2013/11/06

BERRIA: Banakako arazoa ez, gizartearena


Miquel Misse soziologo eta trans ekintzailea Euskal Herrian izan da asteburuan. / LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Transfobiak lotura handia du biomedikuntzak transexualitateari buruz emandako azalpenekin, gaixotasuntzat jotzen duelako». Patologizazioak eragin handia du gizarteak transexualez duten pertzepzioan, baita transexualek euren gatazkaz eraikitzen duten kontzeptuan ere. «Azkenean, arazo bat daukagula barneratzen dugu», esan du Miquel Misse soziologo eta trans ekintzaileak (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1986). Euskal Herrian izan da asteburuan, Transexualidades: otras miradas posibles (Transexualitatea: beste begirada posible batzuk) liburua aurkezten. Bertan, transexualitateari buruzko diskurtso berritzailea taxutu du, biomedikuntzatik urrundu, eta bide politikoan murgiltzeko: «Transexualitatea ez da banakako arazoa, soziala baizik».

Misseren ustez, transexualitateak asko adierazten du sistema sexistaz. Gizartea antolatzeko moduan jarri du fokua: «Sexuaren araberako genero esleipenak nola funtzionatzen duen azaleratzen du: kutxatila bat dago gizonentzat eta beste bat andreentzat, eta transexualitateak, buru arazo bat dutenei buruz bainoago, kutxa horietan deseroso dauden pertsonez hitz egiten digu».

Orain arte, biomedikuntzaren diskurtsoa nagusitu da, deserosotasun hori azaltzerakoan. «Haientzat 'normalena' eta espero dena da emakume jaio dena emakume jardutea inolako gatazkarik gabe. Hori lortzen ez dutenek arazo biologiko bat dute, zerbaitek huts egin die». Missek bestelako irakurketa bat proposatu du, generoaren eraikuntzarekin lotuta: «Pertsonak jaiotzean sexu ezaugarrien arabera bereiztea erabaki dugu, eta horren arabera trebetasun, jokabide, keinu desberdinak sustatu dizkiegu gizonei eta emakumeei. Hori ikasia bada, espero daiteke pertsona batzuk horrekin ez identifikatzea, egokitu zaien rolera ez ohitzea».

Tentsioa, ohikoa

Soziologoak gaineratu du dirudiena baino ohikoagoa dela esleitutako generoa «tentsioz» bizitzea. «Ez da soilik transexualetara mugatzen: gizon asko ez dira maskulinoarekin identifikatzen, eta emakume asko ez dira femeninoarekin identifikatzen. Nik uste dut gehiengoa direla». Tentsio horri aurre egiteko modu desberdinak daude, ordea: «Batzuk eredu nagusira moldatzen saiatzen dira arazorik ez edukitzeko, beste batzuek transgresioan militatzen dute gizon femenino edo emakume maskulino gisa, eta beste batzuek ezin dute hori jasan, beste generoan bizitza funtzionalagoa, onargarriagoa eta gogokoagoa dutelako».

Baina non dago transgresioaren eta transexualitatearen arteko muga? Missek berak azaldu du garai batean emakume maskulino gisara bizi zela, eta une batean beste urrats bat gehiago egin beharra sentitu zuela. Urrats horretara zerk bultzatu zuen ez du argi, ordea: «Uste dut lotuta egon daitekeela frustrazioen eta gatazken aurrean erabiltzen ditugun estrategia pertsonalekin, eta inguruan ditugun erreferenteekin». Ildo horretan, lagun baten kasua izan du hizpide: «Oso emakume maskulinoa da, butch izaerarekin identifikatzen da. Ni emakume bat ez nintzela pentsatzen hasi nintzen garaian —inguruan nituen emakumeen antzik ez nuen—, bera antzera sentitzen zen, baina justu filosofia irakasle butch bat egokitu zitzaion, eta haren harira, erreferente pila bat ezagutu zituen. Nik ere irakasle hura eduki izan banu, bide bera egingo nukeen? Ez dakit».

Norbere nortasuna zalantzan dagoen prozesu horretan, biomedikuntzaren azalpenak daukan indarra nabarmendu du. «Babesleku bat da, gatazka horretan dagoen pertsona batek ez baitu sistema sexistari buruzko azalpenik entzun nahi». Horregatik, aitortu du transexual batzuk minduta sentitu izan direla bere diskurtsoarekin. «Erantzule sentiarazten ditu, generoa gizarte eraikuntza bat izanik, euren borondatearen araberakoa izango balitz bezala. Bada, ez: kalera ateratzen naizenean, maskulinoan tratatua izan nahi dut, diskriminatua ez izan, bizitza erraza eduki. Transexualitatea estigmatizatzen ez duen kultura batean jaio izan banintz, pentsatuko nukeen okerreko gorputzean jaio naizela?».

Medikuntzaren ikuspegiarekin ez ezik, diagnostikoa egiteko prozesuarekin ere kritiko mintzatu da. Batetik, «estereotipo sexistez josia» dagoelako: «Genero purutasun azterketa egiten dute: adibidez, trans emakumeei makillatzea eta minigona janztea eskatzen zaie. Onartezina da». Bestetik, transexualek «memoria berreraikitzea» eragiten duela antzeman du. «Badago kontakizun 'ofizial' bat, 'okerreko gorputzean' jaiotzeari lotuta. Esaterako, trans neskek esaten dute beti eseri izan direla pixa egiteko, nahiz eta ume asko esertzen diren. Neurri batean normala da: sexua aldatzea erabaki bortitza da, eta zure burua legitimatu behar duzu, besteen aurrean justifikatu; beraz, ideia horri zentzua emango dioten elementuak bilatzen dituzte, haurtzarotik».

Horrekin lotu du transexual batzuek beren gorputzez adierazten duten gorrotoa eta nazka. Haren ustez, ez da kasualitatea sentipenok sexu organoetara bideratzea. Gorputzaren eta generoaren arteko loturari egotzi dio neurri batean, «gure gizartean andre batek ezin duelako zakilik izan», baina medikuen jardunaren eragina ere nabarmendu du: «Badago nolabaiteko estimulu bat, transexualek bere genitalak gorrota ditzaten. Hasteko, diagnostikorako irizpideetako bat da: esaten badut, agerian geratuko da transexuala naizela. Eta esaten dudana erraz sinetsi dezaket».

Gorputza aldatzeko fasean ere hutsak ditu biomedikuntzaren ereduak, Misseren iritziz. «Lortu behar dugun gorputz idealaren ideia» sustatzen du, baina halakorik ez dago: «Transexualoi min handia egin digu ideia horrek: bizitza osoa gorputz horren atzetik ematen dugu, eta aitzakia horrekin, norberarena mutilatzen, hormonatzen, lotzen dugu, eta sexualitatea ukatzen diogu». Areago, nabarmendu du transexualak ez direla beren gorputzarekiko gatazkan bizi diren bakarrak, baina euren eskaerei zilegitasuna ematen diela patologizazioak. Gorputzen gaineko presioaren adierazle jo du AEBetan antzeman duten joera bat: «Gizonei bularra kentzeko ebakuntzarekin batera, liposukzioa eskaintzen diete, sabelaldeko gantza ere kentzeko, horko giharrak errazago azalera daitezen. Hori ez dago gizon izatearekin lotuta, itxura oneko egotearekin baizik».

Ebakuntzak zalantzan

Missek argitu du ez duela gorputza aldatzeko beharra epaitu nahi, baina arazoaren muinera jotzea aldarrikatu du: «Gorputzarekiko gorrotoa nondik datorren aztertzean erabili behar ditugu energiak. Kasu batzuetan tratamenduak eta ebakuntzak onuragarriak izango dira, baina indar guztia hor jartzen badugu, gorputzaren gaineko kontsumo merkatu bihurtuko da mundua».

Baina ba al dago biomedikuntzatik kanpoko biderik? «Gorputzarekin lotutako jabekuntzaz» mintzatu da soziologoa, tentsioei aurre egiten ikasteko. «Operatuz gero funtzionalagoa izango naiz, baina ez da konponbide erabatekoa. Transexualitatea ez da ebakuntzekin konpontzen; transfobia, aldiz, sistema eraldatuz konpontzen da. Nire arazoa ez da hala sentitzen naizela, baizik eta ez dudala lekurik nire kulturan».

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada