2010/06/12

“Homofobiaren aurpegiak” izeneko erakusketa egongo da ikusgai ekainaren 12tik 28ra Kofradia zaharrean

“Homofobiaren aurpegiak” izeneko erakusketa egongo da ikusgai ekainaren 12tik 28ra Kofradia zaharrean

Ondarroako Emakumeen Udal berdintasun Kontseiluak ekainean zehar askatasun sexuala aldarrikatuko du aurten ere. Ekainaren 28a Askatasun Sexualaren Nazioarteko Eguna izanik, lesbiana, gay eta transexualen eskubideak aldarrikatzeko eguna da. Oraingoan Lea-Artibaiko EHGAMekin batera erakusketa bat antolatuko du.

EHGAM (Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak) taldeak hogeita hamar urte baino gehiago daramatza heterosexismoa borrokatzen eta gay, lesbiana eta transexualen alde lanean. Denbora honetan gauza asko aldatu dira, dudarik gabe. Hala ere, homofobia, lesbofobia eta transfobia adierazpenak eta jarrerak oraindik ere ematen dira, eta horiek salatzeko eta arazo horretan sakontzeko, EHGAMeken batera erakusketa hau antolatu da, fobia hauei buruzko zenbait alde erakutsiz.

Ehun bat kasu aukeratu dira, garai eta inguru desberdinetakoak eta bere garaian hedabideetan oihartzun handiagoa edo txikiagoa izan zutenak. Dokumentatutako kasu hauek zenbait egoera, jarrera eta adierazpen homofobo, lesbofobo eta transfobo islatzen dituzte.

Ekainaren 12an, arratsaldeko 19:00etan, bisita gidatua, Kofradia Zaharrean

Erakusketa honetara hurbiltzen direnak ezingo dira axolagabe geratu, eta gutxienez kezka sortuko zaie gay, lesbiana eta transexualen aurka agertutako jarrera hauen aurrean.


Informazio gehiago nahi izanez gero http://lascarasdelahomofobia.blogspot.com/

No hay comentarios:

Publicar un comentario