2014/11/18

BERRIA:HIESA. PREBENTZIOA Alertan segitzeko 143 motibo




Hainbat pertsona, hiesari buruzko informazioa zabaltzeko mahai batean, Bilbon egindako ekitaldi batean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Hiesaz ez da garai batean bezain usu hitz egiten. Baina badira motiboak. 2013an, esaterako, 143 pertsonari eman zien Osakidetzak albistea: «Kutsatuta zaude».Garai batetik nabarmen urritu da kasu berrien kopurua —gutxieneko historikoa da infekzio berrien erregistroa hasi zenetik, hots, 1997tik—, baina osasun publikoko arazo bat da oraindik ere GIB birusa. Ezagutzen diren kasuengatik eta ezjakintasunaren gerizan daudenengatik. Osakidetzaren arabera, kutsatutako 7.500 lagun daude egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 5.500 birusaren kontrako tratamenduak hartzen ari dira, eta beste askok —«herenek», Daniel Zulaika EAEko hiesaren kontrako planeko koordinatzailearen arabera— ez dakite kutsatuta daudenik. Horregatik, 2018ra bitarteko plan bat abiatu du Osakidetzak, helburu jakin batekin: %10 urritu nahi ditu sexu transmisio bidezko infekzioak.

GIBaz aparte plana ardazteko kezka iturri izan dira beste hainbat eritasun; bereziki, sifilisa eta gonokozia. Bilbon plana aurkezteko egindako ekitaldian, atzo, Zulaikak esplikatu zuen eritasun horietako asko erietxe pribatuetan artatzen direla eta ez direla Osakidetzara heltzen: baina gora doaz. Osasun zerbitzu publikoan, esaterako, 40 sifilis kasu tratatzen dituzte urtean; 140 gonokozia. «Azken urte hauetan ugaritzen ari dira, eta ez dago beherakadarik», ohartarazi zuen Zulaikak. Bi infekzio horiek, gainera, lotuta daude GIBarekin: behin horiekin kutsatuta egonda, handitu egiten da GIBaz kutsatzeko arriskua. Horregatik, oro har, GIBak eragindako infekzio berriak %10 urritzeaz gain, hona 2018rako jarritako gainerako helburuak. Ahal bada, %10etik gorako beherakadak lortzea da asmoa. GIBaren diagnostiko berantiarren tasa, esate baterako, %30 txikitu nahi dute, eta adierazitako sifilis eta gonokozia kasuak %30 murriztea da jarritako jomuga.

Lau ildo estrategikotan antolatu du Osakidetzak plana helburu horietara iristeko; sei helburu eta 40 jarduera gomendio lortzera bideratuta daude. Planaren helburuetako bat izango da gizarteko hainbat sektoretara iristea, ikusten baitute kalteberagoak direla GIBaren aurrean. Zerrendatu dituzte talde horien artean, esaterako, harreman homosexualak dituzten gizonak; kasu berrien %55,9 babesik gabe izandako gizonen arteko harreman homosexualen bidez kutsatzen dira. Eta, halaber, aintzakotzat hartu dituzte baldintza zailetan bizi diren hainbat gizarte kolektibo: hala nola prostituzioan ari diren pertsonak eta preso daudenak.

Aparteko ahaleginak

Jon Darpon Osasun sailburuak onartu zuen sexu transmisio bidezko kasu berri asko talde horietan izaten direla eta ez dela erraza izaten maiz horiengana taxuz iristea, ez prebentzio mezuak zabaltzeko, ez arta egokia emateko ere. Adierazi zuen ez duela hiesak garai bateko larritasunik, baina ataka aski zailean daudela oraindik ere haren kontra egiteko plangintzak landu eta ezartzeko orduan. «Infekzioa ez da guztiz desagertu, eta biztanle multzo batzuengana iristea gehiago kostatzen zaigu».

Daniel Zulaikak lehendik ere usu utzi du agerian gay kolektibora heldu eta prebentzio mezuak aparteko indarrez zabaltzeko asmoa; eta zailtasuna. Atzo, berriro: «Ez da erraza kolektibo horrengana iristea». Errazagoa izango delakoan, kolektiboaren alde lanean diharduten gobernuz kanpoko erakundeen bidez bideratzen dituzte kanpainak. «Funtsen %40 horientzat doaz». Eta saiatzen dira infekzioen gaineko arriskuaz abisu ematen usu bisitatzen dituzten aisialdi gune eta topalekuetan. Interneten ere aparteko ahalegina egiten dute: «Asko erabiltzen dute beren artean harremanetan jartzeko, bikotekide bila aritzeko, eta gu ere prebentzio estrategia berriak lantzera eraman gaitu horrek». Plan estrategikoan zerrendatu dituzten neurrien artean, besteak beste, era horretako ahaleginak indartzea proposatu dute, eta, era berean, GKEetan lanean ari den ekintzaileen trebakuntza hobetzea jendearengana hobeto iristeko. GIB kasuetan nola, sifilis kasuetan ere goi-goian daude harreman homosexualen bidez kutsatutakoak: %70 era horretan kutsatutakoak dira, hain justu.

Botiketako testak

Plan estrategikoan hizpide dute botiketan GIBaren testak egiteko abian dagoen programa sustatu eta indartzea ere. Daniel Zulaikaren arabera, zinetan egokia da jardunbidea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 botikatan dago egun test horiek egiteko aukera, eta jendeak jotzen du horietara. «Era horretako 17.000 test egin dira». Zulaikak emandako datua da. Eta balorazioa oso ona egin du: «Benetan tresna egokia da botika batera joan eta, era anonimoan, GIBa duzun jakin ahal izatea; inork positibo edo negatibo eman duzun jakin gabe». 15 minutu behar izaten dute erabiltzaileek GIBa duten jakiteko, eta aski izaten dute behatz batean ziztada bat egitearekin. Datu pertsonalik ez dute eman behar izaten egiten dutenek, eta prebentzioan ari direnen arabera, baliabide oso ona dira. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek ere badute test horiek erabiltzeko aukera, eta osasun zerbitzuaren asmoa da, oro har, baliabide horiek ezagutarazten jarraitu eta erabilera sustatzea.

Prebentzioaz gain, planean sustatu nahi dituzte kutsatuen bizi-baldintzak hobetzeko hainbat proposamen ere. Osasun zerbitzuetan eragin nahi dute: izan ere, zenbaitetan GIBaz gain osasun arazo gehiago izaten dituzte kutsatuek —asko hitz egin da azkenaldian, esaterako, C hepatitisaz—, eta horrek aparteko arazoak eragiten dizkie. Eta gizartean ere eragin nahi dute: haren beldur eta bidegabekeriei aurre egiteko, batez ere. «GIBarekin lotutako estigma eta bazterkeria ez dira iraganeko arazoa», onartu du Darpon sailburuak.

Ingurumari zaila dela onartuta, hainbat neurri ebatzi dituzte gobernuz kanpoko erakundeekin lantzeko, eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonak «ahalduntzeko». GIBdunen tratu berdintasuna lortzea da helburua, eta kutsatuei horretarako behar dituzten baliabideak ematea. Osakidetzako buruek nabarmendu dute Hiesaren Espainiako Diziplinarteko Elkarte Seisidaren urteko biltzarra Donostian izango dela aurten, maiatzean. Nahi dute aukera baliatzea GIBaren gaia berriro ere mahai gainean jartzeko. Lehenbiziko lerroan. Inoiz ez baita aski. «143 kasu berri iaz», oroitarazi zuen Darponek. «Jarraitu behar dugu alertan. Etengabe».

No hay comentarios:

Publicar un comentario