2014/12/02

BERRIA:HIESAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA "Erlaxazioaz" ohartarazi dute, kasuak desagertzen ez direla ikusita


Nafarroan gora egin dute atzemandako kasu berriek. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, ordea, datuak erregistratzen hasi zirenetik kopuru txikiena neurtu zuten iaz.

GIBa diagnostikatzeko proba. Iñigo Uriz / Argazki Press

Garai bateko kopuruak atzean utzi baditu ere, asko dira oraindik GIBak urtero kutsatutakoak. Batez ere, Nafarroako datuek kezkatu dituzte aditu eta gaixotasunaren inguruan lan egiten duten elkarteak. Izan ere, gora egin dute kasu berriek Nafarroan. 2001ean 45 kasu atzeman ziren, eta hamar urtez kopuruak beherantz egin badu ere, 44 diagnostikatu ziren iaz. Hori dela eta, prebentzio lanetan "erlaxazioa" egon dela ohartarazi dute hiesaren inguruan lanean dabiltzan elkarteek, gaixotasunaren nazioarteko egunaren harira. Gainera, kanpainetarako laguntzetan egondako %40ko murrizketak salatu dituzte.
Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian 143 kasu berri diagnostikatu ziren iaz. Kopururik txikiena da, 1997an datuak erregistratzen hasi zirenetik. Osakidetzak dioenez, hies kasuek behera egin dute azken urteetan, baina GIBarenak, oro har, "egonkor" mantentzen dira urtetik urtera. Gainera, kutsatutako askok beren egoeraren berri ez dutela nabarmendu du Osakidetzak. Haren datuen arabera, 7.500 inguru dira EAEn birusa duten pertsonak; horietatik 2.000k, ordea, ez dakite kutsatuta daudenik. Horregatik, 2018ra bitarteko plan bat abiatu du Osakidetzak, helburu jakin batekin: %10 urritu nahi ditu sexu transmisio bidezko infekzioak.
Prebentzioa gizarteko sektore jakinetara eraman nahi dute erakunde eta taldeek. Gizon homosexualen arteko praktikak dira, gaur egun, kutsadura iturri nagusi, eta horietan nahi dute indarra jarri. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, kasu berrien %55,9an transmitu da infekzioa bide horretatik. Aintzakotzat hartu dituzte baldintza zailetan bizi diren hainbat gizarte kolektibo ere: hala nola prostituzioan ari diren pertsonak eta preso daudenak. Oro har, birusa atzemateko probaren garrantzia nabarmendu nahi dute. Izan ere, garaiz hautemandako kasuetan osasun tratamenduek bizi-kalitatea hobetzen dutela eta birusaren arriskuak murrizten dituztela nabarmendu dute adituek.
1981ean lehen aldiz atzeman zenetik, 36 milioi pertsona hil ditu GIBak munduan. Gaur egun, oraindik ere, osasun arazo larria da; izan ere, 35 milioi pertsonak dute birusa. Saharaz hegoaldeko Afrikan bereziki larria da egoera. Han pilatzen dira munduko kasu guztien %69; hogei heldutik batek du birusa.
1988an izan zen lehen aldiz Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Gaurkoan, era guztietako mobilizazio eta ekimenak izango dira. Gaixotasunaren inguruan ari diren elkarteek birusak gaur egun duen presentzia gogoraraziko dute. Izan ere, 80ko eta 90eko hamarkadetako kopuruak asko murriztu badira ere, urrun dago oraindik birusaren kutsadura desagerrarazteko eguna.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada