2012/05/17

EHGAMen komunikatua, Nazioarteko Homofibiaren aurkako Egunean


Maiatzak 17, homofobiaren aurkako eguna


1990eko maiatzaren 17an, Osasunerako Mundu-Erakundeak, homosexualitatea buru-gaixotasunen zerrendatik baztertu zueneko hamabigarren urtemuga dugu oraingoa. Ordutik hona, homofobiaren kontrako eguna izaten da maiatzaren 17a hainbat herrialdetan. Horren harira, EHGAMek (Euskal Herriko Gay Askapen Mugimendua) hainbat adierazpen plazaratu nahi ditu.

Osasunerako Mundu Erakundearen 1990eko erabakia, toki askotan sexu askapenerako mugimenduak emandako aurrerapausoen ondorioa besterik ez zela izan azpimarratu nahi dugu. Eskuratutako lorpen guztiak milaka kideren borrokaren uzta oparoa da.
Halere, norberaren sexualitatea, gorpuzkera edota nortasuna, modu ez-heteronormatibo batean bizitzeak, errepresio, jazarpen, tortura, kartzela eta heriotzaren sinonimo ziren eta izaten jarraitzen duten honetan, aipatutako erakundeak duintasunagatik eman beharreko pausua besterik ez zela izan adierazten dugu. Benetako urratsak, homofobiarik eta bestelako sexismorik gabeko jendarte eredu berria alegia, herritarron determinazioaren eskutik baino ez dira etorriko.

Izan ere, Osasunerako Mundu Erakundearen erabaki hori hankamotz gelditu zela ondoriozta dezakegu, ez zuelako sexu edota genero identitateen inguruko erabaki estrukturalik hartu, transexualitate, intersexualitate edo genital anbiguodun jaioberrien kasuan esaterako. 2012. urte honetan, homosexualitatea buru-gaixotasunen zerrendatik kendu zuten eguna gogora dakargun moduan, transexualitatearen despatologizazioa exijitzen jarraitzen dugu.

Elkartzen eta lanean hasi ginenetik 35 urte pasatu dira. Denbora horretan ikasi dugu homofobia ez dela parlamentuetan edota eliza katolikoan ezkutatzen den jarrera; jendarteak estrukturalki kutsatzen duen gaitza baizik. Horregatik, gure determinazioa ez da bakarrik lege batzuen inguruko aldarrikapenetan oinarritzen, jendarte eredu berri baten eraikuntzan baizik, nork bere sexualtasuna nahieran bizitzeko aukera izan dezan, jazarpena pairatu gabe, edo instituzio desberdinen jopuntu izan gabe. 35 urte geroago, pertsona banakoen askatasunaren aldeko gure hautuak berdina izaten jarraitzen du: gure nortasuna, sexualitatea eta gorpuzkera nahieran bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, inori baimenik eskatu gabe. Gure bizimoduaren garapena geure erabaki librea izatea nahi dugu, eta horren gainean instituzioen esku-hartzerik ez dugu onartzen.

Eraso homofoboek bere horretan jarraitzen dutela ikus dezakegu urterik urte, bai gure hiri eta herrietako kaleetan, baita komunikabideetan edota eliza katolikoa bezalako sekta fanatikoetan. Erasoak modu askotakoak izan daitezke, baina erasoak izaten jarraitzen dute. Gobernuak ez digu beste biktima batzuei ematen dien garrantzia emango; babes politikoa eta instituzionala ez da horren determinazio argiarekin burutuko… besteak beste, sistemaren beraren jazarpena delako pairatzen duguna. Horren adibidea dugu aste santu honetan apezpiku baten ahotik Espainiako telebista publikoan entzundakoa homosexualitatearen inguruan.

Dena dela, ez dugu inoiz gure burua inoren ez ezeren biktimatzat ikusi; gu ez garelako biktimak: egoera eta errealitatea iraul ditzaketen subjektu aktiboak baizik.

Euskal jendarteari eraso homofoboen kontrako jarrera aktiboa har dezan eskatzen diogu, sexismoaren sareak eta egiturak deuseztatzeko, eta gure ondorengoek sexu edota genero-hautuengatik arriskurik gabeko Euskal Herria eta Mundua opari izan ditzaten, gure aitzindariek guri utzitako askatasunak bezala.

Gogoan izan, homofobiagatik izandako jazarpenak, suizidioak, torturak eta hilketak. Estatua da, neurri handian, guzti horien erantzule. Isiltasuna konplizitatea delako.
EHGAM

No hay comentarios:

Publicar un comentario