ERALDAKETA
ABIAN DA. POBREZIA 0, BADIRA BESTE BIDE BATZUK
Urriaren
17an ospatuko da pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna. Aurten ere hainbat kolektibo sozial elkartuko gara egun
hori salaketarako eta aldarrikapenerako jardunaldi izan dadin.
Salatzen
dugu:
-
Krisi global
honek agerian utzi du sistema kapitalista eta patriarkalak pobrezia eta
bazterkeriaren adierazpen berriak baino ez dituela sortzen gero eta sektore
zabalagoetan, bai gure gizartean (bereziki gazte, emakume eta etorkinen artean)
eta bai mundu osoan. Krisi honen jatorria sisteman bertan dago; sistema bat, biztanleriaren
zati txiki baten aberastasuna lehenesten duena gehiengoaren pobretzearen eta
planetaren hondamendiaren gainetik.
-
Produkzioa, espekulazioa, jabetza pribatuaren pilaketa,
mugarik gabeko hazkundea eta kontsumoa ez dira bateragarriak bidezko bizimodu
iraunkorrarekin. Ezin da pobrezia kontrolatu aberastasuna kontrolatzen ez bada,
batik bat kontuan hartuta baliabideak mugatuak direla. Berehala hasi behar dugu
aberastasunaren, pilaketaren eta
xahutzearen aurka borrokatzen.
-
Gobernuek
milaka milioi gastatu dituzte finantza erakundeak erreskatatzeko eta ez diete
ezer eskatu horren truke. Bien bitartean murrizketa
sozialen politikekin jarraitzen dute, urtetako borrokaren ostean lortutako
eskubideak urratuz, zerbitzu sozial publikoak pribatizatuz, errenta eta kapital
handienentzat onuragarriak diren politika fiskalak aplikatuz eta, beraz, zerga
bilketaren pisua klase langileen gainean ezarriz eta, besteak beste, konpondu
gabe utziz zerga iruzurraren arazoa. Hori ez da konponbidea.
-
Doikuntza
politika horien ondorioz hazi egin dira langabezia, prekarietatea, bazterkeria
eta emakumeenganako diskriminazioa; berriro itzuli dira politika autoritarioak,
pertsonen zirkulazio librea eragotzi da eta ahaztu egin dira herrialde
pobretuetako zein gure gizarteetako pobrezia desagerrarazteko konpromisoak. Datuak argiak dira: 2012an
milioi bat lagun gehiago, hots, %9,2 gehiago sartu ziren munduko aberatsenen
multzoan. Aldiz, Europan pobrezian eta bazterkeria sozialean erortzeko
arriskuan daude biztanleen %24,2, eta Euskadin, 2012an, 435.000 (%19a) lagun
bizi dira pobrezian.
Aldarrikatzen
dugu:
-
Joko-arau
asko goitik behera aldatuko dituen eredu berri bat. Eredu alternatibo bat, hazkunde, kontsumo eta lehiakortasunaren
mitoetatik ihes egiten lagunduko diguna. Gizarte eta ingurumen aldetik sostengarria
izango den sistema bat nahi dugu, zoriona eta ongizatea lortzeko balioko
diguna. Hitz batez, bizitza eredu berri batzuetarantz aurrera egin nahi dugu,
eredu berri horien bidez aberastasuna berdintasunez banatzeko, ingurumena
errespetatzeko, genero ekitatea sustatzeko eta bizitza duina lortzeko pertsona
guztientzat.
-
Pobrezia
eta desberdintasunak ez dira ez justifikagarriak ez ezinbestekoak: borondate politikoa behar da horiek
desagerrarazteko. Hiritar guztiek egin dezakete bat pobrezia eta
desberdintasuna ezabatzeko
aldarriarekin, dela salaketen bitartez, dela mobilizazioetan parte hartuz, edo
eguneroko bizitzako hautu eta jarreren bitartez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario