko hainbat biztanle, beraien maitasun eta sexu
kontuetan nahastuak dabiltzanak topo egiten dute klub edo txoko alternatibo
batean, hain zuzen ere artea, musika, sexua eta politika nahasteagatik hiri
osoan ezaguna dena.
Bertan
sentimendu eta fereken eztanda sortuko da, beti bezala, balio-anitzekoa.
Batzuetan alaia, besteetan tristea. Batzuentzat erraza, besteentzat zaila.
Denentzat intentsitate bizikoa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario