2010/10/24

24102010-Transexualitatea ez dela eritasuna aldarrikatu dute ehunka lagunek

Transexualitatea ez dela eritasuna aldarrikatu dute ehunka lagunek

Gaixotasun zerrendetan oraindik ere agertzen da transexualitatea; hori salatu dute, eta adierazi transfoboak direla gaixo


Transfobiaren aurkako oihua kalera atera zuten atzo iluntzean ehunka lagunek Euskal Herriko hainbat herritan. Hainbat deialdi ziren eginak, baina aldarrikapen berak batu zituen guztiak: transexualitatea ez dela gaixotasuna. «Hori gezurtatu beharra dago oraindik ere», salatu du EHGAM Euskal Herriko Gay Askapen Mugimenduko kide Mikel Martinek. «Gaixotasuna transfobia da. Transexualitatea gaixotasuntzat jotzearen eraginez sortzen den gaixotasuna da hori». Egoera makurra dela iritzita, kalera atera ziren atzo, beste behin.

AEB Ameriketako Estatu Batuetako psikiatria elkartearen eskuliburuak jotzen du gaixotasuntzat transexualitatea. Baina hori da eredu gainerako herrialdeentzat: «Eritasuntzat jotzen duenez elkarte horrek, zailtasunak jartzen zaizkie transexual direnei».

Azken urteetan aurrerapenak izan direla onartu du Martinek, eta nabarmendu du hori transexualek eurek eta gay askapenerako elkarteek egindako lanagatik gertatu dela. «Denbora askoan ari gara errebindikazioan, eta oinarri sozial sendoagoa daukagu transfobiaren aurka egiteko». Horren erakusgarri, atzo egindako aldarrikapenak: Euskal Herrian ez ezik, mundu osoko 60 hiriburutan baino gehiagotan batu ziren transfobiaren aurka. Donostian, Bilbon eta Gasteizen egin zituzten aldarri jendetsuenak Euskal Herrian; EHGAMek, berriz, Ondarroa (Bizkaia) aukeratu zuen, eta, egitaraua osatzeko, jaia antolatu zuten gaua pasatzeko.

Heziketa, ezinbesteko

Zeregina badagoela nabarmendu dute transexualen elkarteek. Areago, aurrerapausotzat hartutako neurriak ere oraindik bete-betean aurrerapen ez direla uste dute. Kasurako, osasun publikoan. Hala dio Martinek: «Sexu aldaketak egiten hasi dira, baina oraindik talde osoak hezi behar dira, transexualei ez diezaieten begiratu piztia arraroak balira bezala». Oraindik ere horrelakoak badirela dio EHGAMeko kideak.

Osasungintzako langileena, azken batean, gizartearen beraren ispilua baita. Heziketan, eskas da oraindik ere transfobiaren aurkako lana. Martinek uste du hezkuntzan ez dela behar adina lantzen transexualen gaia, eta hedabideetan eta gizartean ere ez zaiola behar adinako tratua ematen.

Horren guztiaren ondorioa argia da, EHGAMeko kidearen irudiko: «Identitate transexuala irmo bizi dutenak kondenatu egiten dira bazterkerian bizitzera». Informazioa emanda konponduko litzatekeela uste du Martinek, eta agintariek horretan duten eginbeharra nabarmendu du.

Hala, ekimen zehatzak eskatu dizkiete agintariei: agiri ofizialetatik kentzeko pertsonaren sexua adierazten duten atalak. «Bi urteko tratamendu psikiatrikoa eskatzen dute esan ahal izateko: 'ni gizona naiz' edo 'ni andrea naiz'». Sexuari erreferentzia kenduta, gauzak erraztuko litzaizkieke

No hay comentarios:

Publicar un comentario