2013/11/10

BERRIA: Eraso faxistak gaitzetsiko dituzte larunbatean Bilbon

Faxismoa, arrazakeria, xenofobia, homofobia eta antzeko jazarpenak salatzeko manifestaziora deitu dute 21 eragilek

1936an fusilatutakoen aldeko oroigarriari eginiko pintaketak, Urbasan. / BERRIA

Faxismoaren aurkako nazioarteko egunaren harira, manifestazioa egingo dute larunbatean Bilbon. Plaza Biribiletik abiatuko da martxa, 18:00etan, eta Alde Zaharreko Gurutze kalean amaituko da; Zamudioko atearen atarian. Aldarriaren ondorengo ekitaldiari Zazpi Katu gaztetxean antolatutako musika jaialdiak hartuko dio lekukoa: 20:00etatik aurrera, rap kantariak eta disko jartzaileak ariko dira oholtza gainean.

Alor anitzetako 21 eragilek babestu dute faxismoa, arrazakeria, xenofobia, homofobia, sexismoa eta tankerako jazarpen «bortitzak» salatzeko elkarretaratzea. Hala, mobilizazioetan parte hartzeko dei egin diete herritarrei, ezkerreko herri mugimenduak indartzeko «beharra» dagoelako: «Lehen pausoa litzateke. Jendearen ahotsa ozen entzutea garrantzitsua da, mugimendu ultraeskuindarrei aurre egiteko».

Antolatzaileen arabera, azkenaldian eskuin muturreko alderdi politiko eta talde faxistak areagotzen ari dira Euskal Herrian, eta uste dute gorakada horrek ideologia «baztertzaileak» gizartean hedatzea ekarri duela. Horren eraginez, gutxiengo sozialen eta disidentzia politikoaren kontrako erasoak ugaritu direla diote, eta 1934ko azaroaren 9an jazotako gertaerak gogora ekarri dituzte: «Hainbat ghettotan bortizki sartu, eta juduei, homosexualei eta etorkinei eraso egin zieten». 79 urte igaro badira ere, garai hartako zantzuak antzeman dituzte, eta urrats dezente errepikatzen ari direla ohartarazi dute. «Tamalez, egungo krisiak urte hartako egoerara garamatza. Europara ere zabaltzen ari da; Greziara eta Errusiara, kasu».

Egoera horren inguruan kezkatuta daudela aitortu dute eragileek, instituzioen utzikeria «erabatekoa» delako. Dena dela, borrokan jarraitzeko konpromiso «sendoa» berretsi dute: «Ideologien konfrontazioa ez da nahikoa. Mehatxatuta daudenen segurtasuna bermatu behar da, hilketa masiboak berriro gerta ez daitezen».


Deitzaileak

Sare Antifaxista
SOS Arrazakeria
Ikasle Ekintza
Ikasle Abertzaleak
Gazte Abertzaleak
Gazte Komunistak
EHGAM
Ernai
Elkartzen
Askapena
Komite Internazionalistak
Deustuko Gazte Lokala
Zirikatzen
Herri Norte Taldea
Piratak Athletic Taldea
Kereilaren Euskal Plataforma
Komantxe konpartsa
Bizigay
Antolaketan Salto!
Roller Derby de Bilbao
Urtxintxa Eskola

No hay comentarios:

Publicar un comentario