2014/02/26

BERRIA: Afrika, homosexualen zigor

Kontinenteko herrialderik gehienetan, delitu dira sexu bereko pertsonen arteko harremanak. Halakoengatiko kondenak gogortzeko asmotan dabil Uganda; oraintxe, bizi guztiko kartzela zigorra ezar dakieke homosexualei.

Homosexualen protesta bat Kenyan, Ugandako Gobernuak Nairobin daukan ordezkaritzaren egoitza aurrean. / DAI KUROKAWA / EFE

Marc Font Kampala

Homosexualen protesta bat Kenyan, Ugandako Gobernuak Nairobin daukan ordezkaritzaren egoitza aurrean. / DAI KUROKAWA / EFE
Kampalako kaleetan barrena larri dabil John Wambere. Aitortu du sarri jiratzen dela inor atzetik dabilkion egiaztatzeko. Denis Wamalak ez du sekula garraio publikorik erabiltzen hirian, eta, afaltzera edo zerbait hartzera joatekotan, lokal garestienetara joaten da, horietan segurtasun neurri handiagoak dituztelako batik bat. John eta Denis homosexualak dira, eta mehatxu, eseste eta jipoien biktima bihurtu ditu beren aktibismoak. LGTB Lesbiana, gay, transexual eta bisexualen komunitateak jasaten duen gizarte eta lege bereizkeria areagotu egingo da Ugandan, baldin eta homosexualitatearen kontrako legea onartzen badute, zeinetan jasoa baitago bizi guztiko kartzela zigorra hainbat kasutan.

Joan den astean, herrialdeko presidente Yoweri Museveni-k Erresistentzia Nazionalerako Mugimenduko kideei iragarri zien horren inguruko araudia sinatuko duela, abenduan parlamentuaren babesa lortu zuena bera. Egungo legea kolonialismoaren garaikoa da, eta, hor jasoa dagoenez, delitu dira sexu berekoen arteko harremanak. Araudi berriaren izapideak 2009an hasi ziren egiten, eta, hasieran, heriotza zigorra ezartzeko asmoa zuten «inguruabar astungarriak» dituzten homosexualei dagokienez, besteak beste «berrerorleei», baina, azkenean, kartzela zigorra bakarrik ezarri dute gehieneko zigor gisa. Lege proiektuaren arabera, debekatua dago homosexualitatea sustatzea, eta horrek, bi aktibista ugandarren ustez, legez kanpoko bihurtuko lituzke LGTB komunitatearen eskubideak aldezten dituzten erakundeak, eta delitu izango litzateke gay direnen berri ez salatzea agintariei.

Musevenik legeria zigortzea erabaki zuen; izan ere, zientzialari talde batek egindako txosten bat jaso zuen, eta, hor ondorioztaturikoaren arabera, homosexualitatea «ez da ez genetika kontu bat ez gaixotasun bat», baizik eta «jokabide anormal bat, hori besterik ez, bizitzako esperientziei esker ikasia». Horrez gainera, lan horretan jasoa dagoenez, «halako jardun bat arau eta lege bidez mugatu beharra dago, beste edozein giza jokabideren antzera, batik bat ahulenak babestearren».

Txosten hori «hiru astean bakarrik» egin zuten, «denbora nahikorik gabe, gutxieneko ikerketa zientifiko bat egiteko»; hala esan du Denis Wamalak, zeinaren ustez «gobernuak entzun nahi zuena» baino ez baitakar.

Gudu judiziala

Behin herrialdeko presidenteak —28 urte egin ditu kargu horretan— hala iragarririk, luze gabe hasiko dira legeria berria ezartzen, baina giza eskubideen aldeko hainbat erakundek eta LGTB taldeek ez dute amore eman nahi, eta gudu judizial bati ekiteko asmotan dabiltza hori eragoztearren. Ugandako Zuzenbide Gizarteak, Giza Eskubideen Aldeko Batzordeak eta Giza Eskubideen Ekinbiderako Fundazioak adierazi dutenez, konstituzioaren kontrakoa da lege proiektua, herrialdeko konstituzioko 29. artikulua urratzen baitu, zeinaren bidez berme sendo batzuk ezartzen baitira adierazpen, kontzientzia eta sinesmen askatasunei dagokienez.

Kanpoaldetik ere iritsia da lege multzo homofobo horren aurkako arbuioa. Besteak beste, Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen kritikak izan dira deigarrienak; logikoa ere bada, kontuan izanik AEBek ematen diotela diru laguntzarik handiena Ugandari —400 milioi dolar urtean— eta aliantza militar estua duela hamar urte baino lehenagotik Kampalarekin. Hauxe esan zuen Obamak joan den igandean, homosexualitatearen kontrako lege hori onartzearen inguruan: «Korapilatu egingo luke Ugandarekin dugun harreman preziatua». Hurrena, asteartean erantzun zion Etika eta Osotasuneko ministro Simon Lokodok: Afrikako Estatuaren subiranotasunaren alde egin zuen, eta xantaia egin izanaz akusatu Obama.

Homofobia legal orokortua

Uganda ez da salbuespen bat Afrikan. AI Amnesty Internationalek egin berri duen txosten baten arabera —Maitasuna krimen bihurtuz—, homosexualitatea delitu da kontinenteko 38 herrialdetan, eta, horietako batzuetan, hala nola Somalian eta Sudanen, heriotza zigorra ere ekar lezake. Urtarrilean, Nigeriako presidente Jonathan Goodluckek oniritzia eman zion Kartzelatu gayak deritzon legeari, zeinaren bidez hamalau urte arteko zigorrak ere ezartzen baitira, eta sexu berekoen arteko ezkontzak ez ezik homosexualen eskubideen eta berdintasunaren aldeko elkarteren bateko kidea izate debekatzen baita. Aste honetan bertan, hauxe adierazi zuen Yahya Jammeh Gambiako presidenteak —herrialde horretan ere, hamalau urtera arteko kartzela zigorra ezarria dute homosexual izateagatik—: «Gay izeneko parasito horien kontra borrokatuko gara, malaria eragiten duten eltxoen kontra egiten dugun bezalaxe».

Afrikan homofobia gero eta handiagoa izatea hainbat arrazoiri zor zaio, baina, horren inguruko analisi ia guztietan nabarmendu dutenez, erlijioak pisu handia izan du, batik bat kontinente osoan barrena barreiaturiko muturreko talde kontserbadore iparramerikarrei esker. Ugandan, John Wambereren iritziz, gobernuaren estrategia bat ere izan da, «alegia, arreta desbideratzeko, hark ezin okerrago kudeatu izaki ekonomia, osasun eta hezkuntza alorrak».

Bai John Wamberek bai Denis Wamalak aitortu dute gero eta bereizkeria handiagoa pairatzen ari direla aktibista izateagatik. Wamberek bidaia agentzia bat du Kampalako erdialdean, eta bezeroak galdu ditu bere burua aktibista homosexual gisa ikusgarri egiten hasi zenez geroztik; atxilotu ere egin dute bi alditan, beste norbaitzuek salatu zutelako homosexuala zela. Denis Wamalari, berriz, hainbat komunikabidetan agertzeagatik —aldezteko bakoitzaren sexu joera gorabehera pertsona guztiek dutela berdintasunerako eskubidea—, heriotza mehatxuak egin zizkioten txikitako hainbat lagunek, eta senitartekoek ere arbuiatu egin zuten hainbat urtetan.

Biek aitortu dute erasoko dieten beldur direla, baina, oraingoz, ez dute Ugandatik alde egiteko asmorik, jakitun luzera begirako borroka dutela, gehiengoa homofoboa den gizarte baten mentalitatea aldatzea baitute helburu. «Gu ere ugandarrak garela esan ahal izan nahi dugu, horixe baino ez; normalak garela eta ez dugula inolako arazorik. Besterik ez», esan du azkenean John Wamberek. Amets bat, oraintxe bertan, urrun begitantzen zaiena, ezinago urrun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada