2014/01/23

BERRIA: Sorraraz ditzala galderak

Bertso Eguna egingo da etzi Donostian. Generoa izango da gaia, eta horri buruz gogoetatzeko hainbat kezka landuko dituzte

Elkarteko Genero taldeak antolatu du, eta 37 pertsonak parte hartu dute prozesuan

Ixiar Eizagirre eta Nerea Elustondo Bertsozale Elkartekoak, Nerea Txapartegi Donostiako Udalekoa eta Laura Gomez Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaria, atzo. / JON URBE / ARP


Aurtengo Bertso Egunak ez dizkio ikus-entzuleari erantzunak emango. Haietako bakoitzaren barrenean galderak sorrarazi nahi ditu, aitzitik. Hori da Bertsozale Elkartearen helburua. 45. aldia etzi egingo da Donostian, eta generoa izango du gai. Horri buruz gogoeta egiteko, hainbat kezka eta gai landuko dituzte Kursaaleko jaialdian, baina antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute saioak umorea izango duela oinarrian. Bertsozale Elkarteko Genero taldeak prestatu du aurtengoa, eta horretarako, parte hartzearen metodologiari heldu diote. 37 emakumezkoren ekarpenak jaso dituzte, eta Nerea Elustondo taldeko kidearen esanetan, aberasgarria eta ederra izan da prozesua.

Leloa ere badu 2014ko Bertso Egunak, eta hori Azalera da. Ixiar Eizagirre Genero taldeko kideak zerrendatu zituen, atzo Donostian egindako aurkezpenean, lelo hori hautatzeko arrazoiak: «Batetik, saiatu garelako oso barruan daramatzagun gaiak, errealitateak bistaratzen. Bestetik, gorputzetik aritu nahi dugula, eta ez hainbeste intelektotik. Eta azkenik, espazio hartze bat ere izango delako».

Gai bat izan ohi du Bertso Egunak, eta elkarteko Sustapen Batzordea arduratzen da hori proposatzeaz. «Aurten guri komentatu ziguten ea nola ikusten genuen generoaren ikuspegitik antolatzea», azaldu zuen Elustondok. Duela sei urte ere ideia bera eduki zuen Sustapen Batzordeak, baina orduan ez zuten argi ikusi. «Ezin genuen behar bezala bisualizatu». 2009an sortu zen Genero taldea, eta aurten baiezkoa eman diote gonbitari. Bertsoaren bueltan dabiltzan 37 emakumezko elkartu ziren, eta 15-20 laguneko bilerak egiten hasi. Erantzuna «ikaragarria» izan da, haien ustez. «Ez da egunero gertatzen den zerbait, hainbat adinetako emakumezko elkartzea, iritziak trukatzeko aukera edukitzea, eta bertsogintzan zer egingo genukeen geure buruei galdetzeko moduan egotea», nabarmendu zuen Elustondok.

Eizagirreren iritziz, «elkar aurkitze bat» izan da. Gai bat plazaratzea eta horri buruzko iritziak ematea izan da bileretan landu duten metodologia. Bakoitzak berea azaltzea zen batzarren xedea; ez, ordea, eztabaidatzea. Elustondoren esanetan, partekatutako esperientzia pila bat dituztela konturatu dira. «Baina bakoitzak bere modura bizi ditu».

Eta bilera horietako ekarpenak plazara eramango dituzte etzi. Ikusten ez diren gauza batzuk azaleratu nahi dituzte, eta horien bidez gogoeta eragin. «Aniztasuna bistaratzearekin batera, inklusiboa izatea nahi dugu. Generoari buruz gogoetatzeko gaiak utz ditzala bai bertsolariengan eta baita publikoarengan ere», zehaztu zuen Eizagirrek. Iraia Eliasek zuzendu eta aurkeztuko du arratsaldeko jaialdia, eta haren ardura izango da kezka eta gai horiei forma ematea. Eizagirreren iritziz, Kursaaleko saioan uztartuko dira emakumezko sortzaile talde handi baten ekarpena eta Eliasek berak egingo duena.

Behin jaialdia amaituta, afaria egingo dute Groseko Manteo kiroldegian. Azken urteotan Kursaaleko jatetxean egin izan da, baina tokiz aldatzea erabaki dute. Batetik, kiroldegi batean izateak kutsu herrikoiagoa ematen diolako antolatzaileen ustez. Eta bestetik, modu horretara jendeak afaria etxetik eraman ahal izango duelako —bete dira hori egingo dutenentzako mahaiak—. 700 pertsonarentzako tokia dauka kiroldegiak, eta oraindik ere 200 bat sarrera zeuden eskuragarri atzo goizean. Kursaalean 1.800 lagun kabitzen dira, eta oraindik 300 bat sarrera daude salgai.

ETB1ek arratsaldeko saioa grabatuko du, eta ondoren eman, 21:30etik aurrera.


 
Egitaraua
BERTSO-POTEOA

12:00etan. Donostiako Parte Zaharreko kaleetan barrena egingo dute, eta Iratxe Ibarra, Amaia Agirre, Erika Lagoma, Miren Artetxe, Ane Labaka, Amaia Iturriotz, Maddi Sarasua, Ane Zuazubiskar, Izar Mendiguren eta Itxaso Paia bertsolariek kantatuko dute, Ondarroako eta Donostiako Andrabanda batukada taldeak lagunduta.

KURSAALEKO JAIALDIA

18:00etan. Iraia Elias aktoreak aurkeztu eta zuzenduko du saioa, eta hamahiru bertsolari arituko dira kantuan: Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Oihane Perea, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga. Gainera, Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreek, Judith Montero saxofonistak, Allarte oihal eta dantza taldeak eta Maddi Oihenart kantariak ere parte hartuko dute.

MANTEO KIROLDEGIAN

Afalostea. Esketxak eta bertso sorta musikatuak eskainiko dituzte Miren Artetxek, Estitxu Eizagirrek, Idoia Etxeberriak, Onintza Garciak, Malen Amenabarrek, Nerea Ibarzabalek, Hodei Unzuetak, Leire Amenabarrek, Aitor Bizkarrak, Joritz Bastarrikak, Arrate Gazteluk, Oihana Makazagak, Uxue Larrukertek, Aitor Servierrek, Asier Galarzak, Maialen Akizuk, Eli Pagolak, Kattalin Barcenak eta Lorratz laukoteak. Amaitzeko, erromeria Laket taldearekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada